Aurkibidea
Aurkibidea
36
«Ez dakit nork esan zidan Renon festibala izango zela. Nork edo nork joko zuen telefonoa gure etxera. Baina ez dakit. Miss Boise nintzen, baina Renokoari dagokionez, nire ahizpa Dianak eta Al Erkiagak egin zuten lanik handiena. Beraiei esker bildu ginen gu, dantzariok. Taldea ere haien ahaleginari esker osatu zen. Oso antolatzaile onak ziren Diana eta Al. Kantuan, musikan, dantzan... denean ziren onak. Gu ez ginen kamutsak, baina haiek, gainera, onak ziren antolatzen ere. Gerora, beraiei esker egingo genuen lehenengo euskal jaia Boisen.
«Nik ez dakit nola joan ginen ere, nola egin genuen bidaia. Joan ginela bai: nire ahizpa, Diana, Al Erkiaga, Tony Achabal beharbada, Jimmy Jausoro, Domingo Ansotegi ere baliteke... Guk dantza egin genuen aireportuan. Zenbait agintari etorri ziren aireplanoan eta bertako ateak ireki eta haiek eskailera jaisten hasi orduko, guk dantza egiten genuen. Horretaz gogoratzen naiz. Besterik ez.
«Uste dut Nugget Casinoan ere dantza egin genuela. Ez dakit. Nire oroimenak ez dit laguntzen. Herren dabil. Robert Laxalt nor zen bagenekien, liburuagatik; gero, ezagutu ere egin nuen, baina ez dakit jaialdi hartan topo egin ote genuen. Ez dakit. Topo egingo genuen, baina ez naiz oroitzen».