Aurkibidea
Aurkibidea
1959
1956koa da Jakin aldizkaria. Yakin, orduan. Urte hartan bertan, Leturia-ren egunkari ezkutua ondu zuen Txillardegik. Leturia sua baino areago zabaldu zen euskara eta kultura gosez ziren Arantzazuko frantziskotarren artean. Askok irakurria, iruzkina egin zion Aita Villasantek, olerkia Gandiagak, eta eskutitza, Yakinen orrialdeetan bertan, aldizkariaren gorputz eta arima zen Iñaki Bastarrika gazteak. (Hain gorputz eta arima, Bastarrikak berak idazten omen zuen aldizkari gehiena, sasoi hartan Arantzazun fraidegai zen Imanol Urbietaren esanetan, bederen).
Eskutitzaren hasieran, agur beroa Iñaki Bastarrikak Txillardegiri:
«Euskaltzale bizkor:
«Ongi etorria euskal-alorretara! Ba-ditekek apika geu baiño ere aspalditxokoagoa izatea, baño bolaratxo ontan zabaldu duk emen ire berri. Gogoz irakurriak dizkagu ire idazlantxoak eta irentsia ire 'Leturia-ren Egunkari Ezkutua'. Bejondaikela! Zorionez, gazte asmotsu baten zantzu nabarmena igarri dikagu ire lerroetan barna, buru argi baten erraiñuak. Ba-zikan gure euskerak ire gisako gazte egikor baten premi! (...) Entzuna nikan aspalditxotiik idazle gazte batek 'esistentzialista kutsuzko' eleberri bat argitara emanik zedukala. Irakurmin nengokan. Artu ta irakurri nikan. Iritzia eskatu zidatekan amaitu orduko. Zer eritzi jakin ez-ta geratu nindukan. Beste oei alako goraipamenak entzunda oker nengokelakoan geratu nindukan. Dana dala egiari zor gatzaizkiok eta itz-bitan adieraziko dikat nere irizpidea. Egia esan, naste-borraste bat-edo ote zitzaidakekan. Aria ondo eramana. Baiño arrunta xamarra... nere gardiz. Astuntxoegi ere ez ote duk? Maiz orrialdeak saillean pasatzeko gogoak ere ematen zidakekan. Irakurtzale porrokatu nauk izatez, batez ere elerti-filosofi gaietan. Ez dikat, bada, uste oitura-ezatik ditekeanik...
«Gaiñera, nere ustez beintzat, gai oek ekarrizkoak baiño areago izan bear ditek etorrizkoak. Ekarria ez duk erreza, ongi ekartzen beintzat; etortasuna duk zailenik eta bearrenik, eta onetxen palta zekuskat nik ire idazti ontan. Etortasun-eza onek, indarka edo asma-egiñaletan bezela egiña zegokala zirudik. (...) Onetzaz gaiñera, maitasuna, ezkontza, libertadea, aukerapena, eta bitan-edo azaltzen dukan Jainko orren irudi margul ori... Moral aldetik bakarrik ez, 'Etika natural' aldetik ere etzekiat nola epaitu leizken... Dostoievski baten eleberrietan ireak baiño intziri etsituagoak arkitzen dituk orrialde bakoitzean, baiño egoki ta bere puntuan otutzen zaiok edonori. Naiz-ta bapatean Jainko ta gizaki guzien aurka biurtu, beti egoki. Etortasun, egitasun onen palta edo egokitasuna somatzen dikat ire ortan...
«Nortasuna egin baten pentsaera umotua baiño, esistenzialista joerako nobelari asko irakurritako baten saioak iruditu zaizkidak ire bururapenak. Ez dikat onekin liburu au ire seme ez denik idaroki nai, filoso-elergille oen kutsapena igan nabarmen somatzen dala baizki, 'eragilleena' baitipat.
«Enikek onekin ire asmo ta almenik deuseztu nai. Elbarritu baiño bizkortu. Nor arrituren duk ba, asi-berri batek bere aurreneko jardupena erdipurditan sortzea? Ekiok irmo bide oetatik. Bazegok gure errian bertan ikutugabeko naiko eleberri-gai ederrik asko. Nork bilduko ta eleberrituko zizkiguk? Murgil adi gure erriaren barne-arazoetan. Ez dituk nolanaikoak. Buru-argitasuna, biotz-unkitasuna, maitasun-garra, kultur-iakintza sakona, zer geiago erri baten problematika ulertzeko? Gure euskera err-errian sartuko baduk ere, bearrezko zaiguk bide oek ere urratzea noizpait... Onetzaz besterik ez oraingoz.
