Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Zergatik, zergatik, zergatik?

 

Isilik, gero, edo ez dizut Camemberten berri emango, egin zuen zemai Zederrunek. Baina ageri al da zerbait horri buruz Interneteko orrian. Baietz ba. Informatikak ez duela ezertarako balio ez al zenuen esaten? Bada, ikusi eta entzun, entzun informatikari esker amen batean lortu dizudan informazio guztia. Ondorengo hau Amsterdamgo morroi batek Interneteko orrian jarritakoari esker ikasi dut: Maisons closes direlakoetan eginiko koadroek bazterrak nahasi zituzten, gaurko egunera arte dirauen eztabaida sorraraziz. Thomsonek dioenez, «denbora luzean Lautrecen jarraitzaileak irudi hauek defendatu beharrean egon dira» [7]. Toulouseren gaineko, iritzi baino gehiago, klixe jakin bat eratu baita. Horixe zen, labur, Zederrunen informazioa eta informaziotik ateratako iritzia. Labur ez eta bere osoan, nahitaez, entzun beharko nuena, nonbait.

        — Lehen esaten nizuna gertatu zen: artearen historia artistaren biografiarekin parekatzea izan zen artearen historiagileen lehen asmaketa, lehen bidea. Hortaz, alde horretatik, interpretazioa oso erraza da: itsusia zen, mustroa ia, maitasun ezinezko eta zoritxarrekoen errege, baina gizona zen azken buruan, eta nolabait asetu beharko lituzke gizona zen aldetik zeuzkan beharrak. Ildo bereko beste bertsio batek bizioa eta bizimoduaren lasaikeria ekartzen dizkigute gogora. Ez zen, hortaz, harritzekoa, égout seminal —hazi-estolderia— horietaz baliatu behar izatea. «Esan izan da Lautrec, maitasunean malerusa zenez, putetxera zihoala kontsueloaren bila. Are antzekotasunaren» [8].

        Bai, pentsatu nuen hitzak entzun ahala. Guztiz logikoa. Baina hain ageriko, hain sinple dira gauzak, benetan? Imanol, nire laguna, ezkondua da eta bi seme ditu. Malerusa da? Kontsueloa bilatzen al du? Nik ere, antzekotasunak bilatzen al nituen lehengo egunean, Galaxia Lujuria edo dena delako hartara sartu nintzenean? «Batez ere behaketan aritzen zen. Edo asetzen. Non ez bazen, beti eta nonahi bezala, edaten aritzen» [9], leitu nuen behin, inon. Azalpenak, edozein egunkaritan Relax izenpean gero eta ugariago biltzen diren iragarkien azalpen gisa, bederen, ez du balio. Ez dut uste balio duenik. Horrek azalpenik, azalpen bakarra behintzat, baldin badu, agerikoenak, erarik sinpleenean eta arruntenean taxutzen direnak alde batera utzirik.

        Bere lagunetako batzuek —Joyantek, Alexandrek, Gauzik— baina, laster bilatu zioten koartada. Koartadak. Zederrunek uste duenez, beti ere artearen historiari buruzko kontzeptu bera erabiliz, joera biografiko hori bera; gero, artearen historia egiteko irizpideak aldatu ahala, irizpide historikoak, formalistak, irudizkoak, psikoanalitikoak edota marxistak indarra hartu arauz, Lautrecen aldeko koartadak ere garai berriek markatzen zituzten ildoetatik abiatu dira.

        Zederrunek lehen garaietako defendatzaileen jarreraren adibide hauek jarri zizkidan: Gauziren iritzia: beti modelo bila ari izanik, ezaugarririk bizienak zituztenak maite zituen [10]. Joyantek dio biluzia mugimenduan pintatzeko putetxea bezalakorik ez dagoela. «Lautrec asper-asper eginda zegoen modelo profesionalekin. Naturatik gertuago zeuden izakiak behar zituen, keinu eta jarrera askeagoak zituztenak. Mugitzen den animalia behar zuen. Bere lagun medikuek bertan egotea zain eta nerbioen azterketak egiten zituztelako justifikatzen zuten bitartean, Lautrecek pintatu egiten zuen, marraztu egiten zuen etengabe, bertako nesken bizitzari behatuz» [11].

