Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Aurkibidea
LEHEN ZATIA
Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere
Madrilgo March Fundazioan (1996)
Krokodilo bentzutuen begiradak
BIGARREN ZATIA
Inpresioa: lohi berdezko bi bolada
HIRUGARREN ZATIA
Arte irakasle (faltsu) baten arrangura egiazkoak
Drakula kondeari berakatza bezala
Bihotzean min dut eguraldia aldatzen denean
LAUGARREN ZATIA
Karikaturak
Sonbrerudunak Nestor omen zuen izena. Margotek kontuz ibiltzeko berarekin aholkatu zidan, ez zela arropa zuzena. Nestor izeneko kolaboratzailea inguruan ibiltzeak ez ninduen gehiegi kezkatu, ohituta nago. Kolaboratzaileak, poliziak, tramak gorriak, txuriak, beltzak eta grisak beti daude. Goian, behean, ezkerrean, eskuinean. Esperientziak erakutsi dit unea iristen den arte ez dela horregatik gehiegi kezkatu behar. Bakoitzak bereari. Ni lapur zintzoa naiz. armagnac bat eskuan oroimen piktorikoaren asuntoari berriz heltzeko eskatu nion; Nestor hori azaldu aurreko hariari lotzeko, alegia.
Konforme. Orain lehen ezeztatu dizudan zure oroimenari buruzko uste horren mamiari goazkio. Lautrecen ikusizko oroimen harrigarria, eta topiko izatera iritsi diren axalkeria horiek guztiak. Benetan inportantzia duen baliokidetasun hori eman ahal izateko, artistak, marrazkilariak, ez du naturarik behar, ez du ikusizko oroimenik behar. Behar duena da hizkera piktorikoa. Karikaturaren balioaren eta garapenaren asuntoa artearen baitan paperean eta arkatzean erabakitzen da, ez artetik kanpo, ez natura izeneko izaki abstraktu baten baitan. Karikaturizatuaren sudurraren nolakoa gutxienekoa da; karikatura-egileak sudur hori ordezkatzeko egin duen trazoa da interesgarria dena, trazoa bera. Errenazimentutik datorren natura imitatzearen ideia alderantzizkatu egiten da, irauli: natura da artea imitatu behar duena; zentzu honetan interpretatu behar da esaldi famatu hau. Zuk lehen aipatu duzun Daumier, Lautrec, eta beste hainbaten oroimen izugarria mila bider goraipatu da. Ez al da egongo, oroimen handia baino areago, hizkera piktoriko jakin baten bidez fisionomia proiektatzeko gaitasuna? Ez al da hori, hain justu, euren artearen ezaugarririk nabarmenena?
Niri ez galdetu, etorri zitzaidan mihi puntara; isilik iraun nuen, baina. Neska nora zihoan ikusi nahi nuen. Tarteka, konturatzen ez zenean, bere ipurdian iltzatzen nituen begi lerdetsuok. Ez da hain erraza derrota onartzea. Kontraerasorako modurik izango ote nuen hausnartu nuen.
Bere diskurtsua josten ari zela, Margot izotzezkoa zen, eta gupidagabe zafratuko ninduela gaztigatu zidan keinu labur eta adierazkor batez; pikura min egingo dizu, agian, baina beharrezkoa da, mutiko, esaten zuen medikua bailitzan; bere basoa nirearekin topatuz leundu nahi izan zuen tratamendua. Edo hala uste nahi izan nuen nik, nitaz irri egiten ari zelako pentsamendu askoz ere atsegin gutxiagokoa uxatzeko baizik ez bazen. Ordurako taberna ilunenetan genbiltzan, Parisen egoteko merkeak izan arren, milioi bat libera balio duen horietako kopa batzuk edanez. Trago egin nuen. Bon, fini dezagun lekzioa.
