Aurkibidea
Aurkibidea
49
«Amerikan egon ginen bitartean, aitatxu eta biok elkarren ondoan beti. Beti edo gehienean. Hemengo euskaldunekin hizketan-eta eman genuen denbora. Han bertokoekin ez genuen askorik hitz egin: Echeverria, Laxalt eta horiekin beste inorekin ez. Guk topatu genuen jendea Lekeitio eta Gernika partekoa zen gehiena. Ez dakit Markinakorik ba ote zen, ezetz esango nuke... Baina, gauza handia guretzat, denak hemengoak! Euskal Herrikoak. Eta euskaraz, han denek hitz egiten zuten euskaraz, erraz gainera!
«Beraien artean ibili ginen festak iraun zuen bitartean. Haiek hemengo kontuen gainean galdezka, eta guk hangoei buruz. Holaxe. Eta festa amaitu eta, kitto, nor bere etxera. Biharamunean atzera nor bere lanera joan behar. Han ez da hemen bezala. Jai gutxiago egiten du jendeak han...
«Pentsatzen jarri eta ez dakit nola konpondu ziren festa hura egiteko, ze holako festa bat egin ahal izateko baten batek latz egin behar izango zuen lan! Baina Echeverriak berak gauzak egiteko gaitasun handia zuen. Hori ikusi genuen, behintzat.
«Haiek harreman handiago nahi zuten hemengo euskaldunekin. Echeverria eta Laxaltekin hitz egin eta kultura, hizkuntza, identitatea aipatzen zituzten. 'Gure sustraiak ez galtzeko', hitz horiek erabiltzen zituzten. Harremanak nahi zituzten. Eta, harrezkero, Echeverria bera ere bizpahiru aldiz etorri zen Euskal Herrira. Gure aitak haren aurkezpena ere egin zuen Akademian. Behin, Iparraldera ere joan ginen harekin, txangoan».