Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-06-1
Bernardo Atxaga
1951, Asteasu
 
 

gaur, ilundu aurretik

sortzen hasi nintzen paraje ospel hartaraino

iritsi naun

eta hiri eskribitzen enplegatzen dinat denpora

zubiko petrilean bizkarra etzanaz;

ez dizkinat etxeko ateak ireki, ez dinat

humetate eta uztearen garaipena ikusi nahi,

nahiago dinat

osorik dirauten leihoetako kristalei eta

        haizeak sortalderantz

jarri dituen pertsiana eraberrituei begiratu

                                                  haizeak ere

goialdeko udare-sagarra errotik atera din,

eta armiarma sosegatu bat zirudin,

        udaberri hastapenetako lore xingleak zainduz

adar pitzatuen artean;

eta udaberri hastapenetakoa dun baitaere

atzeko basoaren babesean hain klaru kantatzen

duen xori ezezaguna

        eta nire azpitik

urek daramaten zalaparta,

ni, maite, ez nagon lehen bezain urduri

eta baderitzaidan munduaren logikatik at

nagoela hemen,

basakatuen moduan, ez nabilela alanbrean

        oreka ezin gordez;

        eta baderitzaidan nire aurrean galtzen diren

        kamino meharrak

ez doazela inora, esnez

eta marrubiz bustitako zelairantz ezpada;

  lan piska bat ere egin dinat

  makila batez erretena egin zionat lokatzez

  itsutua dagoen xirripari,

  laster, bost minutu barru

  ohizko lekuetarantz abiatuko naun, ixilik

  hautsiko dinat

  kolore moreargi honen kontzertua.

 

                                                      Theo

 

w1976