Daumier aipatu duzu, eta oso ongi dago hori, segitu zuen Margotek. Izan ere, Daumierrekin hasi zen karikatura umore-kontua baino zerbait gehiago izaten. Ez da harritzekoa, eta honetan Gombrichen esana aipatzen dizut hitzez hitz, ez izatea inpresionistak, espresionistak baizik Daumier arbasotzat hartu zutenak; testuinguru honetan, behingoz inpresionista-espresionista terminoen kontraste nahasgarri honek zentzu apur bat hartzen du. Aipatu duzu Baudelaire, eta hori ere oso ongi dago; Baudelaire izan baitzen Daumierren mediku, abokatu, epaile eta abar edozer zirela barregarriak izan ezik ohartu zen lehena. Areago esango nuke, eta hau nik diot, ez Gombrichek: Baudelairek bazuen karikaturaren garrantziaren ideia osoa, oso gazte zelarik, XIX. mendearen erdi aldean jada. Bestela, errepara iezaiozu datu honi: hainbat karikatura-egile kanpotarrei eskaintzen dien artikuluan, zuk zerorrek aipatu duzun liburu horretan bertan, Goya sartzen du karikatura-egile gisa. Bai, Goya bera. Horrek esan nahi du, nire irudiko, Baudelairek, bere garaiko kritikak eta giro piktorikoak ez bezala, ez zuela uste karikatura bigarren mailako adierazpen artistikoa zela. Alegia, lehen mailako artetzat hartzen zuela jada. Eta orain esan behar dut, eta hau, berriz ere, Gombrichen aitorpena da, Daumierrekin gertatu zen, edo gertatzen hasi zen «karikatura ere Artea Letra Larriz bada» honekin, iritsi ahal izan garela Munch bezalako artista handi batengana. Hitz batez, karikatura da mende honetako margolaritzaren ardatzetako bat. Edo karikaturatik abiatzen da, bederen, abangoardiaren ildo bat. Bestea inpresionisten programak porrot egitetik eratorriko da, lehen ere esan dudan bezala.
Bere jakituria handiagoa zela onarturik ere, zerbaitek ez zuen funtzionatzen. Konforme, esan nion. Baina aspaldi atera gara gaitik, ezta? Non gelditu da Lautrec? Erdi ilunean bazen ere, ikusi egin nuen aurpegian pintatzen zitzaion irribarrea. Margot, margotu nahi zaitut. Margot ez nazazu gehiago margotu. Margotuko ninduen, bistan zen. Are, puntu hartara iritsi nahi zen. Are, nahi zuen, berak azaldu baino areago, nik egin nuen galdera egin nezan. Alegia, guztiz margoturik nengoen.
Orain goaz Lautrecekin, berriz ere esan zuen, garaile. Kontua oso erraza da. Aplika diezaiogun Lautreci Gombrichen teorizazioa. Gauza bakarra ez dut Gombrichengan ulertzen, ez diot Gombrichi barkatzen, honela mintzatzea zilegi bazait. Zergatik ez zuen Lautrec erabili bere teorizazioetan, Daumier erabili zuen bezala? Ezagutza, tradizio kulturalaren kontua liteke? Bizitzarik parte handiena Ingalaterran pasatu izana liteke arrazoia? Tira, kasurako berdin da. Nik honela ikusten dut afera: karikatura-egileak, Daumier ere barne, bere garaian bigarren mailako artistak ziren, ez ziren Arte Letra Larriz idazten denaren partaide. Ilustrazio-egileak ziren, marrazkilariak. Gauza gutxi XIX. mendeko kritika artistikoaren begietara (Baudelaire alde batera utzita, baina Baudelaire berezia zen), txikiak ziren arte akademikoaren ustez. Goncourtek eta bestek Lautrecen erretratuak karikaturak direla esaten dute, baina erdeinuz esaten dute hori, pintorearen lana gutxiesteko. Are, gaur egun, oraindik ere jende askok esaten dizu: Lautrec? Ba! Marrazkilari bat. Ba, ez jauna! Karikaturak zeuzkan posibilitateetan sinetsirik, berau da Arte Letra Larriz idazten denean txertatzen saiatu zen lehenetarikoa, Van Gogh saiatu zen beste, edo areago. Nire ustez ez da batere kasualidadea bi artista handiengan, Parisen elkartu zirenean, Cormonen atelierrean biak ikasle zirelarik, sortu zen elkarrekiko begiramena eta errespetua. Lautrecek Van Goghen erretratua egin zuen, hori ez da kasualidadea. Azken batez, batak zein besteak azkar ikusi dute karikaturak aurpegiak desitxuratzeko duen ahalmena baliagarria dela pinturan. Horregatik Lautrecek olioz eginiko hainbat erretratu karikatura baizik ez dira, edo ia. Begira ezazu Oscar Wilde derrotatu hori, adibidez. Ulertzen duzu orain zergatik gelditu ginen hain denbora luze Orsayko Femme au boa