Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Ama Lur

 

        Mende laurdena betetzen zela mustu zenetik, Euskadiko Filmategiak liburu eder eta zaindua argitaratu zuen 1993an filme honi buruzko datuak, iritziak eta kritikak bilduz, garaiko politika eta kultura ere gehigarritan zehatz kontestualizatuta. Eta bilduma dotore honetan ageri ez diren bi erreferentziak —Gabriel Arestiren artikulu batek eta Joxe Azurmendiren poema batek— lagunduko zuten, nik uste, filme errepikagaitz hau behar moduan konprenitzen.

        Euskal herritarrok Hiruretan Hogoita Zortziko Maiatzik izan ez genuen arren, historikoa dugu urte hura: atxiloketa ugari, lan eta gose grebak, errefuxiatuak, atzerriratzeak, ekintza armatuak, salbuespen egoera... Euskal Herria irakiten zegoen politikan eta kulturan: Arantzazuko Batzarra, euskara batuaren oinarriak, ikastolen eta AEKren garapena, Ez dok Amairu, Lur liburuak... eta, nola ez, euskal zinemagintza baterako lehen urratsak. Basterretxea-Larruquert bikoteak eginak zeuzkan ordurako laburmetraia batzuk. Euskal herritarra hasia zen berriz bere burua ikusten, espainola ez zatekeen oro debekatzen zuen diktadura batean badere. Kirola eta folklorea baino ezin erakuts zitezkeen, baina pantaila handiak liluratu egiten gintuen. Horrelaxe aitortzen zuen Iparraldeko euskaldun idazle gazte batek, Iruñean Pelotari Aizkolari eta Usotegietako Sareak ikusi ahal izan zituelarik. Halako dasta ederra eskainia ziguten zuzendariek lan handiago batean sartu zituzten eskuak, Euskal Herriaren fresko zabala izanen zen luzemetraia. Ama Lur filmeak irrikitan jarri zuen euskalduneria fotograma bakarra ere argazkitu baino lehen.

        Horra hor gure irrintzietarako indargarri bat: kinema, irudigintza ta mintzak. Hauxe da bada euskaldun batzuen uste tinko ta polita, gure Euskal herriaren kanta zirrarezkoa izango dan koloredun ta kinemaskopezko mintza luzea [...]. Halako begiramengarriak egin dizkigutenok ez ote digute Amalur honekin ere beste bitxi atsegingarri bat? Guztiok beren pentzudan gogoz ta berengandik benetako irudi-olerki bat irtengo zaikulakoan; egongo ezkera ba aurreko biok ikusita ditugunok?

        Ehun pezetako txartelak banatu ziren, herri-ekimenaren bidez aitzinkontua osatu ahal izateko, diru-ezarleak mozkinen partaide eginik. Honek, egun, publizitatea dela iduri luke, iritzi publikoa aldez aurretik bereganatua edukitzearren eta jendea aretoetara biltzeko, baina 1966an ez zegoen bertze biderik dokumental handi bati lotu ahal izateko. Euskaldunon festa-zapuzle, Gabriel Arestik, mendeko poetak, gogor kritikatu zituen Ama Lur filmearen filosofia iragartzen zuten lehenagoko errealizazio haiek:

        Ene ahotsa, bertze hainbatetan bezala, oraingoan ere desados jalgiko da. Zeren eta Basterretxea eta Larruquert-en dokumentalak halako laudorio, aintza eta sari jaso ondoren ez du ematen arras zuzena, egia erran, haien merituak iluntzera azaltzea. [...]

        Ez nator, neholaz ere, bere bikaintasun estetikoa kentzera «Pelotari» filmeari. Batere dudarik gabe, kolorearen matizak, kamerari eraginiko hartualdiak, honen kokagunea enkuadre eta enfokeekiko, eta hitz batean, arte honen jakintzak eta menperatzeak behar dituen guztiak osoro lortuak daude. Alde horretarik ikusita, filmeak balio handia du.

        Ni «Pelotari» horren inguruan dabilen literatur mistikaren aurka nator. Irakurria eta entzuna naiz (bego ez naizela ari pertsona partikular bezala entzun dudanaz, ikusle publiko bezala entzun dudanaz baino) sutu egin nauten proposamenak eta, zonbait kasutan, mindu ere egin nautenak, orain arte isilik gorde edo inguru pribatuan baizik erran ez baditut ere halako kontzeptuen aurka neuzkan erreparuak.

