Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Bolatokien gainbehera

 

        Egundaino ezagutu gabeko arinean dakartza ideiak eta imaiak. Hedatze zabala du eta aldi berekoa. Larderia handiko artea da, arriskutsua. Zinema usteltzaile erraldoia da. Euzkadi egunkari abertzaleak uko egin zion, zinemaren lehen aroan, filmeen berri emateari, kritikoak edo kondenatzekoak izanik ere:

        Lan inmoral baten kondena, egun, erakargarri handia baita, kondena zonbatenaz eta sutsuagoa eta larriagoa izan, hainbatenaz erakarrriagoa.

        Jende txukuna, bilbotar jatorra, ez doa Olimpia-ko saioetara. Kondena moral honek, katolikoetan aho batekoa, ñabardura kulturala hartzen du abertzaleetan:

        Ohartuko zineten Euzkadi-ko irakurleok itxiak dauzkagula zutabe hauek eta administraritzako dirukutxa txukuntasun publikoaren usteltzaileak diren zinema eta antzerki entrepresendako. Eta jakinik moral zentzunaren eta gustu onaren gaiztotzea sinetsezineko punturaino heldu dela latinkeriaren aitzinamenduari eta kulturgintzari esker, Euzkadiko hiri handietan nagusiki, begiak, sudurrak eta ahoa itxi beharrean aurkitu gara, simaur oldarraren aitzinean.

        Ezin zezakeen asko latindu gure herria 1916ko zinemak, egia erran. Euzkadi egunkariak berak haboro latinduko zuen, tamalez. Zinema kondenatzeko estakuru zibila deseuskalduntzea zen. Eta euskalduntasuna galtzea, XX. mende hasmentako abertzaleen ideiategian, arrazaren espiritua edo etniaren funtsa galtzea bezala ulertu behar da, euskararekin baitezpada loturik ez zeuden kontzeptu aski abstraktuak. Berrikuntza guztiak arerio hartzen dituzte buruzagi abertzaleek, kafetegi kantantetik baltseraino, mendeetan iraunarazi duen gure kulturaren arrotza bertakotzeko ahalmena kontuan hartu gabe: trenbidea egitera jin ziren Piamonteko langileek utzi eskusoinu diatonikotik sortu da trikitixa. Txistua bezain jatorra zen dantzarako... baina arriskua zekarren, lanjerosa zen. Ahoa libre uzten zuen. Txistua jo eta bertsoa botzea... saskian ura ekartzea bezain erraza zen. Txistua ez zen lanjerosa. Soinu txipiak berriz mendeetan ezkutuan eta apezen isilka kantatzen ziren koplak berritzeko okasione eman zuen, neska motza, porrua, baratza, mailuaren hotsa, San Antonio Urkiolakoa bera ere sinbolo erotikoak bilakatu ziren. Orduan, eskusoinua Ifernuko hauspoa bilakatu zen Elizarendako, maketoen artea abertzaleendako:

 

                TXERREN-AUSPOA

                Ene gaste maiteok,

                izan zaiz dantzari,

                Jaurtirik baña urrin

                maketo-antz ori.

 

        Aberri, gazte independentziazaleen aldizkari ofizialak, honelakoak eskaintzen zizkion, editorialez, zinemari:

        Baserri artean, artadiaren erdian, iduri antiestetikoak kontraste gorrotagarria egiten duela inguruko baserriekin, «Ideal Cinema» bat ikusi dut zutik.

        Haren ustekabeko azaltzeak, euskal paisaia garbiena ikuste zoragarriaz olgatzen nindoala, samintasun ezkorrarekin batu zaidan amorru bizi bat sortu dit.

        Ez ote zaigu ezinezkoa eginen inbasio suntsigarri honen aurka borrokatzea? Giroak ito egiten gaitu eta, zer egiten dugu giroa aldatzeko?

        Exotismoak dena dauka alde, inposaturiko legetik hasi eta euskaldunaren dirugosea eta abertzaleen burugabekeriaraino.

        «Ideal Cinemak» erdalkeria dakar gerokotzat herrietan, eginen duen gaitzik arinena. Atzo bertan, korrespontsal euskaldun bat kexu zen hemen, herriko bolatokia zinema aretoa bihurtzen delakotz gauero.

        Gure hogoita hamar urteko abertzaletasuna, ostera, ez da gauza izan euskal eskola bakarra sustengatzeko bolatokiren batean, elizatari batean edo ezkaratz batean. Eta baserrietako euskal eskola bat mantentzeak «Ford» baten ezantza kontsumoak baino gutiagoko kostua du, libertigarrien aurrekontu apur batek baino, dozena bat boto baino anitzez ere gutiago Liga Monárquica-k ordaintzen dituen prezioan.

        Aberri aldizkariko gazteek, testuaren egilea den (ez dator sinatua baina) Eli Gallastegi buru dutela, kritikoak ageri dira alderdiko nagusiekin. Editorial honetan, kezka moralaz landa —kezka linguistikorik ez da ageri, erdalkeria, euskara galtzea gaitzik arinena da, eta ematen du honenbertzez errugabe egiten dutela beren burua— Euzkadi-ko atal guztiak kontrolpean zituzten beren buruzagienganako kritika hauteman liteke. Zilegi da erraten den Ford horrekin alderdiko Sotazaleen bizimodua eta arduragabekeria salatu nahi izana...

        Boloaren eta brillen jokoak gainbehera egin zuen zinemak bulka handirik egin behar izan gabe eta, damurik, ez zen zinema areto bana sortu bolatokietan. Halaz guztiz ere, garbizaleen amorrurako, frontoiak bilakatu ziren zinemaren aterpe. Iruñeko Euskal Jai bera ere ilundu egiten zen pilotariak ez bertze batzuek joka zezaten ezkerreko paretan 30-40 urteetan. Gernikan frontoi berria egin zuten 1924an, anitza, taberna-egongela, billarrak errebotearen atzean, probalekua eta guzti zeukana... eta baita kontrakantxaren zati bat zuriz margotua filmeen emateko! Zarautzen mustu berria zuten frontoiak Frontón Cinema zuen izena. Ezkerreko paretan pantaila handi bat ezarri, aulkiak zabaldu kantxan, eta horra hor zinema areto ederra. Jazpanak alaitzen zituen bobinak aldatzeko behar ziren tarteak... Arrazaren tenpluan atleten borroka garbia baino Buster Keaton ikusten zuten euskaldunek: zinema ere euskal jaia zen!