        Ohartzekoa da Joyantek, bestela bezala, medikuak ere aipatzen dituela, eta horrek grazia egin zidan. Eta euren koartadak. Pintoreak? Medikuak? Eta epaileak, eta enpresariak, eta katean aritzen diren langileak, eta intelektualak, eta politikariak, eta kirolariak, eta... Hobenik ez duenak bota beza lehen harria. Gizonon zurikeriak ez du mugarik ezagutzen. Bide horretatik abiatuz gero, estakuru sorta polita lortuko genuke: futbolari baten kasuan? «Futbolaria zenez, partida baino lehen pelbis aldeko giharrak astintzea oso komenigarria zitzaion». Jostuna? «Jostuna zenez, komeni zitzaion emakumeen proportzioen berri bertatik bertara ezagutzea». Postaria? «Postaria zenez, eta gutunak eramatera zihoanez...»

        Zederrunek bere adibideekin segitzen zuen: Arsène Alexandrek ere arrazoi berberak aipatzen ditu, zioen: «Oso goizetik atelier ofizialetan ibili zelarik, bertan harrapatu zuen modelo profesional eta euren itxura aldagaitzekiko eta tipo tradizionalekiko nazka, eta bizimodu ia animal baten intimitatean kausitzen zituen mugimendu naturalak, tipo benetan adierazkorrak» [12]. Hauek prestatu zuten defentsarako lehen lerroa: azken finean, Lautrec artista bat zen eta bere jarreraren zein bere aukeraren justifikazioa artistikoa da. Oraindik ere defendatzaileak baditu tesi honek («behar artistikoaz» hitz egiten du Benedikt Taschenek, Tolouse-Lautrec, 1994).

        — Nire iritzirako —zioen Zederrunek—, alabaina, Toulouse-Lautrecen bizitzaz dakizkigun datuen argitara, justifikazioa nahikoa ahula da edo, beste modu batez esanda, ez du dena esplikatzen. Artistak hainbestetan errepresentatu zuen Yvette Guilbert kantariak, 1931 urtean egin zioten elkarrizketa batean, kontatzen digu helbidea eskatu ziola pintoreari, eta honek erantzun ziola garai hartan maison numerotée, hau da, putetxe batean bizi zela. Eta gogoeta hau gaineratzen du: «Bere laguna zen, batzuetan bere aholkularia, sekula ez bere epailea, bere kontsolatzailea, are bere miserikordiazko anaia. Emakume zoritxarreko hauei buruz mintzatzen zenean, unetik unera bere ahotsaren hunkidurak bere bihotzaren erruki beroa salatzen zuen, hainbeste non askotan galdetu baitiot neure buruari Lautrecek ez ote zuen aurkitzen eginkizun eder bat batere duintasun pudikorik ez zuten emakume hauekiko erakusten zuen anaitasunezko kristau-errukizko borondate hartan» [13]. Deabrua edo aingerua? Elkarrizketa berean, Yvette Guilbertek esan zuen, baita ere, Lautrecen laguna zen Vuillard pintoreak ere defendatu zuen bezala, burdeletako emakumezko komunitate itxian pintoreak bere gisako senitarteko alternatiboa aurkitu zuela. Hortaz, beste osagai bat azaltzen da, eta ez nolanahikoa: osagai afektiboa. Beste hainbeste esaten ahalko zuten medikuek? Agian horrexek harritzen nau gehien Lautrecengan: nolabaiteko konpromezu pertsonal afektiboa badagoela susmatzea, intuitzea. Bere garaiko beste hainbat margolaritan ez bezala; Degas eta Bernarden koadroetan, adibidez, prostituten irudia nahikoa groteskoa da. Henri-Gabriel Ibelsenetan sentimentala, merkea, hala esaterik badago. Béraudenetan, moralizantea.

        Nire isiltasuna aurrera egiteko gonbitetzat hartu zuen Zederrunek.

