Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Zinema meza nagusi berezia da

 

        Genio y Lengua izeneko manifestu-liburu ezagunean, Ibarrek erdalgintzaren morroi bezala aztertzen ditu garaiko komunikabideak, eta zinema, nola ez, hauen artean:

        Zentzumenei inposatzen zaizkie bortxaz, eta herri-borondatea baino indartsuagoak dira. Beraien sartzea hiltzailea izanik, halakoa da «kultura» arrotzaren nagusigoa ere (bertzelako iduriak, bertzelako gustuak, bertzelako usadioak, bertzelako bizimodua, hitz batean, bertzelako «zibilizazioa»), norberaren «kulturaren» tresna bezala erabiltzen ez baldin badira.

        Ez zegoen ments arrazoiz. Urte gutiren buruan armagintza bezain di-
ru-emangarri bilakatua zen industria izaki, zinema yankiak pantailaren bidez konkistatzen zuen marineen lan bikainek konkistatu ezin izan zutena. Anglosaxoniarra ez zen kultura oro gutietsiz, yankien bizimodua zibilizatuena bezala ezartzeko nehoiz herabe izan ez zutela, zinema baliabide garrantzitsua izan zen kontzientziak kapitalaren eta inperialismoaren alde biltzeko. Edouard Herriot, Frantziako gobernamenduko burua 1924-25ean, eta gero errepublikazale espainol ihesginak bere Lyon-go Udaletik eskuzabal lagunduko zituen hark jo zuen oihu abertzalea:

        — Ez dut nehoiz onartuko zinema iparramerikarrak Frantzia koloniza dezan!

        Baina Paramount-eko ordezkaria ez zen ikaratu. Frantziak indargabetzen ez baldin badu atzerriko filmeen inportaketa mugatzen duen dekretua, Estatu Batuek antzeko neurriak hartuko dituzte: Frantziako zerriki eta tualeta produktuek ez dute sarrera erraza izanen yankien merkatuan...

        Hogoiko hamarkadaren erdialdera 55.000 zinema areto daude munduan, 250 milioi ikuslek bisitatuak egunero. Eta komeniko litzateke, erran gabe doa, areto horietan Estatu Batuek eginiko produktu ederrak ikustea, eta hauek bakarrik, ahal izanez gero: yankiek saltzen dute munduko petrolioaren %40a, telefonoen %63a, nehonereko automobilen %78a... eta mundu osoan burutzen ahal diren filmeetarik %85a! Zinema, beraz, esportaziorako materiala dute yankiek.

        Ez dute konprenitu nahi zinema ez dela produktu arrunta, ez zerriki ez tualeta, kultura ere badela, bizitzari, maitasunari eta diruari buruzko jarrerak proposatzen dituela eta eredu eskaintzen. Erakunde feministek, Eliza desberdinek, Armadak eta Juduen Batzarrak eginiko presioengatik gobernadoreek filmeei ezarritako zentsura... Estatu Batuetan bakarrik da onargarria! Beren herrian onartzen dutena gizartearen onerako, ondasunen joan-jin libreari eginiko atentatutzat hartzen dute bertze nehon...

        Ibarrek lan sail osoa diseinatu zuen «giro euskalduna» erraten zuena suspertzeko:

        Baliabide nagusiak:

        III. Iduria.

        Azkenik, guztiz beharrezkoa da euskal zibilizazioaren zerbitzuan paratzea egungo bultzagarri bikain hau, bertzelako aitzinamendu modernoekin batera exotismo inbasoreak monopolizatuta, gure kulturaren espiritua alda eta suntsi dezan ez baldin badugu nahi bederen.

        Dena ez dago gure indarrez goiti. Badago zerbait, oso eraginkorra izanik, guhauren esku dagoena; adibidez:

        a) Proiekzio tinko eta mugikorrerako materiala sortzea edo egokitzea, hitzaldi eta mahai-inguru atseginetan erabilgarria, herri bileretan, eskoletan, e.a.: diapositiba transparente edo opakoak, filmeak, postalak... Natur gaiak, loreak eta abereak, paisaia, historia, eraikuntzak, euskal bizimodua bere alderdi guztietan.

        b) Euskal zinema saio apalak, mutua eta ozena, euskal giroko eszenak hartuz, jatorrian edo berreginak; dantzak, jokoak eta Herri osoko usadioak (Orixeren poema inspirazio iturri ahitezina izanen litzateke); dauzkagun eta gero eginen diren konposizio dramatikoak; egunean eguneko albiste grafikoak; eragin praktikoa luketen filme jakingarriak.

        Mokoroa ez zebilen oker, zinemak ausarki erakutsia zuen baliabide pedagogiko azkarra zatekeela. Baina fikziorako egiten zuen planteaketa ahula zen guztiz. Orixeren Euskaldunak poema luzea ez zen izan, hurrik eman ere, aberriaren kantu nazionala, agintariek eta bultzatzaileek, Orixek berak baino fermukiago, uste zutenaren aurka. Euskal Herria ez zen Arkadia kutsatugabeko eta bukolikoa. Mugimendua, dinamikotasuna, hirietan zegoen, industriaren inguruan. Han zegoen borroka, dialektika. Han zegoen bizitasuna. Herriaren fresko handia segalariz, pilotariz eta neskatilez egin nahi izatea iragan idealizaturako jauzi anakronikoa zen. Egun, sarkastikoki, lau lorietan gaudela erraten ahal dugu, Orixeren poema hartan oinarrituriko filmerik egin ez izana... betirako filmatuak gelditu izanen ginatekeen erdaldunen begietan!