Aurkibidea
Aurkibidea
1959
Rosa Parks autobusean jarrita zihoan. Gizonak, jarri egin nahi zuela adierazi zion. Jaikitzeko. Uzteko lekua berari. Rosak, ezetz. Beltzak uko egin zion zuriari. Ez zion aulkia utzi. Atxilotu egin zuten Rosa. 1955eko abenduak lehena zuen Montgomeryn (Alabama).
Ekintza horrek, aulkia ez uzteak, autobusen kontrako boikota ekarriko zuen. Rosa atxilotzeak eragin zuen dena.
Rosa Louise McCauleyk 41 urte zituen orduan. Tuskegeen jaioa zen baina Montgomeryn hazia. Alabama State Collegen ikasia. 1932an Raymond Parksekin ezkondu zen. Bizargina zen Ray, eta NAACP (National Association for the Advancement of Colored People) elkarteko kide. Ekintzailea gizona, eta ekintzailea emaztea. Elkarteko kide ez ezik, idazkari ere izan zen 40ko hamarkadan eta, lana zela eta ez zela, hainbat buru ezagutu zituen.
1954an NAACPren gazte kontseilua berrantolatu zuen Rosa Parksek. Sistemaren kontra ekin zioten: zurientzako liburutegietara sartu, maileguan eskatu eta, ukoa jasotzerakoan, besterik gabe liburuak ateratzen zituzten. Era berean, autobusetako zurien sailean apatx egiten zuten. Ekintzak, batetik, lan-mintegiak bestetik. Segregazioaren kontrako estrategia osoa lantzen ari zen elkartea eta, besteak beste, hezkuntza publikoan indarrean zegoen bazterkeria galaraziko zuena.
Rosa Parks ez zen Montgomeryko autobusetan atxilotu zuten lehenengoa. Bederatzi hilabete lehenago, Claudette Colvin ere atxilotu zuten. Hamabost urteko neskatila, Clau. Honek ere uko egin zion zuriari aulkia uztera. Ezetz, ez ziola utziko, haurdun zegoela. Atxilo. Baina jende mobilizaziorik ez. Neska gaztea haurdun, guztiz garbia ez Clau, eta elkartea isilik.
Urte bereko urrian, hemezortzi urteko Mary Louise Smith atxilotu zuten. Arrazoiak, berdinak. Jende mobilizaziorik ez. Elkartea zain.
Parks atxilotu zutenean, berriz, indarka heldu zioten liderrek kasuari. Orduan bai, huraxe kasua, leher egiteko garaia. Emakumea moral garbikoa zen, formazio akademiko handikoa. Ez zuen beldurrik, ez zegoen urduri. Gehiago oraindik, Montgomeryko autobus konpainia publikoaren segregazioa zapartaraziko zuen inor izatekotan, Rosa L. Parks zen.
Orduan bai mobilizazioak. NAACPk ozen hots egin zuen. «Bus boycott!». 42.000 hiritar beltzek zuzen bete zuten boikota. Iraun zuen urtebetean lanetik etxera nola joan ere antolatu zuten. Parks berak koordinatu zituen jendearen joan-etorri premiak. Akusatu egin zuten berriz, Kingekin eta beste laurogeita zortzi lagunekin batera, boikotean parte hartzeagatik. Bigarren aldiz atxilotu zutenean, Montgomeryra jo zuten nazio mailako hedabide indartsuenak. Bertan bozgorailuak.
Hamaika hilabete iraun zuen boikotak. Hiriko autobus konpainiak izan zituen diru galerak gorabehera sakelaratzen ez duten dirua beti dute galera konpainiek, hemen eta munduan, Auzitegi Goreneraino iritsi zen kasua. Honek, autobus publikoek egiten zuten segregazioa inkonstituzionala zela ebatzi zuen. Iritzi publikoak heroi egin zituen Rosa Parks eta M.L. King, hari kasuari ez ezik kausari alegia laguntasuna eman zion artzaina, Montgomery bereko Dexter etorbideko eliza baptistako apaiz burua.
Urtea lehenago, artean indarrean zegoen hezkuntza publiko baztertzailea galaraztea lortu zuten hegoaldeko estatuek. Rosa Parks atxilotu zutenean, eliztarrek Kingi eskatu zioten protesta zuzentzeko. «Ez daukagu protesta egin beste aukerarik. Urte askoan eduki dugu pazientzia. Batzuetan, anaia zuriek uste izan dute gustatu egiten zitzaigula eman diguten tratua. Baina gau honetan pazientzia horretatik liberatzeko asmotan bildu gara, askatasunarekin eta justiziarekin, hain gauza inportante diren horiekin, pazientzia izan dugunok».
Hamaika hilabeteko protesta. 381 egun, zehatz. Bitarte horretan, King atxilotu eta kartzelara sartu zuten. Erabat txikitu zuten haren etxea. Sarri-sarri jaso zituen heriotza mehatxuak. Azkenean, ordea, Auzitegi Gorenak segregazioa galarazi zuen. Kingek lider izaera bereganatu zuen. Hegoaldeko apaiz beltzek Hegoaldeko Kristau Liderren Biltzarra osatu eta King izendatu zuten buru. 1959an, Montgmeryko eliza utzi eta Atlantako Ebenezer-eko elizara joan zen artzain. Han egoteak arrunt lagundu zion eskubide zibilen aldeko mugimenduko nazio-buru izaten.
Rosa Parksek segregazioaren kontrako borrokari segitu zion luzaro. 1957an Detroita joan zen eta eskubide zibilen alde jardun zuen hil zen arte, 2005eko urrian. 92 urte zituen.
Autobusean gertatu zenari buruz galdetzen ziotenean, berriz, bertsioa bera kontatu zuen beti: «Jendeak esaten du ez nintzela jaiki nekatuta nengoelako. Baina ez da egia. Ez nengoen nekatuta, ez ohi baino nekatuago behintzat. Ez nintzen zaharra, nahiz eta jendeak zahartzat nindukan: berrogeita bi urte nituen! Ez, nekatuta egotekotan, beti baietz esaten nengoen nekatuta».