Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Camembert boomerang
Azkenik Zederrunek eta biok gaizki bukatu genuen; hasi ginen erdi broma erdi serio egiazko maitasunaren kontuarekin eta haserretu zitzaidan, eta orduan esan nion, baina hik zer daukak, maitemindua al hago edo zer? Eta bestea areago haserretu. Orduan bai, orduan trufatu nintzen berataz, bere emaztegaia robot elektroniko bat ote zen, edo maitasuna ordenadorez egiten zuen eta horrelako itsuskeriaren bat edo beste esanda. Orain damu naiz, baina orduan sekulako grazia egiten zidan, ezin nuen imajinatu Zederrun lore bat eskuan eta hitz goxoak inoren belarrira xuxurlatzen. Haserretu egin zitzaidan, benetan, edo duinaren planta egiten hasi zitzaidan, eta bere etxetik alde egiteko eskatu zidan. Eta Camemberta? Ez didazu ezer ere esan gaztari buruz!, egin nuen protesta. Arrenka denbora luzez ibili ondoren, azkenik liburu batzuk jarri zizkidan eskuan. Begiratu hor, hor dago dena, esan zidan. Huraxe izan zen bigarren ustekabea: sekula ez nuen amestu Zederrunen paradisu birtualean libururik sartuko zenik. Hain handia izan zen ezustekoa ezen esan egin bainion; eta orduan bera, haserreturik bazegoen ere, bere ohorea salbatzeko beharrean sentiturik, nonbait, hauxe erantzun zidan, piperra baino serioago, eskanerretik pasatzeko ekarri ditiat, zer uste huen ba.
Alde batetik ikusirik, bedeinkapena izan zen Zederrunen zulotik atera ahal izatea eta nire kasa, lasai, jardun ahal izatea. Gainera, egia zen prestatu zidan materiala neuzkan helburuetako egokia zela.
Habana Hotelean eduki genuen elkarrizketa haren ondoren, nik segurutzat jotzen nuen Carreauxek eta Lasallek emandako azalpen guztia gezurrezkoa zela. Hoteleko bilera hartan Fuentes hark behin eta berriz esan zuen frantsesek «zenbait informazio eta diskrezio erabatekoa» nahi zutela. Diskrezioa! Naturan oso urri aurkitzen den lehengaia da, oso estimatua. Dena ipuina izan edo ez, bistan zen nire ikerketak gazta hartatik abiarazi behar nituela. Nire hasierako ikerketa horietan ez zitzaidan zaila izan Carreauxek eta Lasallek aipatu zidaten camemberta ageri zen koadroaz zerbait jakitea. François Gauziren liburuan aipatzen da. Gauzi hau Lautrecen ikaskidea izan zen Cormonen atelierrean. Liburua idatzi zuen Lautreci buruz gordetzen zituen oroimenak bilduz, Lautrec mon ami, halaxe jarri zion izena. Liburuxka hartan kontatzen du Camembert horren gorabehera, II. kapituluaren hasieran. Le Salon, Saloia, alegia, guztiz loturik dago koadro horrekin, eta Saloi hori zer zen azaldu beharko da aurretik. Ez da, izen berbera izanagatik, Lautrecen arestiko putetxea. Bestelako putetxea zen.
Le Salon, Saloia, historian zehar hainbat gorabehera pairatu zuen Frantziako instituzio bat zen. Lehenbiziko aldiz 1667an egin zen, Frantziako Margo eta Eskultura Errege Akademiak erakusketa bat antolatu zuenean. Bi mendez aldizkakotasuna ez zen finkoa izan, baina, hori bai, Akademiako partaideek baizik ezin zezaketen obrarik erakutsi. 1791ko Iraultzaren ondoren, baina, Saloiko ateak ireki ziren eta 1798tik aurrera gobernuak izendaturiko epaimahai batek egiten zuen hautaketa-lana. Saloia akademizismoa eta gustu ofizialaren defendatzaile porrokatua zen. Bere inguruan halako arte-kritika bat joan zen garatzen Saloiari buruzko Baudelaireren artikuluak horren lekuko. Saloiaren agintariek akademizismoaren jarrerak bortizki defendatzen zituztenez, erreakzio gogorrak sorrarazi zituzten. Inpresionistena, esate baterako.
Orduko margolarien artean, Saloian onartua izatea garaiko margolaritzaren ortodoxian onartua izatea bezalakoa zen, norberaren margolari-agiririk preziatuena. Irakaskuntzara sartzeko, ongi ordaindutako erretratua egiteko, Estatuak enkargatutako koadroa margotzeko bidea zen Saloian onartua izatea. «Ce qui promettait de mettre un peu de beurre sur les épinards», Gauzik adierazten duen lokuzioarekin adierazteko. Ziazerben gainean gurin pixka bat jartzeko modua. Eltzekoa goxatzeko txorizoa. Margolari gazte askoren etorkizuna Saloian onartua izatean zetzan. Onartua izateko epaile-talde baten begirada zorrotza gainditu behar zen. Kontatzen dutenez, epaile-taldea, nahiko jendetsua, onarpenaren zain zeuden obrak gordetzen zituen aretora joan eta bertan, koadro bakoitzaren aurrean, ematen zuten boza, makila altxatuz. Intrigak, elkarrekiko mesedeak, gorrotoak eta horrelakoak ez omen ziren batere arraroak.
