Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Lesbos

 

Lasalleren gutunak areagotu egin zuen egun batzuk lehenago nire baitan piztu zen prostituzioarekiko kezka moduko hura. Baina alferrik ari nintzen; gogoeta guztiek, azkenik, ez zidaten balio izan jakiteko zergatik esaten zidan Cristinak esaten zidana, zergatik esaten Imanolek esaten zidana. Emakume guztiak putak bailiran tratatzen omen nituen, eta putak damak bailiran, nonbait. Horrek eduki dezakeen esanahi begi-bistakoaz aparte —neroni begi-bistakoen iruditzen zaidana, eta, horregatik beragatik, esango ez dudana—, aferak garbi uzten zuen, bederen, badirela emakumeak, putak eta damak. Puta guztiak emakumeak dira? Baietz dirudi, edo zalantzarik bada onena omen da, Imanolen arabera, «bigarren mailako ezaugarri sexualei erreparatzea» —hankarteari esaten zuen berak, kabroi halakoak—. Emakume guztiak damak dira? Dama, edo señora guztiak putak dira? Nahiko nahasita nenbilen. Bestalde, bazuen berea, izan ere, Imanolek gai horretaz ezer esateak. Imanolen esaerarik xelebreenetako bat etorri zitzaidan burura: «Emakume guztiak putak dira, besterik demostratzen ez den bitartean, eta arau honek salbuespen bakarra du: norberaren emaztea. Hori puta da besterik demostratzen bada ere». Horrelakoxeak ziren Imanolen ateraldiak. Matxismoa? Misoginia? Matxismo eta misoginia, biak batera? Saramagoren liburu bateko pertsonaia batek esaten duena etorri zitzaidan gogora: emakumeak elkarren baitan birsortzen dira, zintzoak puten baitan birsortzen dira, putak zintzoen baitan, esan zuen betaurrekodun beltzetako neskak. Horixe da Saramagoren liburuan agertzen dena. Eta ez dut ezabatu betaurrekodun beltzetako neskak esana izatea, horixe baita deigarriena, neska baten ezpainetatik datorrela esaldia. Horixe bera ote zen nik pentsatzen nuena hausnarketan ibili nintzen, ezer garbirik atera gabe. Cristinak ere bazuen, bere aldetik, beste teoria xelebre bat gizonei buruz, oso labur eman daitekeena: «Gizonezko guztiak homosexualak dira». Horretan ez zegoen salbuespenik. Inoiz Cristinak bere teoria eztabaidatu nahi izan zuen Imanolekin, ni lekuko nintzela. Imanolen defentsa oso klasikoa zen: bai, esaiozu hori hogei urteko neska bati, eta horrek esango dizu gizonezko guztiak mandeuliak direla. Emakumea, zenbat eta kakatuagoa, orduan eta gizona homosexualagoa. Imanolek, hortik abiaturik, «kakatua fasea» deitzen zuena definitzen zuen maltzurkerian aurrezkirik egin gabe. Imanol ahozabala eta kabroia zen, zakarra.

        Ni nahasirik nenbilen. Nik uste dut «dama, señora» kategoria horri erreparatu izana zela eskema guztiak apurtzen zizkidana. Dama bat zer den ikasten ez dudan bitartean, pentsatu nuen, onena izango da Argensolaren esaldiari eustea, ez da zerua, ezta urdina ere. Aitortuko dut gelditu egin zaidala, edonon eta edonoiz esaten dudala, beste askok ebitaezina eta hondogabearen aurrean «aupa Athletic» esaten duten bezala edo.

        Hipokrisia handia da kontu honetan guztian. Larru-eskaeraren lehen maila, gizonaren aldetik, oso fisiologikoa da, hagitz nabarmen uzten du gizonak animaliatik duena. Zer da gizona, bada, salbuespen heroikoren bat gorabehera, edozein ustekabeko oztopo txiki sortu eta bere jario naturaletan —dela odola, gernua, gorotza edo hazia— ito egiten den animalia baino? Larru-eskaeraren bigarren mailan ere asebetetasun falta agerikoa da, baina asegaitza bestelakoa da, eta komunikazio-ezarekin lotuago dago, edo besterik gabe, bizioaren lehen zantzuekin. Hirugarren maila bat badago, aurrekoen mugatik ustelkeria eta barneko gaiztakeriarik iluneneraino hedatzen dena. Hipokrisia nagusi. Ez al ditugu guk, gizonok, puta bihurtzen? Zer dela-eta ausartzen gara iraintzen eta erdeinuaren kapapean estaltzen?

