Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Camembert usaina

 

Pigmentuak, olioak eta abarrak jaso zituenetik koadroa bukaturik izan zen arte ez zen denbora luzeegi joan. Thierryk jarri zituen eguna eta ordua; faltsifikazioa gauzatzeko berariaz alokatu zuen gelatxo batean bildu ginen, koadroa ikusteko asmoz.

        Egia esan, ez zen koadro bakarra. Thierryk azaldu zuen bezala, bi margolari aritu ziren lanean bere gidaritzapean, nahiz eta, harro esan zuenez, guztietan Thierryk trazorik erabakigarrienak sartu zituen. Baziren gehiegi landu gabeko sei bozeto, okerreko saiotzat jotako hiru koadro ia erabat bukaturik, eta beste bi Camembert erabat bukatu. Gero bazegoen azken saio bezala sorturiko beste bat; hau da, merkaturatu nahi genuenaren peto-petoa zena, baina material modernoekin egindakoa, hots, gaurko oihalen gainean eta gaurko margoekin egina. Eta gero bazegoen Koadroa, honela, letra larriz idatzirik, merkaturatuko genukeena. Hainbeste ahaleginen ondoren eginiko faltsifikazioa. Oihal zahar baten gainean pintatua, Zuloagarenetik jasoriko materialez eginiko pinturez margotua, zaharreriaren markak eta gainerako detaile guztiak milimetroraino zainduak. Beraz, hamahiru koadro ziren guztira; hamabi saio, tamaina antzekoak, prestaketa-fase diferentekoak, material diferentez egindakoak, eta beste bat, egiazko faltsua, faltsifikazioaren obrarik inportanteenetakoa, dudarik gabe. Thierryk pazientzia eta arta handiz azaldu zigun aurkitu zituen arazo tekniko zein materialen nolakoa; bakoitzari aurkitu zitzaion irtenbidea; arazo bakoitzari aplikaturiko irtenbideen ondorioz sartu ziren aldaketak edo hartu ziren erabakiak. Eta horrela, poliki-poliki bere historia ezagutuz, dastatu ahal izan genuen azken emaitzaren balioa. Bistan zen Thierry harro zegoela; azalpenetan jarri zituen energiak eta ordura arte inork susmatu ezin izango zizkion didaktismo-dosiek horixe adierazten zuten ezin garbiroago. Behin ere ez zuen esan nortzuk izan ziren lanean lagundu zioten margolariak, eta inor ez zen horri buruzko daturik eskatzera ausartu.

        Koadroari begira jarri nintzen. Zail da esplikatzen zer sentitu nuen. Oso koadro xumea zen, gauza handirik esaten ez zuena. Eta hala ere, detailetxo batzuek —kadmio-ukituak multzoari ematen zion zirrara estrainioak, kasik preso dagoen jenio baten oihua bezalakoa zenak, edo labanaren giderraren proportzio pittin bat exajeratuak, kasurako— ohartarazten ahalko zioten adituari, itxura arruntaren azpitik, koadro hartan aparteko margolari baten bihotzak egin zezakeela taupa. Hortaz, esan dezaket nire sentimendua hirukoitza zela; oso izpiritu fin batek ezarririko tranpa ñimiño horiei esker gainditzen zen hasierako dezepzio moduko hura, bat; bi, miresmen harritua, ikusirik Thierryk eta bere gidaritzapeko margolariek zer perfekzio muturrekoaz lortu zuten koadroa zaharra zelako simulazioa; eta hiru, hain emaitza xumean laburbiltzen zen afan alimaleen batuketan nire alea gehitu izanagatiko harrotasuna.

