Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

50

 

«Aitatxuk eskutitz asko zituen. Tartean, garai hartakoak. Renoko jaialdiaren sasoikoak, esan nahi dut. Baina erre egin ziren, Bastidan. Etxea genuen han, baina aitatxu hil ondoren nire nebari burua nahastu... eta hainbat gauza bota zituen surtara. Erre. Nik, hala ere, zer edo zer lortu nuen ateratzea: arkitekturari buruzko zer edo zer, edo aitatxuren aitaren zerbait gauza, marinela izan zen-eta hura, kapitaina, Filipinetara joateko gobernadorearen baimena zuen... Zer edo zer berreskuratu nuen eta gaitz erdi! Lurrari itzulia egin zionekoa, adibidez, idatzi eta ale bana eman zigun seme-alabei. Hori gordeta daukat. Baina Ameriketako festibaleko filma ere hantxe galdu zen...

        «Aurretik ere gauza asko galdu zituen aitak. Gernikan ere biblioteka erre zioten su garrek. Bonbardaketa izan zen garaian Gernikako udal arkitektoa zen Castor. Astelehenero joaten zen hara, bateko eta besteko obrak zertan ziren ikusten. Berton, aitaitaren txaleta genuen, batetik, eta gure etxea bestetik. Madrildar batzuk zituen aitatxuk txalet hartan. Dirurik gabe geratu ziren gerra lehertu zenean eta babes eman zien aitatxuk. Gordeta zeuzkan. Haiei jaten ematera joaten zen...

        «Bonbaketa izan zen egunean, astelehena, Gernikan zegoen aitatxu...».

        — Bai, esan duzu. Iluntzea eta Castor ez azaltzen...

        «Ohera sartu gintuzten umeok. Eta gero, noiz edo noiz goizeko ordu txikietan, aitatxu etxera ailegatu. 'Gernika erre dute'. Eta gu umeok ohean, koilonduta, zer edo zer bazela konturatuta. Kontzientzia garbia ez, ume txikiak ginen eta, baina zer edo zer bazela han parte onekoa ez zena...

        «Horrela ba, mutil!

        «Aitatxuren biblioteka, galdu.

        «Eskutitzak, galdu.

        «Amerikara eraman genuen arbola, galdu, zuk esan duzunez.

        «Filma galdu...

        «Galdu, eta betiko, gainera! Horixe da okerrena, atzera ezer berreskuratzeko modurik ez dagoela!».

        — Tira, besterik ez bada ere, festibalaren filma ekarri dizut Renotik, Itziar...