        Pelikula egina dagoen manerari eman nahi izan zaion euskaltasunaz ari naiz. Egundaino argudiatu ohi diren hiru euskaltasunei, hau da, naturarena, hizkuntzarena eta arrazarena (azken euskaltasun hau —bertze zoinahi talde etnikotan bezala— ondratua den orok ukatu eta kondenatu behar duena), laugarren euskaltasun bat gehitu zaie, espirituarena. Espiritua gauza (gauza baldin bada) oratuezina, eskuragaitza da. Ezin uki litekeena, beraz, nolabait existituko balu ere, izugarri zaila da konprenitzen eta definitzen. Ene iduriko «Pelotari» filmea euskalduna da, lehenengoz, gaiarengatik. Bigarrenez, egileen euskaltasunagatik; arrazoi hau, naturaz direnez euskaldunak eta ez hizkuntzaz (uste dut) arrazoi murritzagoa da (errana dut arestian arrazazko euskaltasuna ezin dudala kontuan hartu).

        Hala ere, baieztatzen da, oihu ere egiten da, «Pelotari» euskalduna dela, funtsean, bere espirituagatik, egikeraren nortasunagatik, eta ene ulertzapenak konprenitzen ez dituen argudioez, euskal artearen eskola izenekoari lotzen zaio, Artetagandik hasi eta Donostiako Gaur talderaino hartzen duen horri.

        Txirritak erranen lukeen bezala, kupidarik gabe, jator hitz eginez, enetako hori guztia ihesbide bat baizik ez da. Halako kasualitate triste eta ongi adierazkorra ematen da, euskal artearen eskolan enkoadratuak dauden gehien-gehienak, ez dira euskaldunak hizkuntzaz (Oteiza, Arteta, Basterretxea, Ibarrola), euskaraz mintzo diren artistak ostera eskola horretan ezin enkoadra litezkeen moduan pintatzen dutela. Beraz, euskaltasunaren espiritua oinarri harturiko argudio guztiek lur jotzen dute.

        Honen aitzinean, literatoak (ez dut uste euskal literato bat bakarra ere egon denik joera horren barnean, menturaz Pio Barojaren salbuespen bakarraz
—euskal mintzailea ere ez zena—), folklorkeriaren antzeko alor bat ikusten du: euskara galdutako jende asko, bere hizkuntza naturala izan behar lukeena berreskuratzeko xederik eza justifikatzeko, kaiku, zapel eta abarketaz jazten den legez erromerietan, mendian eta dantzan errefuxiatzeko, intelektualok estetikaren aldeko borrokan errefuxiatzen dira kausa berdinarengatik. Salatua nago lehendik ere, konkretuki Jorge de Oteiza gai hartuta, iragan otsailean Bartzelonako unibertsitari euskaldunei eman nien hitzaldian.

        Baina «Pelotari» filmera itzulita, erran beharra daukat hainbertze espiritu usteren ondoren, pilotariaren alderdi fisikoa baino ez duela lantzen ia, abere eder bat balitz bezala, izan ere pelikula ez baita gure kirolarien pose erakusketa bat bertzerik, modalitate desberdinetan joz, ikuslea —hala zait iduri niri bederen— arrazoietara baino sentimenduetara lotuagoa edukitzeko, zoinen bipilak garen euskaldunok, zoinen super-gizonak garen; baina pilotaren alde humanoa, apustuak, adibidez, hainbertze diru harrotzen duen aferaren frontoiostea, ez bakarrik pilotariarendako, baita zaletuarendako ere eduki litzakeen eta eduki dauzkan gerokoak, hori guztia, nahitara suposatzen dut, ezkutatu egiten digute egileek.

        Eta orain, hasieran agintzen nuen bezala, «Pelotari» filmea plazara ekarri izanaren arrazoia emanen dut. Bada Basterretxea eta Larruquert jaunek, ene irakurle guztiek (baldin baten bat baldin badut) jakinen dutenez, «Pelotari» filmean eginiko bide berari ekin diote, baina helburu jasoagoko lanean, «Pelotari» lehen kapitulua izan litekeen metraia luzeko pelikula bat, «Ama Lur» izenekoa. Izenak berak susmoa sortzen digu: «Ama Lur». Ustea daukagu ez ote den ahantziko, «Pelotari» horretan ahantzi zen legez, garrantzi gehiago izan behar lukeena, gure «Anaia Gizon», gizona, gure haurridea.

