Aurkibidea
Aurkibidea
35
«Miss Boise izan aurretik Mary Delphina Urresti nintzen ni. Gaur egun, Urresti gabe, Arnold naiz, gizonaren izena hartzen dugu-eta hemen Ameriketan. Boisen jaio eta Letamendi's Boarding House-n bizi ginen, gurasoen ostatuan: aita Jazinto Urresti nuen; ama Victoria Anastasia Letamendi. Horien hiru seme-alabok, berriz, Diana, Richard eta ni neu. Amama Leandra Ondarza, osaba-izebak eta lehengusu-lehengusinak, bertan bizi ginen denok. Eta ostatuan bertan, baina goiko solairuan, Euskal Herritik etortzen ziren euskaldunak, emigranteak.
«Amama izan zen beti geure etxeko burua. Amama Leandra. Berak zuzendu zuen gure izateko modua. Hark erakutsi zigun nola jokatu, nola tratatu batak bestea... Eta guk zuzen kasu egiten genion. Hark jateko ordua zela agintzen zuenean, jarri eta jan egiten genuen guk. Berak esandakoak betetzen genituen. Lanean ere gogotik saiatzen ginen haren ondoan. Ezin sinetsi da egiten genuen lan ikaragarria. Etxea ostatua genuenez, hainbat laguni ematen genion jaten. Hogeita bost artzain izango ziren batean, baina ehun ere bai Eguberri jaietan. Eta haiei jaten eman eta airean jasotzen genituen mahai denak: ontziak jaso, garbitu... Amamak garbi-garbi behar zuen dena. Eta dena bukatu eta igual sartuko zen oraindik beste euskaldunen bat... eta amamaren galdera hari: 'Eztozu jan ondiño?'. Eta deskuiduan hark 'ez' esaten bazuen, lehena berriz ere!, atzera beharrean hasten ginen gu. Mahaia prantatu eta jaten emango genion desorduan etorritako hari ere. Holakoxea zen gure amama, eta holakoak izaten erakutsi zigun: besteri ematen eta laguntzen. Eskuzabala zen. Askorik ez zuen edukiko, bat ere ez igual, baina zeukan apurra zurea zen.
«Eta ez zen gure amamaren kasua bakarrik. Halaxe zen euskaldunen gainerako etxeetan ere. Al Erkiagaren amarenera joan eta mahaia beteko zuen, jatekoz, goxokiz eta frutaz. Hori zen euskaldunen etxeko ohitura. Herri Zaharretik ekarritako ohitura dela esaten dut nik. Ez genuen askorik, ezta denetik ere, baina gure apurra besterekin banatzea oso inportantea zen guretzat. Oso inportantea zen gure jendea zaintzea.
«Euskaldun asko ginela iruditzen zitzaidan. Harrezkero hazi egin da gure komunitatea Boisen. Euskal Etxera joan besterik ez duzu. Bada, zoaz eta konturatuko zara zenbat kosta zitzaigun gure mundua jasotzea, Boiseko euskaldunen mundua. Eta berriz esango dizut: oso bat eginda bizi ginen. Lagunarte estua genuen.
«Hiru edo lau euskal ostatu zeuden Boisen garai hartan, eta inguru dena familia handi bat ginen. Ez zen beste konturik. Euskaldunak ziren gure lagunak eta euskaraz ikasi genuen kantatzen, euskaraz egiten genuen berba, ziren eta ez ziren dantza denak egiten genituen, ostatuan bertan... Geroago, Jay Hormaetxearekin hasi nintzen dantzan. Gehiago ikasten.
«Gu, euskaldunen artean beti, Boiseko puntan. Halaxe zen gure bizimodua. Bat eginda beti. Gure gurasoek euskal kulturaren zer hori sartu ziguten barruan. Gaur egun ere, jendeak galdetu egiten dit: 'Eta nola eutsi diozu hizkuntzari? Nola demonio da posible?'. Nik, berriz, zera esaten diet: 'Eutsi behar diodala pentsatzen dudalako, gure gurasoengandik jasotako hizkuntza delako. Horregatik'».