        Arte-ikusleak maiz goratzen du koadro bat esanez badirudiela bertako pertsonaia, edo eszena, koadrotik jalgi eta gure aldamenean bizirik balego bezala jarriko dela koadroan dauzkan jantzi berberekin, koadroan diharduen jardun horretan beretan ari. Damurik, kasu honetan ezin zitekeen horrelakorik pentsatu, gazta bat ez delako bizirik dagoen zerbait. Dudarik ez zen, hortaz, Camembert horren aurrean kontrako bidea egin behar zela; hau da, norbera zela koadroan sartu behar zena, gazta koadrotik noiz jalgiko egon gabe. Gogoratu nintzen horixe zela Cortazarrek bi lohi berdezko boladak aipatzen dituen ipuin hartako protagonistak egiten duena, protagonista horrek berak ateratako argazki bati begira; eginiko argazkiari begira jarririk, bertan harrapatu duen eszena hartan berriz sartzea lortzen du. Gogoratu nintzen, halaber, Nabokovek Madonna baten erretratuaren inguruan zertzen duen kontakizun bateko pertsonaiak horixe bera adierazten duela; alegia, lortzen duela gustatzen zaizkion koadroei begira kontzentratzea, hainbesteraino non koadroan sartu egiten baita, eta orduan koadroetako eszenetako solasak entzuten ditu, neskekin olgatzen da; Rubensen koadro bateko emakumeak emaniko sagardo fuerte bat edatearen ondorioz larritzen da sabelaz, eta abar. Gure Camembertari begira ahalmen harrigarri horren jabe nahi izan nuen, eta hala, kontzentratzen hasi nintzen, nire zentzumen guztiak koadroan paratuz; poliki-poliki mahai gaineko amantalaren oihala ukitu ahal izan nuen, eta gaztaren azalaren zuri-horixka-nabarraren nolakoak neure begiz neurtu; eta laster sentitu nuen gazta-usain gutxitan urrindutako bezain sarkorra, eta azkenik —hori ezin kontatzeko moduko une gozoa!— labana hartu, gazta puska bat ebaki eta ahora eraman nuen. Zer esango dut sentitu nuen gozoaz? Nola adierazi gazta puska horrek aho-sabaian egin zidan zirrara? Behialako zapore ahantzi bat berreskuratu nuen, tetrabrik-esneaz ohiturik dagoen haurrak sekula probatu ez duen egiazko behi-esne katilukada lehen aldiz hartzen duenean bezala-edo.

        Nire baitako kontzentrazio-egoera intentso hartatik atera eta errealitatera itzuli nintzelarik, konturatu nintzen lehendabizikoa Margotek tinko-tinko begiratzen zidala, arretaz aztertzen ninduela izan zen.

        Gizonaren alderdirik primitiboenen aldetik, ahula naiz. Nigan, goiz edo berandu, erori izanaren aseak gai hartzen dio autokontrolatu ahal izateak sorraraz dezakeen —sorrarazten duen, inoiz proba eginda bainago— plazerrari. Heldugabea naiz? Apetatsua? Izan ere, bizitzari tentazioan erortzeko goxoa kentzen badiozu, zer gelditzen da? Ospea? Etika? Posizio indartsua? Besteren miresmena? Tentazioa mereziz gero, hori guztia hutsala da, grisa, ezdeusa. Badakit hau kontraesanean dagoela nire berezko mesfidantzarekin. Eta, horrekin ez ezik, negozioetan begirik erne ibiltzeko printzipioarekin. Printzipio sakratuarekin. Baina nigan, denongan bezala, elkarren aurkako indarrak batzen dira, eta batzuetan zaila da asmatzea indar horien topaketatik aterako den erresultanteak nora egingo duen apuntea. Zer geldituko zaigu zahartzean, zahar izatera iritsiz gero, bederen? Pare bat aldiz asmatu izanaren sentsazioa, agian. Ongi egindako hiru gauzaren akordua. Tripekin eta buruarekin, auskalo astroen zer elkartze berezia zela medio, zoriontsu sentitu gineneko une goxo eta labur hura. Amodioa jarduera fisiko naturala da; are, mekaniko izatera ere irits daiteke. Orduan desakralizatu daiteke, gehienetan ez ohi dator gaizki. Baina une gutxi eta sublime batzuetan magia izatera ere iristen da; eta orduan ez da bakarrik fisikoa. Agian horien oroimena baizik ez dugu hilobira eramango.

        Nik uste nuen, orduan, egoera kontrolatzen nuela. Zuk eta biok badakigu ezinezkoa dela. Goia jo dugu, egur bereko ezpalak gara, guretzat ez dago zerurik. Ez didazu ezer zor, ez zegoen kontratuaren barruan. Orduan?

        Erdeinu gramo-erdi batez begiratu zidan eta ez zuen erantzun.

        Orduan ez nuen jakin eskertzen merezi nuen poesia txarra barkatu izana. Neskak estiloa bazuen, horixe bazuela. Hala ere, zerbait egin dezakegu elkarren alde —esan nion—. Ez gara zerurako, baina ez gaitezen infernurako izan, horrenbeste zor diogu elkarri. Agindu iezadazu gauza bat. Agindu iezadazu, nik agintzen dizudan bezala, ez dugula elkar engainatuko, ez dugula elkar hondoratuko. Edozer egiteko gertu egongo garela elkarri kalte egin baino lehen.

        Agindu egiten dizut.

        Esan zuen Margot Lasallek. Bere hitzek bazuten aire solemne bat.

