Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Dermatologia tratatua
Nestor sonbreruduna harrapatzeko zailtasunak eduki nituen, eta harrapatu nuelarik dir-dir berezia zeukan begietan, agian sonbrerua kendu gabe eman berri zuen mintzaldia emateko erabilitako hondar energia-printzaren ondorioz. Oraindik ez al dakizu 1982ko urtarrileko gau hartan zer gertatu zen? Entzulegoa aukeratua zen oso, eta hainbaten zorion-agurrak jasotzen zituen, punttu harroa zuen irribarrea ezpainetan. Komeni zaizu jakitea, orduan, gau hartan zer gertatu zen.
Baina aurreratzen ari naiz; gelditu naiz dermatologiaz pixka bat ikasi behar nuela; bada, hartu dudan Dermatologia Tratatuak kolagenopatien larruazal-agerpenetan deritzon kapituluaren azpian biltzen du. Lupus Eritematosoa du izen zehatza eta osoa. Gaixotasunak aldaera batzuk baditu: larruazaleko lupus eritematoso kronikoa, lupus eritematoso sistemikoa... Berdin dio. Larruan sortzen den gaitza da. Larruazalean lesio kronikoak azaltzen omen dira, hedatzen eta hanpatzen diren plaka more-gorrixkak, nonbait, betirako orbanak eragiten dituztenak. Gorputzaren edozein ataletako larru-azalean sor daitezke, baina normalean eguzkiaren argitan erakusten diren ataletan sortzen da aurpegia, belarriak, lepoa, buru-azala.... Eragin genetikoa garrantzizkoa omen da, baina argi ultrabioletak koadroa larriagotzen eta azkarragotzen omen du. Ukitutako larru-azaleran larrua markatua gelditzen da eta ilea erori egiten da. Gaixotasunaren bilakaera ez omen da oso txarra, gehienetan larruan gelditzen baita, nahiz eta gero, ehuneko proportzio txikian, gorputzaren beste hainbat ataletara, erraietara eta, pasa daitekeen, eta kasu honetan hil egin dezake, antza. Gaixotasunari aurre egiteko kortikosteroideak eta pomadak erabiltzen dira. Liburuko irudietan lupus zeukan baten burua ikusi nuen, eta, zin dagit, ez zuen batere itxura onik. Ez zen oso estetikoa, nolabait esatearren. Hortaz, hasieran uste izan nuen Nestor-Lupusen sonbreruak miseria itsusi bat estaltzea beste helbururik ez zuela izango, baina dermatologia liburuak argi esaten zuen, pixka bat aurrerago, kortikosteroide eta pomadaz aparte, prekauzio oinarri-oinarrizkoena zela ukitua zegoen larruazala eguzkiaren argiaren eraginetik gordetzea. Alegia eta adibide hau bera jartzen zuen tratatuak, gaixotasuna buru-azalean sortzen bazen, oinarrizko prekauzioa zen burua estaltzea, demagun, sonbreru batez. Beraz, ez zegoen dudarik. Sonbrerudunak, nik lehen Nestor bezala eta gero Beliakov izenpean ezagutu nuen horrek, Albiko Museoko kontu-hartzailea izandako Lupus hura behar zuen.
Orain jauzi bat egingo dut denboran, eta kontatuko dut nola, Donostia utzirik, berriz ere Parisera arribatu nintzenean, egin nuen lehenbiziko gauza Lupus-Nestorrekin kontaktuan sartzen saiatzea izan zen. Kasu edukitzea komeni zitzaidala konturaturik, nire sozioek non nenbilen jakin ez zezaten neurriak hartu nituen. Bereziki zaila gertatu zitzaidan Margot despistatzea, neska horrek oso usaimen fina baitu; konturatu nintzen konturatzen zela konturatzen nintzela konturatzen zela maniobra ustekabekoren bat egin nahi nuela. Halarik ere Nestorren Le Nouveau Nadarrera iritsi ahal izan nintzen besteen oharkabean. Nestor jauna? Zertarako? Utzi zizkidan bideoak itzuli behar dizkiot, esan nuen, Wellesen Fake eta Hustonen Moulin Rouge filmen bideoak erakutsiz. Ez dago, jakinarazi zidan dependienteak. Eta gainera ez dut uste aise harrapatuko duzunik, lanpetuta dago-eta, errematatu zuen, nire dezepzioa areagotzeko, hor nonbait zeukan egunkari bateko orriak seinalatzen zituela. Atera, egunkariak erosi, metroa hartu eta kafetegi anonimo bat bilatu nuen Porte de Clignancourtetik gertu zegoen auzo apartatu batean, inork aurkituko ez ninduelako segurantziaz.