        Gure ezin-asea da gakoa. Gizona izaki bitxia da. Badira, bai, konforme daudenak dutenarekin, baina ez da pentsatu behar mundua hain zabala izaki, eta giza-jendea hain bariatua, nork bere bizikide egokia aurkitzea erraza denik, eta bide horretan estropezu egitea maiz gertatzen dena da; are eta gehiago bat konformagaitza denean eta bere borondatez konformagaiztasun horrek atxikirik eraman ohi duen etsipen puntua jasateko prest ez dagoenean. Gizona izaki bitxia da. Gizabanako bakoitzak, bere bizitzan zehar, etapa diferenteak badituela ahaztu gabe, esango nuke badirela, bai, monogamoak, gutxi batzuk, agian. Baina badira poligamoak, eta homosexualak, eta zoofiloak, eta paidofiloak, eta masokistak, eta sadikoak, eta... eta biderik makurrena eta doilorrena aukeratu du larru kontua antolatzeko, honako hau, hain zuzen ere, bere potentzial eta energia eta barietate izugarria bikote iraunkor eta birsortzailearen zulo estutik sartzea, sexua horretara laburtzea, horretara errenditzea, gainerako jardunak kriminalizatuz, erreprimituz eta eritasunak bailiran tratatuz. Eta eredu horrek sorrarazten duen presioa izugarria denean, ezin jasanezko modukoa denean, presioa askatzeko esklabutza aukeratu du, emakumea esklabu bihurtuz; eta, esklabuetan esklabuena, puta bihurtuz. Gizonak, gizon historikoak, familiaren uztaia onartzen duen gizon poligamo eta heterosexual klasikoak, ez du onetsi ahal emakume librea, bere erabakiak, sexualak barne, noski, libreki hartzen dituen emakumea. Talibanek burua mozten diete; askok eta askok jo egiten ditu, gehiago edo gutxiago. Hauek muturreko kasuak dira; baina emakumeak kontrolatzeko nahiak beti dirau, mutur horietatik hasi eta forma leunenera iritsi arte. Gizona beldurrez josia, itota, hilik gelditzen delako bere erabakiak libreki hartzen dituen emakume baten aurrean. Pentsatzen hasita, ez da hain zaila ulertzea gure gizonttoak, halako zer edo zer pentsatzen duela: baina, nik libreki aukera dezan uzten badut, eta bera ni baino gehiago bada sexu kontuan, eta ni baino erakargarriagoa bada, hau da, hala nahi izanez gero ehundaka gizon berera eramateko gauza, orduan non gelditzen naiz ni, zer izango da nitaz, gixajo honetaz, orduan akabo fandango, nireak egin du. Eta hori horrela, gizonak emakumea oinperatzea beste helbururik ez dauka, emakumea meneko bilakatzea. Ez duelako bera bezalako pertsona libre batekiko harremanari buruz pentsatu ere nahi. Bekatua egiten du gizonak hala egitean, eta, askotan entzuten den bezala, bekatuan bertan darama penitentzia, ezen, emakumeari berdintasuna eta askatasuna ukatuz, bere buruari ere asebidea eta askatasuna ukatzen baitizkio, eta horrelaxe ixten da zirkulua, keriazkoa, biziosoa, inon halakorik bada. Bitartean, munduan diren proxeneta guztiek kalkuladora ateratzen dute, ekitaldi ekonomikoak eman eta emango duena bistatik ez galtzeko.

        Hitz batez, gizona kabroia da, kabroi hutsa. Eta inork ez dezala pentsa ni hobea naizenik, ni ere kabroia naiz, gehienez ere gehienak baino kabroi kontzienteagoa, eta nork daki kabroi kontzientea ez ote den kabroirik kabroiena, kontzientea baita beti, gai guztietan, «-ena»; zuhurrena, maltzurrena, handiena, itzelena.

