Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-06-1
Bernardo Atxaga
1951, Asteasu
 
 

Francis Picabiak munduko boxeo txapelketa

Bartzelonan jokatu zuenerako

Gauza guztiak esanak zeuden jadanik agian

Adibidez: Bidaia luzeetan bihotza zartatzen zaie

Kargako tren ilunei, edo

Makinista guztiek nigar egiten dute Akratik pasatzean;

 

Badakigu bederen, très normal, très normal,

ez dela posible lehen pertsonan mintzatzea;

Eta egunero irakurtzen dugu etxebarneko pozaren

Hainbat oinarriren izena: Zorionak

Yogurth fantastikoekin aurreratuko dugun diruagatik,

Zorionak zimurrik gabeko arropa horregatik,

Zorionak gure esku dauzkagun mila eltzeko misterios

horiengatik, zorionak, zorion beroenak;

Zorionak for me, zorionak for you, zorionak denontzat. 

Eta esan zuen Ezra zaharrak aspaldi, klitxeak beti klitxe,

Edo txikleak zapore guztietan, orange, citron,

Dragon hau baino hoberik ez zagon.

Edo hark esan zuen bezala, bera da politena, asko maite dut,

O-nou, O-nou erantzun zigun Malonek,

zerbait egin behar zela eta muturra sartuz

Baionako barraraino.

Eta nik ere berresan ditzaket zenbait hitz:

Etxetik irteterakoan bide berri edo sekretuen bila

ipurdia galtzen zuen gizonaren kasua,

oso gai ona filmeren baterako;

Edo hutsala fita doratuko zigarroaren fantasia

Nueva Yorken, eta toki guztietan Nueva York, O-nou,

O-nou, zer moduz, comantalevu, eta abar, eta abar.

 

w1978