Baina... noiz arte?
Ez ziren arloteak bakarrik trenaren abiada isilak liluratzen zituenak. Esnobak eta intelektualeria ere interesatu zituen zinemak, denbora-pasa hutsa omen zena arte mailara igan nahi izan zutenak ez ziren bakanak izan. Aipatu Man Rayk eta surrealistek askatasuna ekarri zuten, Cocteau-k zinemarako idatzi zuen eta zuzendaritzaren nekeak hartu zituen, Maiakovski gidoilari eta aktorea izan zen... Betiko eztabaida zaharra sortu zen, komertzialtasuna eta artea ezin baturik.
Gurean aipagarria da 1917ko kolaborazio bat Hermes aldizkari garrantzitsuan. Hartan, Errusiako baleta oinarri harturik, musika eta kolorea pantaila txolkon batean bilduko zituen arte-zinema proposatzen zen:
Oraingo zinematografoaren arrunkeria ikaragarri hori [...], antiartistikotasun hori, gertakari erreala ordezkatu nahi izatetik dator, bizitzaren argazki arrunta izatetik. Errealtasuna arte ororen bizi-arriskua baldin bada, zinematografoan, errealitatea bertzerik ez izaki, ez da, beraz, arterik izanen. Oinarri nagusia da Estetikan, zonbatenaz eta gizakiaren esku hartze urriagoa egon, hanbatenaz apalagoa dela emaitza artistikoa. Bitarteko mekanikoek urrundu egiten dute posibilitate artistikoa; alabaina egia da gizakiaren nortasuna txertatzen ahal dela bitarteko mekaniko hauetan, eta honela, emeki, bitartekook azkartu.
Murrizkeria nabarmena da zinemari artetasuna ukatzea, tesiaren indartzeko erabaki ohi baita, oro har, argazkia edo zinema errealitatearen errepika mekanikoa baino ezin dela izan. Ikusleria, jakina, ez zen ika-mika hauetaz arduratzen. Zinemaren berriak zoratua zegoen oraino. Baina egia da zinema artistikoari sobera erraz hartu ziola gain zinema komertzial arrunt zabar batek. Industria yankiak filmagintzaz gainera banaketa ere menderatua zeukan mundu mailan. Alemaniarrek aipu zuten Traumfabrik handi hura, «amets fabrika», dolarrak biltzeko fabrika bilakatu zen lehenbizikorik. Xalotasuna, sotiltasuna, barre merkea da nagusi zineman. Jon Bilbao Elgezabal marinel idazleak honelako kronika egiten digu 1914an Rotterdam-etik:
A'nei (milla) notin baño geyago ibilli dira Harta Strat kaleko ibayan larrapastaka, ta euren artian orr ogeta amasei inguruko emakume margo gorri bat iñor baño ariñago ibilli da, baña azkenian garesti urten yakoz bere azkartasun gustijak; ibai-ertz alde batera eldu danian, bera bete-beteko zulua egin eta sartu da sama-samaraño; au ikusirik baidatoz neskatilla bi berari elduten, eta beriala onek be sama-samaraño sartu dira; an ibilli dira irurak zarataka ta negarrez; bestiak eztira azartuten ixan arek gaizkatzen juateko, igarten ixan dabelako eurak be samaraño sartuko dirala (ta sartu ezkero ezin legi urten iñok atara ezik, norbera beteko zulotxuban egoten dalako bat); azkenian etorri da txiñel bat eta juan da iru emakumok egon diran tokira, ta bera be zaust! sartun da, putse naikua egiten ixan dau baña ezin urten, eta gero sokatxu bategaz atara dabez laurok, sokatxua beribil bateri lotu atzetik eta tiretuta tatarrez; gero beribil bertan sartuta juan dira laurak, uste dot bakotxa bere etxietara juan ixango dirala, apur bat berotzeko ta soñeko legorrak aldatzeko.
Kronikaren titulua, ongi adierazgarria, Zine'rako irudi polita da.
Belle époque delakoaren gizarte xik hark berrikuntza zinematografikoak txalotzen bazituen ere Bilbo, Miarritze eta Donostian, maila apalak izan ziren areto ilunak bete zituztenak. Mesprezu amiñi batez nekazariek kaletarrak erraten zioten hirietako langileria letragabe, koitadu eta bihozberak aisealdi merke eta miresgarria aurkitu zuen zineman. Dokumentaletarik fikziora egin zuen azkar industriak. Historia ilunenen protagonistek eta amodiozko drama ikaragarrienen biktimek izen berriak hartu zituzten: Francesca Bertini, Gabrielle Rohnne, Molly Ning, Mary Pickford... beti ere ikuslearen olde ezkutuen kilikari. Mende hasmentan buruzagi frantses batek zioenez, zinema langilearen antzerkia da. Geroago, gure nazionalistek gainditu ahal izan zutelarik zinemarekiko lehen ukoa, gisa honetakoak erran zituzten:
Intelektualendako liburua dena zaio herri masari zinta zinematografikoa. Zinema herriak irakurtzen duen liburua da.
Zonbait intelektualek zinemarekiko zuten mesprezua, ene iduriko, jende-metatik urruntzeko ahaleginean ulertu behar da, klase-bereizgarri antzera herriagandik. Ez da sinesgarria garai hartan indarrean zegoen antzerkia arte lana izatea intelektualen begirako. Alabaina, Echegarayren obrek, euskal jatorriko bertze pertsonaia bat aipatzearren, ez zuten hartzen zinemak pairatu behar zuen kritika gogorra... Herriak dirurik ez zeukanez antzezlan haietara joateko, onak ziren, jasoak, bertzelako froga gabetanik.