        — Osagai hori hor dagoelarik, beste hainbat ondorioetara iristea, beste hainbat hari lotzea, erraza zen: «Agortuko ez duen proiektua, energia guztiarekin aurpegia emango diona: baloreak hankaz goratzea, edertasuna sortzea gainerako guztiek itsustasuna, bizioa eta desohorea baizik ikusten ez dituzten tokian» [14]. Bai, halakorik baliteke, baina gauza jakina da Toulouse-Lautrec ez zela ezkertiar edo iraultzailea, ez zituela bazterrak inarrosi nahi, are, kontuz ibili zela obra hauek erakusteko garaian. «Erortzearen esperientzia du amankomunean prostitutekin. Irakurri egiten du haien soakoetan, mirail batean bezala, bere kondizioaren irudi bat» [15]. Hau ere litekeena da. Erortzearen esperientzia. Baina itsusia zelako, bakarrik? Edo artista heterodoxoa zelako? Edo biak? Kritikari guztiak bat datoz, baina, putetxeetako margoen ezaugarririk deigarrienetakoa erotismo falta dela seinalatzean. «Bere proiektua: garaikideen begiak irekiaraztea, nolakoa den zehazki ez dakiten ikuskizuna ikustera ematea» [16]. Ez nuke nik horren helburu altruistarik zegoenik bihotzez baieztatuko. Ukatuko ere ez, badaezpada. Zuri zer iruditzen zaizu?

        Segitzeko animatu nuen ezer erantzun gabe.

        — Interpretazio psikoanalitikoak ere egin izan dira, jakina. Eszena lesbikoak (hala izendatzen dituzte kritikari gehienek, hala izendatuko ditut nik ere oraingoz, honetaz luze mintza badaiteke ere) aztertzen dituelarik, Schaub-Kochek honela dio: «Haragikoitasunaren ezaugarririk funtsezkoena antzua izatea da (...). Guztiz lotuta dago maila estetikoko espekulazio orori» [17]. Maitasun antzuak margotzen zituen nahikeria antzuetako esteta antzua, edo horrelako zerbait. Esateagatik, esan izan da, baita ere, margo hauen helburua (eta bereziki lesbikoena) erotikoa zela. Hau da, zenbait lagun aukeraturentzat jolaserako pentsatua. Badakit ibili dudan bibliografian irakurri dudala horrelakorik, non izan den gogoan ez badut ere. Are, badakit Thomsonek berak halako zerbait iradokitzen duela; haatik, ez dut uste ideia hau aintzat hartzekoa denik, inondik inora ere. Ez da beharrezkoa kritikarien ahotsa. Nahikoa da margoak ikustea xede erotikorik ez dagoela atzemateko; are, izatekotan, erotismoaren aurkakoa da gehiago, beste ezer baino, hau da, libidoan kilo bat bromurok sorraraz lezakeen efektu bera sorrarazten duena. Orduko margolaritzan margo mila bider adierazgarriagoak, agerikoagoak, esan nahi dut, aurki daitezke (eta gogoan dut une honetan Courbeten bat, emakume baten izterrak eta sexua edozein Penthousek bezain errealista erretratatzen duena, egun Parisko Orsay Museoan eskegirik). Edo mila bider erotismo pizgarriagoak, eskandaluzkoak ez diren arren (Maneten Olympia bera, urrutiagora gabe). Ahaztu barik pornografia ez dela gaurkoa, eta garai haietan, argazkigintza horretarako nahikoa garaturik zelarik, emakume biluzien argazki-bildumak arruntak zirela, edo ez behintzat apartekoak. Are, Lautrecek beti jantzirik margotu zuen La Goulouek horrelako argazki-sail porno bat egiteko posatu zuen. Ez, ez. Balizko erotismoaren teoria hagitz hankalaburra da. Beste modu batez esanda: zuri zutitzen al zaizu?

        Neure kautan ezetz aitortu nuen, baina ezer esan beharrean, hariari lotzeko eskatu nion.

        — Bada espezializazio beharra aipatzen duenik ere; hau da, orduko margolaritza-merkatuak halako espezializazioa eskatzen zion artista bakoitzari, eta espezializazioak ematen zion artistari bere tokia mundu hartan. Hau da, «nik dantzariak margotuko ditut» esango zuen Edgar Degasek, «nik bodegoiak», beste batek, «nik dama aberatsen erretratuak» hirugarren batek, «bada, nik, putak», gure Henritxo bihurriak.

        Teoria laburbiltzeko moduan bertan ikusten zen Zederruni barregarria iruditzen zitzaiola azken teoria hau; neure aburuz litekeena zen nahiko barregarria izatea, baina, bestalde, pentsatzen jarrita eta, batez ere, informazioa pixka bat dantzatuz ikusten da berez kontuak eduki dezakeela funtsa. Gainera, ez da behar-beharrezkoa informazio askorik bueltaka ibiltzea. Norberaren esperientzia dago. Adibidez, ni lapurra banaiz —lapurra, edo iruzur-egile, edo... nola izenda daitekeen gutxienekoa da—, neurri handian nire bizitzako baldintzek hartara bultzatu nautelako da. Eta lapurren artean, artearekiko gaiez arduratzen banaiz, hein batez, espezializazio-kontua baino ez da. Konparazione, trafikante izan nahi duen askoz jende gehiago dago, eta batek ezin ditzake honelako kontuak alde batera utzi negozioetan sartzen denean.

