Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-06-1
Bernardo Atxaga
1951, Asteasu
 
 

Eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak ixurtzen hasi zenean etengabe,

Otis Redding badiako portuan eseri zen aireplano jausiei kantatzeko blues band;

Eta panpina amerikanoak lehertzen zitzaizkien Vietnamgo umeei eskuan boom bang

Gure amak sabela erre zuen napalmez gautako dirrinaren amenazua ezin burutuz

 

Sagarraren loreek su hartu zuten eta Miranderi odola hasi zitzaion sudurretatik

Baldosa zuriko komuna publikotan pornografia irakurtzen ari zenean love darling

Eta alkimistek txosten bat eman zuten argitara plusvaliaren alde azalduz erabat,

Errestaurantetik bi homosexual bota zituzten arrazoi komerzialak zirela medio

 

Eguzkiaren jaki bihurtuko ziren malkoak galdu zituen leopardoak desertu zibilean

Abebe Bikilak ahaztu egin zuen Marathoneko kondaira Non dago ETIOPIA galdetuz

Eta talde politikoek grebara deitu zuten abuztuko bakantzak ez alferrikaltzeko

Lope Agirrekoak bere amodio ezinezkoa deklaratu zion Urtsuko alabari Eldorado.

 

Ixiltasun tona pare bat etorri zen kostako trenean bagoietan izerditan blai,

Ajetibo kalifikatiboen armadarekin borroka egiteko abenidetan gogor horror

Eta detektibe sentimentalen nigarrak lehortea bota zuen birjinen bihotzetara

Dantzinetan Volkswagen horia zuten business manek dantza eskatu zietenean please

 

Farmaziako jabeak alaba gazteena ezkondu zuen diabetiko baten semearekin azkenez

Orainak identitate krisi batean bere burua bota zuen ospitale zentralean anfeta

Miña eta zazpigarren pisuko alarguntsa erotu egin zen pelutxea puskatu zitzaion

gau erorian Mimi mon petit joan zatzaizkit lurretik baina ez gogotik eras bueno

 

Bakardadearen milaka kopia inprimatu ziren neguaren atarian geundelako hegabera-Pum

Osaba batek postala izkribatu zidan Stop ene urtebetetzea zela eta Stop Zori-

onak bide batez nire aseguru-etxea kontseilatu nahi dizut Stop Inoiz ez da jakiten Noiz Stop;

Ene maitaleak telefonoa jo zidan kobre zaporeko maitasunaz gauaren erdian,

Eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak ixurtzen hasi zenean etengabe

 

Gero ernari gelditu zen ibaia zerutik atergabe burrunban eroritako espermaz

Alkandora arrosak loredunak zuriak gorribeltzak multikoloreak herrestan eramanez,

Eta aste berean Ni puta bat naiz oihuztatu zuen ezkontza despedidan Champagne

Olivetti batean bere lehen gutun erromantikoa osatu zuen sekretaria lotsati hark

 

Eta anaiak botila batean eskuizkribua bidali zidan Bartzelonatik Iraultzak

Ezin zituela ehun metro artezak hamar segundotan egin si la bolsa sona;

Eskaleek baezpare trapuzko etxeak jaso zituzten zubipean mitxeletak babesteko,

Katagorriek supermerkatuari eraso zioten Altxa besoak non da intxaur kaxafuertea

 

Negua heldu zen azkenez eta antzarek V bat egin zuten zeruan,

Dispensarioetan antitristezia pildorak banatu zituzten ugari

Ejitoko zazpi izurriteen edizio ugaldu eta korrejitua usmatuz;

Ume inuzent batez erditu zen borrero profesionalaren esposa ttikia,

Zoriona gramoka saltzeari ekin zioten trono aingeru eta kerubinak;

Bertute kardinalek igotze desnaturala eman zuten Erromako burtsan

Milaka liburu erregalatu zituzten bankuek Ora eta bereziki Labora lemapean;

 

Baina alferrikan zen guztia berandu dabiltza eta ez dute ezer lortuko honez gero,

Palazioak lurrera doazenean pitzatu egiten dira kartzeletako hormak,

Eta gu libro gabiltza kaleetan tiranteko galtza laranjaz jantzirik, libro,

Libro hiltzaile ttikien gisa libro, ma-o-meno ezta?, gutxigora behera libro,

Esaten den bezala osasuna bada bedaio, arraio, eta beste, aupa gaztiak etab.

 

w1978