        Margotek zertzeladaren bat gaineratu zion Beliakoven kontakizunari. Ez nion bere aitarekiko harremanaz deus galdetu, ezta bere orduko amorantea Lupus bera izan ote zen —esan ez bazidan ere, nik segurutzat jotzen nuen—. Berak hori guztia nola bizi izan zuen besterik zen. Egiaztatu zuen aitarekin ez zela ongi moldatzen, eta etxetik alde egiteko asmoa bazuela, baina ukatu zuen aitarekiko gorrotoa; bere aita, urteek ematen duten perspektibak ondurik, nonbait, gizajoa zen, baina ez gaiztoa; are eta gehiago, lapurreta egin zutenei leporatzen zien bere aitaren ondoko eromena, eta, nolabait esan, haiek omen ziren bere buruaz beste egitera bultzatu zutena. Lapurrak nor izan ziren, museoko ate nagusiaren giltza nork eman zien ere ez zidan esan, baina aldez edo moldez mailarik gorenera apuntatzen zuen, nik une hartan jakin ez nuelarik goreneko maila hori orduko zuzendaria bera edo are herriko alkatea, bere karguaren arabera museoa zuzentzen zuen Fundazioko lehendakaria, ote zitekeen; oraingo zuzendaria, Cartailhac andrea, hain zuzen, orduan museoan ari ez bazen ere, goreneko maila horretan zegoenaren amorantea izan zela ere iradoki zuen. Horrenbestez, ez zuen mendeku nahia ezkutatzen; aitzitik, aitortzen zuen aitaren etxetik alde egin eta gero xede bakar bat baizik ez zuela buruan eduki: bera eta, batez ere, bere aita erabiliz lapurreta egin zuten horien aurkako mendekua aurrera eramatea. Ba omen zekien hasieratik ez zela bi egunetan aurrera eramango zuen kontua, eta iraupen luzeko lasterketarako prestatu zen. Parisera joan zen, ama zenaren lehengusina txiki baten etxera; unibertsitatean sartzea lortu zuen, arte-irakasketak egiteko. Urte gogorrak pasatu omen zituen. Bere izeba txikia senarrarengandik banandurik bizi zen, bazituen lau seme-alaba adin gutxiko, diruz urri zebilen, eta berak ezin zion sekula gehiegi lagundu —bere lorategiko amoranteak ez baitzion txakur txiki bakar bat ere sekula eman, besterik agindu bazuen ere—; denentzat nahiko toki ez zuen apartamentuan bizi ziren. Gauzak horrela, arratsetan eta gauetan —platerak garbitzen jatetxeetan, haurrak edo agureak zaintzen— lan eginda atera ahal izan zituen ikasketak aurrera, ahalegin handiak eginez. Unibertsitatean laugarren urtean zegoenean utzi zuen izebaren etxea, euren elkarren arteko harremanak erabat eta betiko hondatu aitzin, eta trapitxeotan zebilen gizon gazte batekin joan zen. Hura laster utzi zuen, eta, handik aurrera, hainbat urtez hemendik hara ibili zen, gizon diferenteekin, oreka eta sosegua inon aurkitu gabe; baina, eta hau kemen handiz azpimarratzen zuen, denbora horretan guztian, baita gaizkien pasatu zituen uneetan ere, ez zen mendeku-goseak zutik iraunaraz ezin zezakeen egun bakar bat ere izan. Unibertsitateko ikasketak bukatu zituen, eta, halako batean, Yves ezagutu zuen. Honi esker eduki zituen urte lasai batzuk, Toulouse-Lautreci buruzko tesia egiteko aprobetxatu zituenak. Bai ekonomikoki eta bai afektiboki onak izan ziren urte horiek heldutasuna eta hala-nolako bakea ekarri zioten. Ondoren krisia etorri zen berriz, baina Yvesekiko krisia, afektiboa, oraingoan. Handik aurrera bere medioz bizia aurrera ateratzeko gauza bazela demostratu nahi izan zion bere buruari, eta baita lortu ere. Yvesekin apurtzea mingarria suertatu omen zitzaien biei, baina, Margotek zioenez, Yves ez zen tipo gaiztoa eta ulertzen jakin zuen. Eta, halako batez, bizitzak bere bideak gurutzarazi zituen, berriro ere; baina orain bakoitzaren jarrera, egoera eta sentimendua ez zen lehengoa. Alabaina, hori ez zen oztopoa izan Margotek Yvesi plan bat proposa ziezaion. Urte luzeetako eskarmentuak ondutako plana, plan heldua eta egingarria; iritsia zen, azkenik, urte gogor, luze eta malkartsuen ondoren, Margot Lasalleren ordua.