        Hala ere, zinismoaren arestiko adierazpen hau bazter utzita, egia da espezializazioaren kontuak baduela berea, ikertzeko arrasto bat ematen digu bederik, orduko status quoaren berri eman ez ezik, zeharka baizik ez bada ere ideia estetikoak aipatzen dituen ber. Edozein artista garai eta mundu jakin batean bizi da, eta ezin dio sekula giroak agintzen dionari erabat ihes egin, arte-legea da. Asko eztabaidatu da, artearen historian zehar, giroak eragindako determinismo honetaz: adibidez, horixe da Arnold Hauser bezalako marxista baten obraren azpian atzematen den mezua, hots, gizarte-prozesuek eta une jakin bateko ideologia menderatzaileak determinatzen dutela arte-ekoizpena. Hauxe bera da teoria marxista honetatik kritikatu dena, determinismo horrek beste aldaera asko, besteak beste arte-obra bera, bazter batean uzten dituela [18]. Baina, kritikak kritika, Ernst Gombrich bezalako batek «garaiko izpirituan, taldeko izpirituan» ez duela sinesten esaten badu ere, artista zerbait sortzen duen gizabanakoa dela tinko uste badu ere, ezin ukatu dezake giroaren eragina, berak «moda» deiturik ere [19].

        Nire burutazioetan murgildurik, galdu nuen apur bat Zederrunen diskurtsuaren haria, eta berriro harrapatu orduko horrelaxe hasi zen, gutxi gorabehera:

        — ...margolaritzan ere Maneten Hamarretakoa zelaian izenekoak jaitsiarazi zuen lehen aldiz emakumea mitologiaren mundutik (gogoratu Bouguereauren Venus eta maitasuna), eta behin egiazko bihurturik, berdin izan zitekeen prostituta, Van Goghek, Béraudek, Degasek, Bernardek edota Gabriel-Ibelsek, nork bere ikuspuntutik, erakutsi ziguten bezala. Honen guztiaren atzean Baudelaireren ideiak zeuden, noski, Guysen obra komentatzen zuenean: «Batzuetan aurkitzen dute, bilatu ere egin gabe, estatuagilerik delikatuena zoratuko luketen pose ausarta eta nobleak, baldin eta estatuagile modernoak kemena eta izpiritua balitu noblezia toki guztietatik jasotzeko, baita lohitik ere (...) zakarrak, mutiriak, ergelak, estrabaganteak, begia pattarrak barnizaturik eta kopeta egoskortasunak konkorturik. Espiralaren azken mailara jaitsi gara, satiriko latinoaren faemina simplexen mailara» [20]. Prostitutez ari da, noski. Baudelaireren eskaera argia da. Baudelaire bazen nor XIX. mendeko estetika kontuetan. Hauserrek honela erabakitzen du kontu hau guztia: «Prostituta begiko izatea, amodioarekiko harreman debekatu eta errudunaren adierazpena da. Begikotasun hau batera doa erromantiko eta dekadenteekin, Baudelaire bitartekaria dela. Batez ere gizarte burgesaren eta familia burgesean oinarritzen den moral burgesaren aurkako matxinatzearen adierazpena da». Zeren, prostituta, «hotz da pasioaren ekaitzen erdian, ikuslea da ernarazten duen haragikeriaren gainetik, eta ikusle irauten du, gogogabetuta eta bakar dago gainerakoak hordi eta bere onetik aterarik daudenean. Sentimendu komun honetatik, patu komun honetatik jaiotzen da artista dekadenteek dieten begikotasun hori» [21].

        Arraioa, Zederrunek informazioa bota ahala sentimendu jakin bat ernetzen ari zitzaidan, liburuak begiratzen hasten naizenean ernetzen zaidan sentimendu bera; ezer ezin daitekeela teoria bakar batez edo ikuspegi bakar batez erabaki. Alferrik direla saio teorikoak oro, gure ezina eta gure hipokrisia baizik ez dutelako adierazten, dena dela absurdua. Eta ez al zuen hori bera adierazi Argensolak, esan zuenean... Bego, bego bere hartan Argensolaren poema, bestela berau higuintzen hasiko naiz.