«Beste arlotxo bat ere ba-nikan irekin jardutekoa.
«Barkatu zak nere ausardia. Enatorkik erasotzeko asmoz, adiskide antzean neure iritzia azaltzekotan baiño».
Txillardegik euskararen gainean dituen usteez ariko da ondoren Bastarrika. Horixe du «beste arlotxo» hori. Gutun irekia bidalitakoa da Txillardegi frantziskotarren Arantzazuko euskarazko batzarrera, bai eta Aita Villasanteri ere. Horiek irakurria da Bastarrika. «Ire 'Taupadak' ere bai. Mirestekoa duk benetan ire asmotasun sutsu ori. Aolkutxo bat idarokitzea zillegi al zaidak? Egia esan, alperrikako zerizkidak eta ez ain ongarri euretzat ere, gure aurrekoek geiegi arroturik duten euskera-joera kontu oietan naastea. Etenkigarririk baiño kalte geiago sortzen ditek gai oek; onetxek ere urruntzen dizkik gure aurrekoak elkarrengandik.». Euskarak hartu behar duen bidea, egin behar duen moldea da auzi. Klasikoen hautua egin, ala Orixe, Zaitegi, Andima... garaiko idazle izen handikoen uberari segi?
«Jendea leporaño dagola uste dikat amaigabeko berriketa oekin. Antziñako zaarrak aztertu bear dizkagula? Ondo zegok. Baiño gizaldi onen asieratik euskera bide okerretik abiarazi dutela? Utikan! Joan gizaldikoak, eta Axular bera ere ikusi nai nikek egungo gaietan barna! Itzalez ta begirunez ta mirespenez begira bear dizkagu gizaldi ontako idazle-sailla, eta oek batez ere. Oek, garako idazleak, urratu zizkigutek iakintza ta gizapide-landa guziak, ta onen bearra zikan baitipat gure euskerakk. Lan gogor eta astunena oen bizkar zamatu duk doi-doi
«Euskera-arazoa joera batek edo bestek askatuko duelakoan al ago apika? Arkitu al duk joera ori? Arraio pola!, barreia zak lau aizetara! Etziguk, nere ustez, korapillotxo au joera batek edo bestek askatuko, asko ta ugari idazteak baiño (...) ain gaizki bagoaz, argitara zabaldu zak beste joera-edo bear luken bide 'ezkutu' ori».
Agurrean, «ondo esanak onartu, ta oker daudenak barkatu. Erantzun nai izan ezkero zabalik dauzkak Yakin onen ateak» diotsa, Bastarrika'tar Iñakik Txillardegiri. Hurrengo alean erantzungo dio honek, «Iñaki Bastarrika'ko jaunari» idatziz. Lehenak egin bezala, bitan banatuko du eskutitza bigarrenak ere. Hasteko, nobelaren gainean jardungo du Txillardegik, eta euskarari buruz, berriz, gero.
«Nere liburu au etzaizu deus ere gustatu. Ezta arritzekoa: bi muturretan bide-gaude pentsaeraz. Eta au, berez, ezta kaltegarri. Naiago dut zure kontra gogorra, egitia baldin bada, xurikeria faltsoak baiño. Egiaz eman bide-didazu zuk zure iritzia, batere losentxarik gabe; eta onelako maixeoak oso egoki izaten dira. (...) Baña, zer nai duzu? Zure aburu gogorrak irakurrita gero, argitu egin naiko nituzke puntu batzuk.
«Arrazoi duzu, segur aski, gauza batzuetan. Nere liburua leenengoa dudan ezkero eskaxa dala esatean, konparazio batera: ni neu ere ortantxe nengoke agian. (...) Nere fruitua gordiña dela sinisteko gertu naukazu.
«Guziarekin ere, liburuaren egillea naizen ezkero, ezin dezaket ontzat eman zuk esan duzun guzia. (...)