Egunkariek ez zuten besterik esaten; George Garastas, milioiak irabazi eta irabazarazten dituen hungariarra, Parisen dago. Hiru hamarkada gailurrean, sekula ezagutu ez den bezalako kasua da. Botere harrigarri eta arraroaren jabea da: jendeak segitu egiten dio. Munduko merkatu guztietako marrazoak Garastasek zer egingo zain daude, jarraitu egiten diote. Sorrarazten duen imitazio-efektu hori dela-eta merkatuak hondora edo altxa ditzake. Europako Moneta Sistema asaldatu zuen lurrikara eta gero, Garastasek onartu zuen publikoki 1.000 milioi dolar irabazi zituela Ingalaterrako Bankuak ez zuela libra esterlinaren gaineko presioa jasango postura eginez. Financial Worlden arabera, Garastas diskretua da, hain zuzen, joan den urtean Wall Streeten dirurik gehien irabazi duten ehun pertsonen zerrendaren lehen postua betetzen duena. Garastas Hungarian jaio zen, 1930ean. Bigarren Mundu Gerra bitartean klandestinitatean bizi izan zen bere familia juduarekin, nazien errepresioa saihestu ahal izan zuelarik. Gerra bukatuta, Garastas Britainia Handira joan zen, eta London School of Economicsen egin zituen ikasketak. 1969an Estatu Batuetara joan zen, eta Wall Streeteko hainbat firma garrantzizkoetan broker zein analista ibili ondoren, bere karrera hasi zuen Cosmic Fund buru. Urteak direla, Berlingo harresia erori baino lehenagotik, SESB zenaren estatuetan adierazpen askatasuna eta mugimendu demokratikoak bultzatzeaz arduratzen da. Arlo honetan aurrera eraman duen jarduera eta inbertitu duen dirua zehaztea zaila da, Garastasen diskrezioa eta zuhurtzia azpimarragarriez aparte, ezaguna baita ez duela prentsarekin mintzatzea maite.
Prentsa asko estimatzen ez bazuen ere, Le Mondeko kazetari batek lortu zuen elkarrizketatzea, ni orduan irakurtzen ari nintzen hura guztia lekuko. Garastasek berak irekitzen duen hoteleko suiteko atearen atzetik, aurkezten du kazetariak, ezer ez da bat etortzen milioi-askodun baten irudi topikoarekin. Garastasek, jantzi diskretua soinean, ilea apurtxo bat nahasirik eta montura fineko betaurreko handiak dituela, unibertsitateko katedradun itxura du. Ez du laguntzailerik aldamenean, lur honetako gainerako handikiek ez bezala, horren beharrik ez duelako, esaten duenez. Izugarri amultsua da eta entzuten duenean irribarre pikaroa zabaltzen du, eta horrek guztiz hurbila egiten du.
Galdu dut «diskretua» adjektiboa zenbat aldiz irakurri dudan kontua. Le Figarokoek, beharbada elkarrizketa eman ez dielako haserre, ez dute horren irudi ona ematen. Bai, Garastas hagitz kritiko agertzen da kapital finantzariak botere politikoa kontrolatzeko duen gaitasunari buruz, hagitz kritikoa da, baita ere, finantza-munduaren kodeak eta jokaerak bizitzaren gainerako arlotan hartzen ari diren indarraren aurrean, baina Asiako gobernuak inarrosten ari da hartu duten erabaki politiko bat Birmania ASEANen sartzen uztea dela kausa, eta, edonola ere, milioiak irabazteari ez dio utziko, ez horixe. Elkarrizketatzen duen Le Mondeko kazetariak, aldiz, bere alderdi filantropikoa nabarmentzen du. Hiesaren aurkako fundazioak bultzatu ditu, SESB zen hartako zientzilariak subentzionatu omen ditu, Karl Popper pentsalariaren filosofia irekia eta aniztasunaren aldekoa zuzpertzeko fundazioa sortu du... Eta artean inbertitzen du, mezenas bat da, Garastas Centers for Contemporary Art (GCCAk) sortzen ditu nonahi: Sofian, Zagreben, Pragan, Vilniusen, Bratislavan, Kieven... Kontaezinak dira Garastasen filantropiak, bere fortuna ez bezala, azken honek 5 trilioi (bai, trilioi) dolar jotzen omen duelako. Zail da kalkulatzen nora ez diren iritsiko olagarro alimale hauen besoak, baina datu hauen argitara, dudabakoa da Tío Gilitoren bertsio postindustrial honek artearen munduan, behintzat, ongi erroturik dituela.