        Baina konturatzen naiz abiatu nintzenetik mihi puntan nuen galdera ez dudala oraindik egin, erantzunik gabeko edo mila erantzundun galdera berau —eta ez al da oso antzekoa mila erantzun edo bakar bat ere ez izatea?—, eta galdera horrek markatzen duen bidea askozaz ere interesgarriagoa dela. Hau da, galdera ez da zergatik margotzen zituen prostitutak?, baizik eta beste hau: zergatik kezkatu gaitu —historian zehar— hain biziki zergatik margotzen zituen prostitutak, eta zergatik margotzen zituen margotzen zituen bezala?

        Eta hortik makina bat galdera askoz interesgarriagoak —eta arriskutsuagoak— egitera urrats txiki bat baizik ez dago.

        Orduantxe has zaitezkeelako ezbaian jartzen sexu-harremanen nolakoa, eta handik abiaturik beste hainbat harreman klase ere, eta are, klase guztietako harremanen azpian —baita afektiboetan ere— ezkutatu ohi den hondo ekonomikoa. Brageta eta kartera, banan-banan hartuta, gauza serioak dira. Biak batera hartuta, atera kontuak.

        Baina peril honetatik eta hau bezalakoetatik libratzeko sartu zuten artea kaiola batean. Platonengandik Hegelenganaino. Askok esaten duena da: arte-obra datu biografiko, historiko, soziologiko, dokumental, psikologiko, politiko eta nik dakita zenbat halako gehiagoren bilduma baizik ez denetik, arterik ez dago. Horretarako asmatu baitira artearen interpretazio horiek guztiak, artea neutralizatzeko. Artearen tropa askatzaileak, Aristotelesek, Nietzschek eta halakoek, porrot egin dute. Inork ez dio haiek planteaturiko erronkari eutsi.

        Toulouse-Lautrec autoinmolatu zen puta horien begiradetan datzan marraz beste aldeko egia, egia artistikoa, adierazi ahal izateko. Horrek beldurra sorrarazten du, hori da kritika lasaigarriak gelditu nahi izan duen efektua, Diorren modelitoak daramatzan dama asalda ez dadin krokodilo bentzutuen, eta are bentzutu ez ezik, hortzik gabekoen (eta bentzutuak hortzik gabeak direlako), begirada horien aurrean.

        Orain ulertu dut, azkenik, Zederrunen azalpenei esker, neurri batean, zer den Lautrec eta biok berdintzen gaituena. Zergatik berak opariak egiten zizkien prostitutei, zergatik erregalatu nion nik behin bati urrezko Rolexa.

        Nor berean, nor bere moduan, artista hutsak gara, Lautrec eta biok.

 

        [7] Richard Thomson: Imágenes de Maisons closes. Julio Ollero Editor, 1991.

        [8] Thadée Natanson: Un Henri de Toulouse-Lautrec. École Nationale Supérieure des Beaux-Arts, Paris, 1992.

        [9] Idem.

        [10] François Gauzi: Lautrec mon ami. La bibliothèque des arts, Paris, 1992.

        [11] Maurice Joyant, I. liburukia.

        [12] Arsène Alexandre: Toulouse-Lautrec et las femmes, in La Renaissance, 6. zenbakia, 1931ko ekaina.

        [13] L'Art vivant, 1931ko apirila. Pierre Lazareffek eginiko elkarrizketa.

        [14] Jean Sagne: Toulouse-Lautrec. Libraire Arthème Fayard, 1988.

        [15] Idem.

        [16] Idem.

        [17] Psychanalise d'un peintre moderne, Henri de Toulouse-Lautrec. L'édition littéraire internationale, Paris, 1935.

        [18] Honetaz interesaturik egonez gero, ikus Estela Ocampo - Martí Peran: Teorías del arte. Icaria, 1991.

        [19] Honetaz ikus Ernst Gombrich - Didier Eribon: Lo que nos cuentan las imágenes. Editorial Debate, 1991.

        [20] Charles Baudelaire: Salones y otros escritos sobre arte. Visor, Madrid, 1996. Berehalako ondorioak atera baino lehen, bere osoan irakurtzea merezi du.

        [21] Arnold Hauser: Historia social de la literatura y del arte. Guadarrama, Madrid, 1980.