        Oxala hala gertatuko ez balitz.

        Gure historiaren desmitifikatzea, mito eta argudio erromantikozaleen ukoa maila desberdinetan ari zen egiten euskal intelektualeria. Ama Lur mustu zen urte berean argitaratu zuen Joxe Azurmendik poema garrantzitsu bat, Manifestu Atzeratua:

 

                Gure herriak ez dauka kondairarik.

                Pobrea da. Ez dauka

                pirata koxkor pare bat,

                langile sofritu batzuk,

                muga zentzugabe asko,

                mila zorigaizto

                besterik. Ez da gutxi.

                Euri gortina batek ixten du

                gure kalendarioa.

                Ez da bilatu kondaira unibertsalen

                liburu handietan gure inperiorik.

                Aginako zero bat zen

                gure inperio guztia.

                Eta euskalduna konforme zegoen.

                Ta libre izan nahi zuen.

                [...]

                Eta San Inazioren, Xabierren, Txurrukaren,

                ta Elkanoren ta Habeas Corpusen

                ta nik dakit noren

                gomendio guztiak biltzen

                eta banatzen

                saiatu zaizkigu gure kausaren

                abogaduok. Libre izateko

                inoren baimenik beharko balitz bezala...

                Herri izateko inoren gomendiorik

                beharko bagenu bezala.

                Horiek libertaderik

                ekarriko baligute bezala.

                Ta ez horiengatik, ezpada

                guzti horien kontra

                nahi dugu libre izan,

                kondaira guztiaren kontra

                [...]

 

        Ama Lur oso zaila da defendatzen, baina defendatzen bezain zaila erasotzen. Ama Lur filmeak galdu egiten du eredu bezala proposatzen baldin bada, eta izugarri irabazten mistikaz gabetzen baldin badugu. Zilegi ote zen zerbait errealistagoa egitea? Zonbateraino zen posible diktadurak manipula ez zezakeen autokritika egitea? Zoin izanen lirateke Azurmendiren poemari dagozkion iduriak? Nazionalismoaren erreferentzia oro Ama Lur filmean erakutsitakoari, aipatu liburuan ageri diren zonbait iritzik adierazten duten bezala (eta kritika garratzak ere ez dira falta, egunotan datatuak hain zuzen), mugonkeria politikoa ematen du, edo errealitatearen ezagutzarik eza. Hiruretan hogoiko hamarkadaren akabantzan euskal gazteriaren zati arduratsuena ez zegoen kezkatua argudio historikoen premiez, foruzaletasunetik —sutsuena izanda ere— haratago ari baitzen lanean. Azurmendiren manifestua ez zen kontu garbitze bat bertzerik, geroko guztiei buruz murgil eginik errealitatean.

        Funtsean, Ama Lur tropa frankistek suntsituriko Euzkadi mitikoaren berreskurapena da, maila artistiko landuagoan. Bere testu hanpatua gabe, bere narrakera enfatikoa gabe, iduri hutsa harturik, Ama Lur filmeak fresko etniko zabal batera garamatza, aberri zilegi batera. Idealizatua, baiki, baina ez ote dira ba horrela aurkezten publizitate guztiak? Basterretxea-Larruquert-en lana, nik uste, gure oroimenaren zatia da. Suntsiketaren aurkako garaipena, nola nahi den ere.

        Historiaren paradoxa, ozta hogoita hamar urte beranduago, frankismoa garaitua ez badago ere gainditua behintzat dukegularik, gure herriko buruzagi politikoak ez lirateke ausartuko Ama Lur ekoiztera, nahiz eta txalotuko luketen. Istiluak izanen lituzkete legebiltzarretan, konstituzioz eta estatutuz erraten baimendua daukatena baino haboro erranen lukeelakotz gisa honetako filme baten izendatze hutsak: Lur hitzak lurralde kontzeptua ekarriko luke, hau da, Zazpiak Bat. Antzeko filmea egiteko herri ekimenera jo beharko litzateke ostera, arriskura...