«Esistentzialisten zerbait irakurria dudala ez dizut ukatuko. Lotsagarria al da bada? Bañan onek ez du ezer adierazten. Gaur Sartre, Unamuno edo Heidegger beñere ezagutu ez dituzten gazteak ere, gertuago daude alaz ere berengandik edozeñengandik baiño. Mendearen guraso dira esistentzialistak, bai; baña seme ere ez gutxiago. (...)
«Ortaz, eta ziñez esan dezaket au, nik ez diot iñori zorrik. 'Eragilleen' kutsu ori, ezta besteen kutsua, ezta kopiarik, besteakiko topo eta egokiera utsa baizik. Gaurko geran guziok bazter eta paisaje berberak ikusten ditugu-ta. Erdipurdi edo zearo gaizki atera zaidala saioa? Besterik da au. Eta egia baldin bada ere, ezta arritzekoa. Baña sinistuta egon: kopiatu bear izan banu, EZ NUKEAN LUMA ARTUKO. Kopiatzalle geiegi izan ditugu euskal literaturan, gaur ni ere alakoai jarrai natzaien».
Eskutitzera itzuliko da orduan Txillardegi. Bastarrikak jarri dion bigarren auziari helduko dio: gure herriko eleberriek behar dituzten gaiei buruz ariko da eztabaidan. «Zer da Euskalerria zure ustez? Badakit. Diferente dena: izkuntza dena, lamiñen ipuiak, basojauna, baserria, korrika apostuak, aitonen semeen istorioak, eta abar (...) Zuk opa duzun literatura ori ez litzake euskaldun presunena izango, Euskalerriko tipismoarena baizik. Etzera bakarra iritzi ontan. Baña zuri kasorik egingo bagenizu, etxetiar literatura egingo genuke, etxekoentzako literatura utsa, ots, literatura motxa. Edo, obeto esan, sasi-literatura».
Azkenik, beste atal bat osatuko du Txillardegik Bastarrikari egindako erantzunean. «Gañerako nere idaz-lanez» izenez, egurra betean jardungo du Bastarrikaren eta honek defendatzen duen euskara bidearen kontra. Yakinek, izan ere, Orixe goraipatuz zabaldu du alea, Bastarrikaren eskutik, dudarik gabe. Hortaz, sugearen mizto luze estua erabiliko du Txillardegik eskutitzaren azken parte luzean.
«Zeatz segitu dituzu nere urratsak, eta au pozgarri zait. Baño, berriz ere, ez nator zurekin iñola.
«Ikusten danez, nere artikuluetako mamiaz kanpora, nazkagarri zaizkizu oso euskararen arloari buruzko nere iritziak oro. Ondikotz! Auzi auek 'anpatu' bear ez ditudala diozu, ' filolojian' sartu bear ez dudala (noiz sartu ote naiz?) eta abar. Gaiñera ni, 'idazletxo tentel bat' naizen ezkero 'gizon erdi-landu bat' naizen ezkero, obe nukeen etxean sartu. Bapo! (...)
«Arras kaltegarri deritzazu euskerari buruzko nere joerari; eta bikaiña berriz, zureari. Zure ustez, konparazio batera, zoragarriak dira 1900 ezkerozko 'garako' idazleak, eta berai zarraizkiete dudarik gabe.
«Eta onelakoak entzuteko nazkaturik nagoen ezkero, enaiz gaur ontatik pasako.
«Zuk eta zu bezelako guziak euskera il nai duzute, zuen laguntzarik gabe ere arriskuan ez ba lego bezela; eta asmo gaiztoz eta apropos ari zeratela pentsa liteke, euskera akabatzekotan, noski!... Ez jakin utsak bakarrik eutsi ditzake zuen txorakeriak».
Eta, ondoren, irakasleak ikaslearen koadernoa gorritzen zuen garaian bezala, Bastarrikaren eskutitza zuzentzen jardungo du Txillardegik bi orrialde luzetan.
«Zuk ez dakizu oraindik, gezurra badirudi ere, izkuntza bat ez dela jeometria. Gañera, egia esan, ez dakizu jeometria egiten. Zure 'dirakurt' ori ezta EZER, ezpaita beiñere BIZI IZAN euskeran. Gañera, teoriaz, 'darakurt' izan bearko luke. 'Derama' berriz darama da; eta 'deragio', jeometria egiten asi ezkero, daragio». Era horretara zuzenduko dizkio, banaka-banaka, izenaren eta aditzaren morfologiak.