Gauzik kontatzen du behin saiatu zela, 1886 urtean, eta atelierreko buruari, hots, Cormoni (gerora ere Saloiko epaile izatera iritsi zenari), Saloian plaza lortzeko propio prestaturiko Femme au tub bat erakutsi ziola. Femme au tub hauek bainuontzi bere gisako bat erabiliz bainatzen, beren burua garbitzen ari ziren emakumeak ziren. Gaia Degasek aterata zen, eta oso gaizki ikusita zegoen. Bai, gure begietara guztiz erridikulua eta konprenigaitza dirudien arren, orduko giro akademikoan, garbitzen ari zen neska bat koadroan margotzea eskandalagarria gertatzen zen, ortodoxiatik eta gustu onetik kanpo. Bada makina bat gauza gure begietara konprenigaitz gertatzen dena horrek ez al du uste baino itsuago garela esan nahi izango, eta horien artean beste hau: jendeak, publikoak, ohitura bazuela margoen aurrean gauzak esatekoa, komentarioak egitekoa, bere konformidadea edo konformidade falta era zaratatsuan azaltzekoa. Hainbesterainokoa baitzen margoak zerbait bizi bezala hartzeko joera. Eta hainbesterainokoa ere arriskua. Gaurko galeria eta erakusketetan inork ez du txintik ateratzen, baina orduan bestela zen. Hortaz, maisuaren iritziak beruna bezala pisatzen zuen; Cormonek zorrotz epaitu omen zuen Gauziren neska. Gauzi, ez iezaiezu halakorik Saloiko epaileei bidal. Ez dute onartuko.
Gauzi zapuzturik gelditu zen, eta Henri laguna ikustera joan, gertatutakoa kontatzera. Lagunaren kontakizuna entzun eta Lautrecek mendekua prestatu zuen. Barregarri utziko ditut mozolo horiek, esan omen zuen, koadro bat bidaliko dut. Natura hila egingo dut. Hau esan eta atezainari egin zion hots, Alexandre!, Alexandre!. Hoa gazta-saltzailearenera eta erosidak camembert bat. Arineketan, presazkoa da-eta!
Aristokratak beti aristokrata; zergatik ez zen, bada, bera erostera joan, atezaina igorri gabe?
Nik espero nuen ultra-Lautrec bat, segitzen du Gauzik, ortzadarreko kolore guztiak islatuko zituen camembert eliptiko bat, hegan, agian; edonola ere epaimahaikideen sabel arrabiak hezur huts eginda utziko zituen koadro iraultzailea. Bada, ez horrelakorik, ez horixe. Aitzitik, koadroan camembert nabar-beilegi zintzo bat zegoen, kadmio eta berde izpi doi batez hornitua, platertxo txukun baten gainean, gider beltzeko labanaren eta edalontzi baten artean. Horixe zen dena. Izenpetu ere ez dut egingo, esan omen zuen Lautrecek. Izengoitiz bidaliko dut.
Esperimentuaren nondik norakoa garbi zegoen; Lautrecek uste zuen Saloiko epaimahaikideak gustu txarraren eta akademizismo gaupasa egindako guztien errege zirela, eta baliorik gabeko koadro bat onartuz gero euren ezjakintasuna eta zatarkeria ongi agerian geldituko zela. Labur: uste zuen koadro zabarra, pinpirina, ponpiera behar zela Saloian onartua izateko.
Bi aste aurrerago Gauziren etxera joan zen, begietatik sua zeriola, ahotik muskerrak eta sugeak ateratzen zitzaizkiola, amorruaren amorruz. Harroputz halakoak!, omen zioen. Onartua izateko epaimahaikideei bisita egitera joan egin behar da, Rafael edo Da Vinciren pare direla esan behar zaie, bestela jai daukazu! Neska izan ezean, noski! Neska izanez gero nahikoa da besaulki gainean erortzen uztea, mintxuritua bezala, izterrak zabal eginik eta gauza eginda dago!
Nonbait, gixajoak benetan uste zuen Camembert harekin Saloian onartua izango zela. Baina epaimahaikideak ez ziren hain zopiloak izan, eta adar jotzea bere buruaren aurka itzuli zen.