haren aurrean? Ez al duzu gogoan behin eta berriz begiratzeko eskatu nizula? Are, bere koadroetako pertsonaia asko eta asko edaleak, kantariak, jokalariak, putak karikatura moduan emanak datoz. Baliokidetasuna da hor adierazten dena, ez antzekotasuna. Bere ofizio eta teknika izugarriaren bidez emana. Mundu bat, mundu oso bat. Koadroetan. Koadroetan errepikatu egin zuen, eta isilune batez eman zien indarra bere hitzei, koadroetan, ez hogei soseko aldizkarietan, edo txisteetan. Hori, orduan, iraultzailea zen. Da Vincirengandik hasita, fisionomia-azterketak ugariak izan dira. Le Brunek, 1696 urtean, pasioak marrazteko metodoa egin zizun. Le Brunentzat, arteak bazuen hizkera solemnea, alde batera utzi ezin zitekeena, bazter utziz gero kategoria galtzea zetorrelako. Horregatik, pasioak aztertzeko egiten duen tratatu fisionomikoan, bere irudiak beti «politikoki zuzenak» dira, Estilo Handiaren buru tipikoak. Nola margotu Benerazioa. Lilura. Min jasangaitza. Horrelakoak dira Le Brunek ematen dituen ikasgaiak. Tradizio hori, pinturak ordura arte eduki behar zuen dekoroa da karikatura-egileek apurtzen dutena. Baina karikatura-egileak aldizkarietan eta bigarren mailako adierazpen artistikoetan baizik ez ziren ari. Tradizio horren apurketa da Lautrecek, lotsagabe halakoak, koadroetara, margolaritzara ekartzen duena. Lautrecen zenbait lagunen testigantza oso azpimarragarria da, ikuspuntu honetatik; Gustave Coquiotek, adibidez, dio behartu egin behar zuela bere burua «polit egiteko», eta ez zuela erdiesten [23]. Coquiotek huts edo ezin bezala ikusten duena ez da horrelakorik, hizkera piktoriko propio baten agerpen energiaz betea baizik. Pintoreak traizionatu ezin dezakeen hizkera piktorikoa. Berak hala ikusten du, hala pintatu behar du. Hitz batez, bere paletan leherkari potentzia handikoa baduela konturatu da, bere paletan duelako munduak sortzeko ahalmena. Nekez aurkituko duzu, Lautrecen ondoren, halako artearen aldeko manifestua, halako artearen erreibindikatze errotikoa. Artearekiko sinesmenaren adierazpen puruagorik. Daumier, Van Gogh eta Munch aipatzen ditu Gombrichek, eta nik bere esana osatu nahi dut: Lautrec ere horien pare jarri beharra dago.
Bazegoen pasioa hitzotan. Margot handiagotu egiten zen nire begietara.
Finean, arrazoi zuten Joyantek, eta Alexandrek, eta abarrek, putetxeetara joaten bazen arrazoi artistikoengatik joaten zela esaten zutenean. Lautrecek bazekien, jakin behar zuen, noski, piktorikoki, zer egiten ari zen. Eta bazekien, noski, margoaren dekoroa, ahalkea apurtzen ari bazen, bere bidea ez zela sekula izango markesen edo burgesen erretratuak egitea, inork ez ziola txalorik egingo, zirkulu ofizial eta akademikoetako inork ez, bederen. Oso erraz ulertzen den arrazoi batengatik: burgesek eta markesek apurtu egingo zituzketelako bere erretratuak, ez zituzketelako onartuko, ez zuketelako bere hizkera piktorikoa onartuko. Anne Roquebert bezalako aditu batek ere horixe aitortzen du: Lautrecen oso erretratu gutxi dira enkargu baten ondorio [24]. Gehiago, aditu honek berak jakinarazten du bere bizitzako azken urteetan aristokraziako partaideei erretratuak egitera bideratu nahi izan zutela, baina alferrik; esperimentua ez zen aurrera atera. Eta Lautrecek bazekien, noski, bere hizkera piktorikorik gabe bera, artista bezala, ez zela deus. Irtenbidea: putak, kantariak, mozkorrak, langileak... Izenik gabeko jendea, kexuka hasiko ez zitzaiona, nahikoa lan bazeukana eguneroko bizimoduaren ausikiari aurre egiten, bere ohoreaz kezkatzen ibili gabe.
Dekoroaren asuntoarekin apur bat exajeratzen ari zela iruditzen zitzaidala esatera ausartu nintzen. Baina egia zen interesgarria iruditzen zitzaidala esaten zuena. Gogoeta oso pertsonala zela bi gauzatan nabari zen; lehena, ohiko kritika-bideetatik urrun bazebilela, eta bigarrena, sutsu defendatzen zituela bere ikuspuntuak. Margoten fisionomia, egiazkoa, benetan ikusten ari nintzela iruditu zitzaidan. Dekoroaren gaiari egin nion objekzioaren arrapostua luze gabe iritsi zen.