        Alabaina, disgresio hauek direla eta ez direla, desbideratzen ari naiz, Lasalleren gutunak oraindik bazuelako pasarte irakurgarririk:

        «Ohikoa da oraingo kritikariek, Toulouse-Lautrecek margotu zituen putetxeez mintzatzean, "luxuzkoak" edo zirela esatea. Zehatz izaten saiatuz gero, ez dirudi hala denik. Hau da, Rue d'Amboise edo Rue des Moulins eta horietakoek bezalakoek ez zuten orduko goi mailako prostituzioa osatzen, erdi mailakoa baizik [42].

        »Hierarkiaren gorengo mailan, Parisen, hiriko erdigune komertzialetik gertukoak —L'Opéra, La Madeleine— zeuden. Luxua nonahi. Diskrezioa bereziki zaintzen zen, bezeroen arteko topaketarik ez zedila gerta zen ardura nagusienetakoa. Zaldi-kotxez ere sar daiteke barruko patio batera, kanpotik ere inork ezin zezan ikus nor sartzen zen. Jeneroa eta espezialitateari zegokionez, denetarik».

        Eta artean bideoa asmatu gabe. Politikari, epaile eta kazetari ezagunenen espezialitateak zeintzuk diren ezagutzeko aukera izango bide dugun honetan, inor ez dadila harri. Kontuak soka luzea du. Jardun nahiko klasikoak dituen batek ez daki zer pentsatu. Ez dugu nerabezaroa gainditu? Ez dugu imajinaziorik? Amorante inozo, are txarrak al gara?

        «Gorengo maila horretatik behera, gelen apaingarrien, nesken, edarien, diskrezio-eskaeren, garbitasunaren eta abarren maila poliki-poliki jaisten doa; putetxea zer auzotan dagoen, zer erosmeneko bezeriari eskaintzen zaion. Azken mailadia Rue Monjol omen da: "Infernurik bada eta Bellevillen dago, Monjol eta Asselin karriketan, non, miasmaren erdian, pipiak jandako eskaileretan gorako gelaxka heze eta errezelik gabekoetan, emakumeak eskaintzen baitira salneurri barregarrietan" [43]. "Va à la Monjol!" inori esatea iraina omen zen; Carreauxi galdetu nion behin esaera ezagutzen ote zuen, eta ez zuen ezagutzen. Bera den kultuarekin, esaeraren berri ez badu, inork ez duela egun erabiltzen seinale garbia da. Ez da harritzekoa: Monjol karrika zegoen auzoa 1929an desegin omen zuten. Alabaina, gaiaren ikertzaileek —Guyot, Adler, Corbin— diote, orokorrean, luxuaren kontua alde batera utzirik, egiazko diferentzia herrian eta hirian egiten den prostituzio klaseen artean zatekeela. Familiarragoa, afektiboagoa, ezagunen artekoagoa herrian, biluziagoa, altzairuzkoagoa, despertsonalizatuagoa hirian.

        »Aukera zabala izanik ere, maison close horietako batek arau zorrotzak ditu: lehenik, agintariek ezartzen dituztenak etxea toleratu ahal izateko, ondoren etxejabeak neskei ezartzen dizkiena.

        »Lehenengo sailekoak ugari dira, eta bat baizik ez dizut aipatuko: gizonezkoek debekatuta daukate bertan bizitzea. Komeni da hau aipatzea Lautrecen biografian hainbestetan aipatu delako horietako batean bizi izatera iritsi zela; hala bazen, lege hori hautsirik bizi izan zen. Hainbat lekukotasunek poliziburuak, zenbaitzuetan, putetxean gela propioa bazeukala adierazten badu ere, aitortu behar da lege urratze hori ez zela oso ohikoa izango; esan nahi da edozeinek ezin zezakeela eskuratu halako "estatusa". Poliziburuak, epaileren batek edo bestek, alkateak...».

        Apaizak, akaso, gaineratu nuen nire aldetik. Askotan pentsatzen dut nire bizitzan egin dudan gauzarik txarrena kartzelara lehen aldiz eraman ninduen erakundean sartzea izan zela; baina ez aise pentsatzekoak liratekeen kontuengatik, ez. Gutuneko azken lerro hauetan Margot Lasallek aipatu sail horretakoen artean sartzea galarazi zidalako baizik. Hein handi batean. Eta pintterdiko lapur bat, aitor dezagun, askoz gauza txikiago eta xumeagoa da gizartean polizia, politikari edo epaile bat baino. Are apaiza baino.