Beraz, horixe zen, gutxi gorabehera, Carreauxek bilatzen zuen Camembert haren historia, Camembert horixe omen zen Yves Carreauxek bazeukana, edo non aurki zitekeen bazekiela esaten zuena. Albisteak poztu ninduen; gutxienez banekien nondik nora nenbilen. Zoritxarra da koadro bitxi hori egun desagertua izatea, dio Gauzik bere liburuan, segurutik Lautrecek sekula egin duen natura hil bakarra delako. Beraz, koadroa desagerturik da, inork ere ez daki non dagoen. Carreauxek salbu, nonbait.
Arraioa, pentsatu nuen hau guztia jakin nuenean, orduan Carreauxek eta Lasallek uste dute berebiziko bitxikeria aurkitu dutela. Bon, egia izatera, ez zegoen dudarik koadroak bere dirua balioko zuela.
Zenbait egunez Camembert horri buruzko ikerketak areagotu nituen. Nahiko deigarriak egin zitzaizkidan hiru gauza ikasi nituen: lehena, Lautreci buruz egin den katalogorik funtsezkoen eta fidagarrienean, Dorturenean, hain zuzen, koadroa ez zegoela katalogatua, eta bai, ordea, bigarren mailakotzat jo daitezkeen beste hainbat katalogotan, Rizzoli etxeak argitaraturiko Suganarenean, kasurako. Azken honetan, gainera, koadroaren Gauziren deskribapen laburra eransten da; horixe baita, nonbait, koadroaz ezagutzen den deskribapen bakarra. Bigarren gauza zen gaur egungo kritikari askok, koadroa badenik edo izan zenik zalantzan jarri gabe ere, badituztela beren dudak, eta koadro horri buruz mintzatzen direnean «Gauziri sinestera», «Gauzik bere liburuan kontatzen duena egia bada», eta horrelako formula leuntzaileak eta, batez ere, erantzukizuna saihesteko modukoak erabiltzen dituztela. Zergatik, ordea? Hau biziki deigarria egin zitzaidan. Eta hirugarrena, ez dela erabat egia Gauzik Lautrecen natura hilez esaten duena; ez baita Camemberta margotu zuen natura hil bakarra. Bakarrenetakoa bai, baina bada, esate batera, idi baten burezurra gaitzat duen beste bat. Beste gutxi batzuk gehiago ere bai. Afera interesgarria jartzen ari zen.
Nola galduko zen koadroa? Auskalo, zaila da hori jakitea. Alabaina, Joyanten liburuan hori esplika lezakeen aipu bat aurkitu nuen, hitzez hitz azaltzen baitu margolariak 1897 urtean Tourlaque kaleko atelierra utzi zuenean, beste batera joateko, bertan utzi zituela 90 oihal, margo horiek balio gutxikoak edo garrantzi gabeak zirelakoan.
Lautrecek bi atelier eduki omen zituen. Lehenengoa Tourlaque karrikan zegoen. Tourlaque karrikako hau eta Caulaincourt karrikakoa bat eta bera da; bibliografian bi modutara, karriketako izen bataz edo besteaz izendatua azaltzen da. Arrazoia da ataria, nonbait, bi kaleetako kantoian zegoela. Atari hori bazen, aldi berean, Tourlaque kaleko 5 zenbakia eta Caulaincourt kaleko 27. Garrantzi txikiko baieztapena da, egia da, baina gaizkiulertuak uxa ditzake. Dena den, atelierraren kontua aipatu denez, komeni da esatea, puntu honetan, Lautrecen atelierren ezaugarri nagusienetakoa ordena falta zela. Lekukotasun ugari dago horri buruz. Yvette Guilberten hau, esatera: «Lautrecen bi atelier ezagutu ditut: lehena Tourlaque kalean zen, oihalez zein botila hutsez beterik zen; litekeena zen ordena falta hau jenioaren ezaugarria izatea, nagikeriaren ezaugarria baino lehen. Bigarrena Frochot etorbidean zen, eta bestearen anaia bikia zen» [27].
Ez da zaila imajinatzea inor joango zela atelierrera, koadroak ikusiko zituela, hartu egingo zuela bat edo beste... Imajina daiteke Alexandre atezaina bera pintoreak utzitako gauzen artean kuskuseatzen, berak bere eskutik erosiriko gaztaren koadroa eskuratzen, behin etxean bere andreari erakusten, begira, Marie, hemen da ipotx xelebre horrek pintatu zuen gazta, eskegi dezagun gurean... Eta handik aurrera, harrapa ezak.
Bai, aferarekin zaletzen ari nintzen, hainbeste non burua irakiten hasi zitzaidan, oraindik erabaki gabe zein zitekeen eman behar nuen hurrengo urratsa.
Horretan nengoela gutun luze bat iritsi zitzaidan. Margot Lasalle zen gutunaren egilea.
[27] L'art vivant, 1931ko apirila. Pierre Lazareffek Yvette Guilberti eginiko elkarrizketa.