«Sufijoak erabat gaizki erabiltzen dituzu: 'pentsalari', 'abeslari'. Noiztanik erabiltzen da 'lari' berboakin? (ikus zazu faborez Azkue'ren 'Morfología'). (...) Eta 'gazte asmotsu' esatean Txirrita'k entzun ba lizu, gazte gaisto eta biurri bat naizela ni pentsako zuen... Eta orrela jarraituko nuke.
«Baña naikoa delakoan moztuko dut. Orra 'garako'en arnaria! Itzetik ortzera ondartzen ari zera euskeraren giarra. Zuk, Bastarrika, euskeraren eriotza nai duzu oarkabean, eta bere galeraren bidean barrena zoaz.
«Zein da zarrari eta euskeraren biziari kasorik egin nai ez diena? Ni aal naiz, ala zuek 'garako' idazleok? Noiz ikusi dira emen olako gauzak 1900 baño leenago? Noiz arbuiatzen dituzuten oietan? Beren utsak ez dira ezer zuek ezagututa gero... (...)
«Ni beintzat, Bastarrika ori, esnai nago oraindik; eta OSO GUTXI dakidala dakit. Eta edozein baserritarrekin itzegiten dudan guzietan, asko ikasten dut; eta Axular, Mendiburu, edo Joanes Etxeberri irakurtzen berdin. Zuk, berriz, eta zu bezelako andigurakoak, eskemak eskuan eta erdal-etorria buru-muñean, ez bide daukazute ezer ikasterik; eta onetxek ondatzen zaituzte. Eta orrela erditzen dituzute gero geiegi ezagutzen ditugun zuen mamutzar otz eta iguingarri oiek.
«Gaur gaurkoz beraz, bi joera dira: euskera egiazkoarena bat, eta 'garako' idazle batzuen asmazio egoskaitzetakoa bestea. Eta bi gauza gerta ditezke: edo euskera il auek, edo alderantziz. Zuk, ortaz, euskera egiazkoaren garaipena opa ba duzu, zeure mordollo orren akabera eskatu bearrean zera. Nik nerekiko auxe eskatzen dut, jakiña...(...)
«Orixe'ren etorria eta jakinduria, esate baterako, artuko nituzke nik. Ez uste izan, gañera, Orixe eta zu bide beretik ari zeratenik. Ezta pentsatu ere. Jakiñaren gañean aldrebestu du Orixe'k; zuk, ordea, ez dakizulako. (...)
«Edan egin bear da euskera goxoa Euskal Erritik. Eta ez ahantz au: Axular, Mendiburu, Lartzabal, Xenpelar, eta gaurko baserritarrak lerro berean daude: euskera biziaren lerroan ain zuzen. Zuek, berriz, sasi-euskerarenean. Zerok baztertu zerate bidetik; ez gu. Zuen euskera ezpaita zuen barrunbean nekez egositako ondakiña besterik. Eta nik beintzat, emendik aurrera bigunkeria eta sasi-diplomazia guziai utzirik naspil iguingarri orri EZ DIOT EUSKERA DEITUKO.
«Zuek lurjotzen ba dezute, euskara salbatu dela esan dezakegu; zuek garaituko ba zenute, berriz, egingo luke euskerarenak...
«Tamala da, gañerantzean, nabari dauden egia garden auek bein eta berriz esan bear izatea. Bañan azkenean bide zuzenetik abia gaitezen esperantza aundia badut. Eta onengatik idatzi dizut.
«Gogor artu zaitut, badakit. Eta pena ematen dit euskaltzaleon artean onela ibilli bearrak. Bañan onelaxe egingo ez banu, eta egin dudan bezin zakar gañera, neure buruari egingo nioke saldukeria. Eta euskerari azkenik.
«Yakinen nere au ikusi arte, agur. Eta zentza gaitezen, arren, Bastarrika ori».
