Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-06-1
Bernardo Atxaga
1951, Asteasu
 
 

(Katyren heriotzea Ainhoaren ahotik)

 

Nahi duzu esatea, bai, benetan nahi duzu esatea Katy zein zen, bai? , bada zuk ezagutzen duzu etxe haundi bat eta ate berdea, eta zapateria bat eta emakume lodi lodia, beti soineko beltzarekin eta horrela, eta ez al dakizu nola dagoen bide bat dena harriz betea eta nola beste bide ttikiago bat ere ba dagoen, eta gero ibaia eta arrainak eta txalupa asko, bai? ba al dakizu hori, bada hori baldin badakizu ikusiko zenuen Katy, oso kontent jartzen zen inor ikustean, edozein, bai, edozein ikusita jartzen zen kontent, oso tuntuna zen, eta segituan astintzen zuen isatsa ras ras, isatsa astintzen zuen ras ras, eta halako batean, gero ezta?, izugarri hazi zitzaion tripa eta gero ospitalera eraman zuten eta izebak esan zuen hori alferrik da, eta horregatik hil zen Katy , eta zuk igual, igual ikusi zenuen funerala, baina nik ez nuen ikusi, maistrak ez zela joan behar esan zuen, maistrak esaten du zakurrak ez direla klaseko ume ttiki hura bezala, ez al dakizu nola plaian itto zen, Bilboko edo Fran tziako edo ez dakit nongo plaian, baina itto egin zen mutiko hura, eta tripa puztu zitzaion Katyri bezala, eta horregatik hil zen Katy.

 

w1978