Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-10-X
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2021, poesia
 

Oia

 

Neke-sendalaria,

buru-argitzallea,

lanaren saria...

Amestegi guria,

naigabeen azkaia,

nagien nausia.

 

Bitez agur nereak,

afalonduon beintzat,

guztiak zuretzat.

Ta «aita-gure» bat ere

biyoa, zu asmatu

zinduanarentzat.

 

Baña... lasatu nadin

orain, «aita-gure»-ka

eraso baño lên,

yaun zintzo orren baimenaz,

mordoka datozkidan

neurtitzok esaten...

 

Afaldu det oparo.

Betazalok, otoika,

eskatzen zaudate.

Aurrean zu, zabalik,

elurra ainbat zuria,

begiok zakuste.

 

Sartu ditzadan lênen

estalkiok azpitik,

dagokion neurriz;

oñik irten eztaidan

gaberdian —oi baitu!—

lotsagabekeriz.

 

Apatx, orain!... Biyoaz

oñetakook gora,

abea jo arte:

nere pozaren berri

auzo goi ta bêkoak

ikasi bezate!

 

Txamarra kendu, bota

galtzok ere: ez atseden...

Orrenbeste neke!...

Zûrragoak izanak

dituk ene guraso

Adan eta Ebe!...

 

Noizbait! Gerturik nago.

«Aitaren» egin, eta

yo dezadan murkil.

Bat, bi, iru, lau... aguro!,

negu-gauaren otzak

ez nazan bertan il.

 

Orra barruan, yaunok,

maindire leun artean

bilduta, buru-oin.

Sarrerako otzikara,

bañan, samurtu arte,

arren, pixkat itxoin.

 

Oraintxe, ba, muturra

zerbait atera daiket,

berriketa-yarrai.

Zu goratzen, maitea,

logurak autsi arte

ez dut ixildu nai.

 

Ai, nolako zoroak

gauez kalerik kale

ibil oi diranak!

Arkiko âl dituzte

asun miñez beterik

iñoiz beren oiak!...

 

Atean aize latza

dabil, aserre... Noski:

oirik ezpaitauka!...

Leioan txingor otsa

da, neri loa, nonbait,

galerazi billa.

 

Lan gaitza, gaitzik bada.

Ateko giro txarra

lotarako onena;

seaska ustu genduan

aur samur-azitxuon

llo-llo biguñena.

 

Biar?... Gogapen txarrok

urrun! Egun banari

gau bat darraikio

egiñaz ats artzeko,

ez eginkizunarren,

orde, kezkatzeko.

 

Ta... irakurle maitea,

laburrerako oraintxe

berriketan nuzu...

Begiak itxi zaizkit,

burutzar au moteldu...

arnasa... ba... kan... du...

 

...Amets dagit, basoan

il nauela, parreaz,

maitagarri batek,

ta, gozorik, illeta

abesten didatela

berreun milla lorek...

 

...Amets dagit nautela

tximirritek eortzi

abaraska baten,

ta illobia, lasaki

ta ixilka, ari naizela

parra-parra yaten...

 

...Amets... Baña, zer dantzut?

Irakurle guztiok

zurrungaka lorik?

Nere neurtitzok orrein

lo erazle bizkorrak

uste ez nun ziranik!

 

Beraz, gabon, gazteok...

Baña... nere buru au,

yas!... nola burutu?...

Oi-asmatzallearen

onez agindutako

«Aita-gurea» âztu!

 

Gizagaxoa... noski,

on utsa bide zanez,

zeruan âl dago!

Nere «aita-gurien»

bearrik, beraz, ez du,

alegia, izango.

 

Gauzok ala dirala,

laga dezaket «aita-

gurea» biarko...

Atean euri otsa...

aize zotin luzeak...

Agur... Da... gi... dan lo... o... o!...

 

w 1919 

Musika: Antton Valverde