Zergatik zegoen George Garastas Parisen? Bistan da egunkariek ez zutela esango egiazko arrazoia zein zen. Egunkariek diote badagoela enpresa talde handi bat, enpresa talde horrek banku talde bateko buruari eman diola sari bat, urteko mezenasik handienari izan ere, banku talde horrek artea erosi eta lagapenak egiten dizkie museoei zein erakunde publikoei, eta saria ematen dela ospatzeko erakusketa bat antolatu dela (Klee, Kandinsky, Modigliani, Braque, Matisse eta Vlaemincken obrak erakusten dira), gehi arteari buruzko bi mintzaldi sorta: bata, goi-mailakoa, lau hitzaldik osatua, Parisko hotelik inportanteenetako batean emango ziren, eta mundu mailako hizlari ezagun eta ospetsuek emango zuten (Garastas bera ere barne). Esan beharrik ez dago berariaz horretara gonbidatuak baizik ezin zitezkeela hitzaldietara sartu. Bestea hainbat zentro publikotan gauzatuko zen, anitzagoa zen gaiaz eta demokratikoagoa izaeraz, hots, sarrera ordaintzearen truke entzutera joatea bazegoen. Are, azken hauen artean dohain ziren batzuk ere baziren; ordaindu beharrekoak kanpotik etorritako bigarren mailako ordezkariei zerbait eskaintzeko, nonbait, bigarrenak, debaldekoak, herri xehearen balizko protestak isilarazteko. Sariaren ematea bi egun geroago zen, eta festa izugarria antolatu zen, Errepublikako lehendakariak, Europako beste hainbat goi mailako politikarirekin batera, parte hartuko zuelarik. Festa baino lehen, Lehendakariak Garastas deitu zuen Eliseora lan-bilera batean parte hartzera joateko; Frantziako agintearen ordezkaririk handienak ez ezik bere ministro batzuek ere parte hartuko zuten. Egunkariek azpimarratzen zutenez, EBko herri guztiek eta Europako Ekialdeko askok ere euren kultur delegazioak bidali zituzten ospakizunera, euren artean lankidetzako eta elkar ezagutzeko bileratxo paraleloak egingo zituztela. Espainiaren aldetik Ministerioko bi goi kargu daude, gehi ministro-ohi pare bat, bi bankari, kazetariak, idazleren bat... Bistan zen feria hartan erabakitzen ziren negozioek, zirenak zirela, beren munta bazeukatela.
Lupus egunkariko argazki batean agertzen zen; Garastas izanik ere argazkilariaren helburua, ongi ikusten zitzaion handikiaren aldamenean, bere sonbrerutxoarekin, irribarre pikaroa erdizka baizik ez ezpainetan marrazturik. Argazki-oinak aipatu egiten zuen Garastasek aprobetxatu zuela Parisko egonaldia herrikide batzuk agurtzeko, eta argazkian berarekin azaltzen zena, Gica Beliakov nik Nestor edo Lupus izenpean ezagutzen nuena, jaiotzez hungariarra ez ezik, hizlaria ere bazela, publiko zabalentzako sarrera doan zen mintzaldi horietako batean, hori bai. Mintzaldi hori, halabeharrez, egunkaria leitzen ari nintzen egun hartako arratsaldean zen.