Dekoroarena norainokoa zen uler dezazun beste anekdota bat kontatuko dizut. Zidlerrek, Moulin Rougeko jabeak, tokia utzi zion Lautreci lanen bat eskegitzeko. Areto hartan eskegi zuen Lautrecek La Gouloue entrant au Moulin Rouge. Bertan La Goulue ikusten da, beste bi emakumezkorekin besotik helduta. Horietako bat bere ahizpa da, Jeanne Weber [25]. Honi begi-bazterra, mototsa eta sorbalda baino ez zaizkio ikusten. Baldarra eta potoloa zelarik, huraxe nahikoa gainerako demoiselleak algaraka has zitezen koadroa ikusita. La Gouluek protesta egin zuen Zidlerren aurrean, eta honek Lautreci koadroa kenarazi. Hortik atera kontuak: pixka bat gora egindako hirugarren mailako kantariak ahalmena bazuen, dekoroaren ideia hau dela-eta, Lautrec aristokrataren margo bat kentzeko. Zer ez zitzaiokeen, orduan, burges handiuste batekin gertatuko?
Ezer esateko gauza ez nintzela izango bazirudienean, eta alkoholaren eraginez, beharbada, kontraeraso modukoa atondu nuen; konforme, baina gauzatxo batzuk esan nahi dizkizut. Lehena, Lautrecek ez al zituen modeloak, eta askotan gainera, erabiltzen? Eta ez al zituen, bere oroimen harrigarriari esker, sekulako balentriak egin ahal izan? Honetan kasurik deigarriena jartzen nion adibide: oso zelebratua da 1899an Sémelaigne sendagilearen klinikatik alkohol-arazoak zirela-eta familiak sartu zuen tokitik ateratzea nola lortu zuen: zirkuari buruzko marrazki-sail oso bat buruz eginez. Buruz, aizu. Hori ez al da oroimena? Eta hirugarrena, Lautrec, ilustrazio-egilea ere bazenez, karikaturak egin egin zituen. Karikatura-karikaturak. Horrek deuseztatuko luke Arte Handian txertatzearen teoria.
Margotek orduan irribarre gozoa egin zuen. Beharrik erantzun duzun, esan zidan; zer edo zer erantzuteko gauza ez bazina, ez zenuke negozio honetarako balioko. Honezkero dudak egiten hasia nintzen. Karikaturak egin zituela, noski. Margolaria zen, baina ilustrazio-egilea ere bai. Horrek ez dio nire teoriari ezer ere kentzen. Modeloak erabiltzen ote zituen? Jakina. Bonnatek, bere bigarren irakasleak, bideratu zuen hartara. Horren eraginez, ausaz, askotan erabili zituen modeloak, baina ez beti. Gainera, maiz errepikatzen den beste datu bat badaukagu: bere modeloak ez zituen askorik nekarazten, saio laburrak baizik ez zituen egiten haiekin, gehienetan. Datu hau mila bider ageri da bere obrari eskaini zaizkion liburuetan. Hor dago, adibidez, Paul Leclerq idazlearen lekukotasuna. Nik ulertu nuen lanerako zuen erraztasuna, dio idazleak, erretratua egin zidan unean. Hilabetez asteko hiru-lau aldiz etorri naiz, baina segurua da ez dudala, denera, bi edo hiru ordu baino gehiago posatu. Minutu batzuez lan egiten zuen, eta gero «nahikoa lan egin dugu!» esanda paseatzera ateratzen ginen [26]. Eta, zirkuaz esan duzuna, horixe da nire tesiaren aldeko adibidea, hain zuzen. Batzuek diote litekeena dela Lautrec, internatua zegoen bitartean, zaindariren batekin Benouville kaleko Molter zirkua ikustera joan izana. Baina ez dago horren aldeko frogarik batere. Orduan, zeri leporatu ahal zaio estanpa horiek duten aberastasuna, detaileen joritasuna? Oroimenari, edo bere teknikaren bidez arkatzez mundu oso bat birsortzeko gaitasunari? Berak marraztu zuen zirkua guztiz imajinarioa da, inon inoiz existitu ez dena, errealitate fisikoan erreferenterik izan ez duena, eta, hortaz, guztiz sortu berria bere koadroetan. Jakina, Lautrecek zirku-espektakulo asko ikusi zituen bere bizitzan, oso zirkuzalea zen. Amazona, zaldia, pailazoa ezagunak zitzaizkion. Baina Sémelaigne sendagilearenean egin zituenak ez dira halako amazona, halako zaldia, halako pailazoa. Ez da pentsatu behar zaldiaren lepotik zintzilik, akrobazia