        Aurreko guztia izan zen Margotek kontatu zidanaren laburpena, eta nik alde batera sinesten nion, baina beste alde batera ez nion sinesten. Eta Camemberta lehen aldiz ikusi genuenean, nik bihotz eta arima koadro haren kontenplazioan eduki ondoren, ametsetik bezala itzultzen nintzelarik, Margotek tinko-tinko begiratzen zidala ohartu nintzen, nire epaia zein zen jakin nahiko bailuen, zer esango nuen berarentzat oso garrantzizkoa bailitzan, eta nik, horretaz konturaturik, uste izan nuen, lehen uste izan nuenaren aurka, ezusteko baza bat banuela, sekula pentsatu gabeko baza bat banuela, eta ongi da, zein da hurrengo urratsa galdetu nuen, ozen eta bare, eta Lupusen gaztiguak —«horiek engainatu egingo zaituzte!»— erabat baztertu gabe, baina ezer manifestatu barik. Hurrengo urratsa zein?, galdetu zuen Yvesek, galderak erantzun bakarra baizik ezin eduki bailezakeen, hurrengo urratsa koadroa agerraraztea da, eta eszenografia artaz prestatu beharko da. Zenbat denbora horretarako? Jo ezazu hilabetea-edo. Eta bitartean? Bitartean denok etxera, azken eszenaren zain. Eta gazta non gordeko da? Bitartean gazta hementxe gordeko dut, esan zuen Thierryk, orduan, oldarkor eta erronkari.

        Orduan ikusi nuen argi. Orduan hartu nituen aintzat, sekula baino gehiago, Nestor edo Lupus haren hitzak. Margotekin fidatzerik ba al nuen? Lupusen mehatxuak teatral samarrak iruditzen zitzaizkidan. Zer egiten ahal zidan sonbrerudun txikiak? Zaunka bai baina ausiki ezin egin zezakeen zakurra zen, Margoten arabera. Orduan ikusi nuen argi zein zen hartu behar nuen bidea. Ez, ez nion Lupusi ezer esango, baina prekauzioren bat hartuko nuen. Lehenengoz eta behin, hartu beharreko lehen prekauzioa zen gezurti-koadrila hori gaztarekin geldi ez zedin. Ez nien gazta utziko, han, Parisen, hilabetez, nik etxean itxoiten nuen bitartean. Itxoiten zer? Nork segurtatzen zuen, ni eszenatokitik desagerturik, ez zutela koadroa salduko? Nork segurtatzen zuen koadroa saldu ondoren ez nindutela albora utziko? Nork ez zirela desagertuko niri sosik ere utzi gabe? Zer berme nuen hori gertatzea galarazteko? Margotekin eginiko hitzarmena egiazko ote zen jakiteko unea iritsi zen. Ez nuen nahi, hala ere, hitzarmena pisuegi egin zekion. Zerbait egin beharko nuen, aldez edo moldez, gure hitzarmena tinkoagotzeko.

        Ez nago konforme, esan nuen, pentsatuta daukazuenak ez dit inolako garantiarik ematen. Ez? Thierry ari zen. Eta orduan, zer egin behar da, zure ustez? Gazta seinalatu nuen. Neronek eramango dut gazta, neronek gordeko. Nik ezin dezaket saldu, zuek bai. Neuk gorde dezaket, eta, zuek agerrarazi nahi duzuenean, hona ekarri. Gazta nik edukita, zuek ez duzue inolako kuidadorik, eta nik badut behar dudan garantia. Thierryk ero baten moduan jaulki zuen: nire gazta? Ezta pentsatu ere! Zure gazta ez, zure gaztak, nik, odol hotzez eta Thierryk ematen zidan higuina disimulatu gabe. Denak! Frogak, bozetoak, apunteak, denak. Hamahirurak. Thierryk, koleraz gorriturik, niregana egin zuen, ukabilak itxirik. Neuk ere ukabilak itxi nituen eta hurbildu nintzaion, geure sudurrak zentimetro gutxitara gelditu ziren arte. Thierry hasi zen eskuin besoa atzealderantz mugitzen, eta ni makurtu nintzen, besoa ateratzen bazuen oldartzeko prest. Orduan Margotek egin zuen oihu: geldi!!!

        Konforme, esan zuen, justua da. Ez bazara fio, justua da. Eraman itzazu gaztak, hilabete barru deituko dizugu. Eraman bitza, esan zion Thierryri, artean koleraz gorriturik, dardaraz eta ahoa irekitzen zuena ezer esaten asmatu gabe, bisigu bat bailitzan, erantzunik onartzen ez zuen tonuarekin esan ere. Gero niregana itzuli zuen burua. Bere begiei elektrizitatea zerien. Agur, Enekoitz. Gogoan har ezazu behin elkarri esan geniona.

        Nire ametsetan gorpuzten denean, Thierry eta bion arteko mokokaldia neurrira ekarri eta egoera menderatu zueneko planta izugarri eder eta indarrez beteko hartan azaltzen zait Margot.