Arin bazkaldu, metroa hartu eta Lupusen hitzaldira baino lehen, erakusketatik zehar buelta bat ematera joan nintzen. Kandinsky koloretsu eta benetan atsegin bati begia jarri nion unean, orduan itzalaren moduan atzeman irudi ezagun bat gurutzatu zen nire begiaren eta koadroaren arteko bidean. Doi-doi erreparatu nion buru zilarreztatuari, gorputz meharrari, ebakera oneko jantziari. Bere atzean jarri nintzen, Kandinsky hura ahazturik. Gizona espainieraz mintzatzen zen taldetxo baten erdian zebilen. Hasieran ez ninduen ikusi. Behar bezala ikusteko aukera edukita, ez nuen zalantza izpirik eduki: gizon hura Fuentes zen, kontratista. Bai, abentura hau guztia hasi zenean, Madrilgo hotelean Imanolek Margotekin eta Yvesekin batera aurkeztu zidan gizon hura bera, Fuentes izena edukiko zuenik eta kontratista izango zenik une batean ere sinetsi ez nuen hura. Talde hartako hainbat aurpegi lausoki ezagun egiten zitzaizkidanez, egunkariek «EBko herri guztiek eta Europako Ekialdeko askok ere ospakizunera bidaliriko kultur delegazio» horietako bateko kide, Espainiakoa delegaziokoa, hain zuzen, zela duda gutxi eduki nuen. Arraioa. Zertan ari zen Fuentes, edo zena zelako hura, han? Azkenik ikusi egin ninduen; bere soak nire gorputza zeharkatu zuen, garden bailitzan, bizkarrean nuen koadroari begira bailegoen egin zuen. Nerbiostu samarturik alde egin nuen, hura kasualidadea ezin zitekeen uste osoarekin, eta hagitz ongi ikusi ninduelako duda izpirik gabe.
Lupus hizlari txukuna zen. Ematekoa zen hitzaldiak «Peritazioa arte-lanetan» zuen izenburua, eta balizko inbertsoreak lasaitzeko pentsatua zirudien. Hasteko, autentiko-faltsua dikotomiaren gainean egin zuen halako gogoeta historikoa: «Margo-lantegi bakoitza fabrika modukoa zen garaian, lantegi jakin bateko lanek formula eta ideia komunak zituztenean, horrelako arazorik ez zegoen», zioen Lupusek, eta gero adibide sail bat jarri zuen: «Artea goi mailako ofizioa zen, eta norberaren ideiak denon ideiak ziren. Baziren beste artista batek kontratatzen zituen talentu handiko artistak. Rafaelek bazituen bere zuzendaritzapean oso margolari onak, askatasunarekin amestu ere egiten ez zutenak, sekula ere obra bere-berea egiterik burutik pasatu ez zitzaiena. Rubensek ere berdin, eta batzuetan bere zuzendaritzapeko artisten lanak ez zituen errepasatu ere egiten. Izan ere, ia segurua da Rubensen erretratu jakin bat Van Dyckek margotu zuela [11]. Rubensen margotzeko modua, Van Dyckek imitaturik, guztiz gauza bitxia eta biziki interesgarria da zale batentzat. Baina zer iritziko dio autentikotasunarekin kezkaturiko zale batek?». Ondoren faltsifikazioari buruzko datu batzuk eman zituen: «New Yorkeko aduanaren datuen arabera, hogei urtetan honako koadro hauek iritsi ziren portu honetara, Europatik: Rembrandten 9.428 koadro, Coroten 103.227, Watteauren 113.254 sangina...» [12]. Honen sarrera beldurgarriaren ostean, perituen jakinduria eta euren eskuetan zeuden bitarteko teknikoen zehaztasuna eta garrantzia azpimarratu zituen behin eta berriz, halako moldez non, hitzaldia bukatzerako, inork ezin baitzuen pentsatu ere egin artearen historian norbaitek sekula faltsifikazio bat autentikotzat igaroarazteko nahiko abilezia eduki ahal izan zuenik. Halako limurtzailea zen gure Nestor.
Mintzaldia bukatu orduko hurreratu nintzaion. Besoa sorbalda gainean jarri zidan, bere behialako adiskidea bainintzen, edo nire bisitaren zain aspalditik egon izan bailitzan.
Oraindik ez al dakizu 1982ko urtarrileko gau hartan zer gertatu zen? Komeni zaizu jakitea, orduan, gau hartan jazotakoa. Zure erabakiak hartzen lagunduko dizu, esan zuen, areto hartatik ateratzeko gonbita eginez.
[11] Ch. Moreau-Vauthier: Historia y Técnica de la Pintura. Hachette, Buenos Aires, 1955.
[12] Idem.