        «Baina neroni etxeak berak neskei ezartzen zizkienak interesgarriagoak zaizkit —segitzen zuen Lasallek, putetxeetako arauak gai hartuta—. Printzipalena da neskek, behin putetxean sartuz gero, bertan bizi behar dutela, preso ia, bere norbanakotasuna galduz; putetxe itxi horietako neskek dena (salbu eta bezeroarekiko harremana) elkarrekin egiten dute. Elkarrekin gosaldu, bazkaldu, elkarrekin lo egin... Deskribapenak izugarriak dira; armada eta komentuaren arteko erdibidean-edo legoke haien bizimodua. Bereziki hunkigarria da nesken lo-gelen deskribapena. Bai, bezeroek gela batzuk erabiltzen dituzte, baina gero, egunero lo egiteko, eguneroko bizimodurako-eta, bestelako gelak daude. Han etzaten dira denak elkarrekin, putetxea luxuzkoa izanik ere baldintza eskasetan, are eta osasunari dagokionez ere: "Mansarda eiteko gela handian, teilatupean, hogeita hamasei neskak egiten du lo, bina ohantze bakoitzean (...). Ur zikinez beteriko burdina txuriko azpilek adierazten dute nola egiten den nesken garbiketa".

        »Gela honi le poulailler deitzen diote, hau da, oilategia. Neguan hotz eta udan bero. Honetaz aparte, neska bakoitzak badu astean behin etxetik ateratzeko eskubidea, eta ordutegi zehatza: noiz altxatu, noiz otordua egin, noiz ile-apaintzailearen bisita jaso, noiz saloian lanean hasi... Bezero bakoitzarengatik ehuneko bat, edo kobratzen dena, osorik, poltsikoratzen dute. Baina alferrik da: etxejabeak, ostatu, arropa, janaria, edaria eta abar ematen dielako kobratu egiten die, guztiz gehiegizkoak diren prezioak kobratu ere. Azkenik, dena gelditzen da putetxean. "Iristen den egunean beste etxe batean pilatu dituen zorrak baizik ez dauzka, ugazaba berriak ordaindu dizkionak. Joaten den egunean ez dauka ezer". Hori bizimodua».

        Kartzela usaina etorri zitzaidan. Nik behintzat Imanolekin baizik ez nituen konpartitzen nire behar behinenak.

        «Baldintza horietan bizi zirelarik, ez zait iruditzen Toulouse-Lautrecek margotu zituen emakumeen arteko ferekak eta xirriak lesbianismotzat har daitezkeenik, besterik gabe. Eta horretan guztiz zentzuzkoa iruditzen zait Laure Adlerrek esaten duena: "Batzuek berehala sartu nahi dute klabe moral bat, esanez, 'hauek lesbianak dira', baina hau ez dago hain garbi" [44]. Kasu, ez dut esan nahi lesbiana izan ezin zitezkeenik, are eta gutxiago guztiz modu askean har daitekeen aukera ez denik; esan nahi dut, bakar bakarrik, afektibitateak —eta sexua, zergatik ez— beti aurkituko dituela bere beharrak asetzeko zirrikituak, bere irtenbideak, eta izanez ere, preso baten modura bizi denak dauzkan abaguneak baliatu beharko dituela. Batzuk lesbianak izango ziren, beste batzuk agian ez; bizimodu horrek ondorio erabakigarriak eduki behar zituen joera sexual epelekoetan. Lautrecek egin emakumeen arteko harremana islatzen duten pinturek nahiko sail berezia osatu zuten. Eskandalagarria, nola ez, edonori ez erakusteko modukoa».

        Hitz hauek ekarri zidaten gogora ezen, ni barruan nengoen garaian, bazebilela esaera famatua, nonahi entzuten zena, airean bazebilena, gose handiari zulo txarrik ez, horra. Lasalle delako horrek asko zekien.