1958ko otsailaren 26koa du eskutitz hori Txillardegik, Yakinen urte hartan bertan argitaratua, 6. alean, 85-93 orrialdeetan. Bada, hurrengo orrialdeetan dugu Bastarrikaren erantzuna. Bere buruaren defentsa. Lehenengo eskutitzean ez bezala ariko da oraingoan. Txillardegiren egindako zuzenketa mordoaren ondorioz, fraideak ez du hitanorik joko. «Zuka jardun bearko natzaizu, noski, ikakoa legez erabiltzen ez dakitan ezkero». Aditz trinkorik ere ez. Txillardegik salatutako mordoilokeriatik aparte, hizkuntza zelaia erabiliko du Bastarrikak bere erantzunean. Eskutitzak ez du gatz ez berakatzik, gozagarri nahiko luke eta, finean, bakarra du tesia: «Auxen dut zure kartari ezarri nai nioken irizpiderik oiñarrizkoena: ez diozula, nere ustez, nere kartari erantzun; ots, nik esandakoetaz kanpo jardun zakizkidala». Horrixe helduko dio Bastarrikak. Eta behin eta berriz azpimarratuko du hori atalez atal egiten dion erantzunean. Bastarrikak Txillardegik bezain ongi daki bien eskutitzek umotzen ari den eztabaida klabea dakartela plazara. «'Zerorren izkribuak salatuko zaituzte'. Eta bereala akats-mordo bikaiña azaltzen didazu. Eta azkenik, 'Orra garakoen arnaria!' diozu. Ez, adiskide, ez. Orra Bastarrika orren akats-pilla ederra, bear zenuke esan. Nereak dituzu akats oiek guziak denak utsune badira, eta ez 'garakoenak'. Enoakizu akats-kontu ontan sartzera, ba-dira ni baiño iakitunagoak ontan eta. Baiño ikusi nork abiarazi zaitun, nik apika?».
Bastarrika, izan ere, parean gertatu da. Badaki, igarri dio Txillardegiri: «Neri baiño ere besten norbaiti erantzuten ez ote diozun nago».
Bastarrikak Orixe gurtzen du, bai, baina ez du, inondik ere, protagonismorik euskarak hartu behar duen bideari buruzko eztabaidan: Orixerena, ala Txillardegirena?
Txillardegiren erantzuneko zenbait punturi erantzunagatik ere, bake egitera dator Bastarrika.
«Oetako puntu askotan, bestela, irizkide nazu erabat. Beste puntu askotan ziur nago itzegiñaz bat gentozkela luzaro gabe.
«Asieran nizuna dizut berriro. Ederki jardun zera, baiña nik esandakoetaz kanpo. Zure etorriari eskubide zabalegia eman diozula derizkiot. Nere karta oiñarriz baiño aitzakiz artu duzunik enuke nai pentsa. Dana dala, barkatu, arren, nere zakarkeria, eta zugan ikusten dan euskaltzaletasun sutsu ori ez bekigu gertatu oztopo-arri eta are gutxiago gorroto-bide.
«Ar zazu asmoetan kide duzun onen besarkadarik estuen eta biozkorrena».
Bastarrika'ko Iñakik Yakin aldizkarian egingo dituen azken letrak dira. Aldizkariaren arima eta sortzailea Iñaki Bereziartua, Imanol Urbieta eta Fernando Mendizabalekin batera isildu egingo da betiko, 1958ko udaberrian.
Udazkenean, aldizkariaren nora zuzenduko duen ikasle gaztea helduko da Arantzazura teologia ikastera. Erriberritik dator, han filosofia ikasita. Irailean, bilera egingo du aldizkariak. Euskara eredua da auzi: garbia vs. mordoiloa.
1959ko udaberriko alean garbi ageriko da ondorioa. Zuzendaritza berria du aldizkariak. Joseba Intxausti eta Kepa Enbeita dira buru. Orixe, Zaitegi eta Andimaren bidea baztertu eta Txillardegiren eskutik joko dute.
1959ko Pazkoaldiko zenbakian, aldizkariak agur esango die aitzindariei: «AGUR! Bastarrika'tar Iñaki, Mendizabal'dar Pernando eta Bereziartua'tar Iñaki».
Zenbaki berean, Joseba Intxaustiren artikulua: «Illobira bultzaka». Yakinen sortzezko bideari uko egin eta norabide berria hartuko du aldizkariak 1959az gero.
Norabide berria, euskarak.