egiten ari den amazonaren zilipurdi eta jauzia inork inon egin duena denik, Lautrecek sekula ikusi duenik, are egin zitekeenik ere; amazona eta bere akrobazia marrazkian baino ez dira. Ez, ez da oroimen-kontua, beste zerbait da. Arsène Alexandre kritikariak ere aitortzen du marrazkiak buruz egin zituela, dokumenturik edo oharrik gabe, erreferentzia edo laguntzarik gabe. Eta hortik ateratzen duen ondorioa da «intelijentzia plastikoaren mirakulua» dela. Bai, badakit hau guztia fenomeno bera bi modutara azaltzen aritzea baizik ez litekeela: azken finean, «oroimena» aipatuz edo «artearen naturaren gaineko nagusitasuna» aipatuz, gauza beretsua esaten ari gara: marrazkiak hor daude, Lautrecen zirkua hor dago, sinesgarria egiten zaigu, eta hori da dena. Badakit, halaber, orduak eta orduak egon gintezkeela afera eztabaidatzen inolako adostasun-puntura iritsi gabe. Berdin da; nik erreibindikatzen dudana ez da Gombrichengandik jaso eta Lautrecen obrari aplikatzen diodan kontzeptuaren erabateko nagusitasuna; ez dut esaten egia bakarra denik, ezta egiatik gehien duena denik ere. Esaten dudana da oroimena aipatzea arazoa gainetik aise kentzeko modua dela, errazkeria, nagikeria intelektuala. Esaten dudana da nire ikuspuntua zehatzago, landuago, iradokorrago eta zorrotzagoa dela. Eta hortaz, baliagarriagoa.
Margotek hasperen egin zuen. Ordurako biak nekatuta geunden. Gainera, bukatu zuen, ideia-txikle zenbait eskatu zenizkidan. Nahikoa txikle eman al dizut? Azken buruan garrantzizkoena da orain bai, orain, eta batez ere gaur hitz egin ditugun ideiak zeureganatzen badituzu, laster egongo zarela Albiko zuzendariari sinesgarriki aurre egiteko moduan.
Sukaldaritzan arraina edo okelaren puntua bezala, musikan Beethoven interpretatzeko tempusa bezala, ipurdientzat ere badago puntu, tenore zehatza. Berriz esan beharko dut ipurdiak ez direla nire espezialitatea, baina Margotek larruzko praka beltz horiek janzten zituenean niretzat ez zegoen gehiago eguzkirik, ez denborarik, ez espaziorik, ipurdi mozartar hura baino ez zegoen. Esan ohi da Toulouse-Lautrec hogei aldiz baino gehiago joan zela, segidan, Chilpéric izeneko opereta hala moduzkoa ikustera, bakar-bakarrik bertan dantzan egiten zuen Marcelle Lenderen bizkarra gustukoa, oso gustukoa zuelako. Nik egunak eman nitzakeen Margoten sorbaldaren bukaerari begira. Eduki zezakeen haragi guztia bazuen; zentimetro bat lodiago eta behera eroriko zen, zentimetro bat gutxiago eta ez zen erabat betea izango. Hitz egin al liteke ipurdiaz barregarri izan gabe? Nekez, segurutik, baina nik gura nuke nire jarduna txokarreroa ez izatea ipurdi-mazela unibertsal horien ohoretan.
Batek zekik, agian puta estilo handiduna nauk. Orduantxe bota zuen. Ez zuen denbora luze faltako egun berria zabaltzeko. Hezurrak goizeko hotzak gogorturik neuzkan, beste gorputz baten kontra estutuz baizik kentzen ez den hotz horrekin. Ni hemen bizi naiz, esan zuen Margotek, eta ez nuen jakin bereizten gonbidapena edo baieztapen neutroa ote zen.
Ibaia non zegokeen kalkulatu nuen. Agian Senarako bidean aurkituko nuen lepotik eskegitzeko harri pisu, oso pisua.
[23] Gustave Coquiot: Lautrec. Nombreuses illustrations la plupart inédites avec des souvenirs par Gustave Coquiot. Paris, 1913. «Je l'ai vu se forcer en présence d'un modèle -un portrait payé- à 'faire joli', et ne pouvoir, à mon avis, y reussir».
[24] Anne Roqueberten Retratos artikulua Toulouse-Lautrec liburuan (Julio Ollero Editor).
[25] Anekdota hau François Gauziren liburutik hartua da. Beste hainbaten arabera, «ahizpa» hau egiatan bere amorantea zen (ikus Danièle Devynck, esate baterako).
[26] Danièle Devyncken aipatu liburutik jasoa.