        Bereziki zaila zaigu gizonezkooi emakumeen artekoa ulertu ahal izatea, toleratu ahal izatea, geureganatu ahal izatea. Gizonezkoen artekoa baina mila bider areago; azken finean, homosexuala den mutilaren aurrean batek «kontrario bat gutxiago» pentsa dezake, eta euren desio-objektua izan gintezkeela pentsatzeak ematen duen beldur apurra bizitzak dituen katramila bat gehiago bezala onar daiteke, aurre egin behar zaion beste gorabehera bat, eta ez kezkagarrienetakoa, are eta gutxiago fineziaren kontuak ez bazaitu bereziki kezkatzen. Baina elkarri maitasuna adierazten dioten bi emakumeren aurrean arra deseroso dago. Eta euren piurak, euren jokabideak, euren itxurak erridikulizatu egiten ditugu. Kritikatu egiten ditugu, gehienetan gaiztoz, askotan on-itxuran baino gaiztoz, eta gutxi batzuetan baizik ez begi zoliz eta izpiritu zohardiaz. Haiek gu ukatu egiten gaituztelako. Inori ez zaio gustatzen ukatua izatea.

        Eta hala ere gauza ez zegoen hain gaizki gure hazia espeziea ugaltzeko beharrezkoa zenean. Baina iritsi zen Dolly izeneko ardi bat eta erakutsi zigun gure hazia ez dela beharrezkoa. Bai, zientziak erakutsi du arrok, zentzu biologikoan, akabatuta gaudela. Erlategiko erlamandoak gara, munduak ederki asko egin dezake aurrera gu gabe. Ez dugu ezertarako balio, superfluoak gara, baztergarriak, alboragarriak. Nazkanteak, beharbada.

        Ikuspegi horretatik, bizkar gainetik begiratzen digun lesbianak ez gaitu bakarrik ukatzen. Adierazten ari zaigu gure sentidurik eza, mundu honetan ez daukagula zer eginik. Espezieko arrarentzat, elementu ukatzaile bazterrekoa baizik ez zena arrisku bihurtzen ari da.

        Etsaia da.

        Adi ibili, arra izanik ere ar nazkagarri bihurtu nahi ez baduzu, esan nion neure buruari.

        Baina gutunaren bukaerak haizatu zituen nire gogoetak. «Eskatu duzun bibliografia eskuratzeko, zioen Margot Lasallek, toki bakarra da munduan: Parisko Richelieu karrikako Frantziako Liburutegi Nazionala. Hortaz, etorri, nahi baduzu. Nire gonbidatua izango zara. Albin sartzeko planaz mintzatuko gara». Hau irakurririk, minutu luzeak eman nituen Margot Lasalleren aurpegiaren elementuek osatzen zuten espresioa nire baitan berregiteko ahaleginetan. Ez nuen lortu.

        Telefonoak hots egin zuen. Zederrun zen. Bazirudien azken aldiz egon gineneko erdi-haserre hura pasatu zitzaiola. Gaur mezua iritsi duk Interneteko orrira, jakinarazi zidan, agian interesatuko zaik. Hona mezua: «Internauta Lautrec-zale hori, iker ezazu Albiko 1982 urteko lapurreta». Izenpea, Beliakov. Ez nekien Albiko Museoan lapurretarik izan zenik, esan nion Zederruni. Makina bat gauza bada hik eta biok susmatu ere egiten ez dugunik, erantzun zidan besteak, halako ezin disimulaturiko harrotasunaz. Ikusten zertarako balio duen Internetek? Zalantzarik gabe fede berrira erakarriko ninduela pentsatzen ari zen. Beliakov? Izena ezagun egiten zait. Babo arraioa! Ez al haiz akordatzen? Interneten hainbeste informazio utzi zizun gizona, horixe da Beliakov! Ez, Zederrunek gogorarazi arte ez nintzen akordatzen. Denborarekin ezagutuko nuen, bai, Gica Beliakov. Pixka batean ez ahazteko moduan ezagutu ere.

        Telefonoak hots egin zuen segidan. Cristina zen. Zertan ari nintzen jakin nahi zuen. Sentitzen dut, erantzun nuen. Puska batean ez nauzu hemen harrapatuko. Parisera noa.

 

        [42] Laure Adlerrek, hainbestetan aipaturiko liburuan, sailkapen zehatza egiten du.

        [43] Margot Lasallek aipatzen dituen zatiak Laure Adlerren liburukoak dira.

        [44] Laure Adler: Actes du colloque Toulouse-Lautrec. Albi, 1992ko maiatza.