Herria beti zerri
Gure bertsolariak gainerako artistak baino libreagoak izan dira, heterodoxoagoak. Ideologia gorabehera, berez dira nazioa, eta horrengatik hartzen ahal dute herritasunaren oinarrian dagoen hitzaren askatasuna. Beraiek izan dira, tradizionalki, zentsurari trufa egin ahal izan dioten bakarrak. Peoiak izan dira, mozkorrak izan dira, ohoinak, gonazaleak, kriminalak... Martin Fierro ugari dauzkagu, filmatuko dituen Torre Nilssonik ez daukagun arren. Eta baita zonbait Charlot ere, antiheroi kaletarrak. Ekarri ote zion Charlotek Txirritari? Ez dut dudarik egiten, baina haizeak eraman ditu argiak ekarritako bertsoak. Gure bertsolariek berrikuntza guztiak kantatu ohi dituzte: globo aerostatikoa, tren elektrikoa, automobila, telebista, lehen bihotz-zeharraldaketa, gizakiaren ilargiratzea... Baina iduri luke nehoiz ez direla zinema areto batean sartu.
XX. mendeko bertso kopuru handian saihetsekoak dira zinemaren aipamen gehienak. Misio eta bederatziurrenei ateratako bertsoetan ageri da, sermoilariaren hitzak akordura ekartzen direlarik nolako aktore bikainak izanen ziren Aita Aizpurua eta Aita Laskibar, zoinen hunkigarri eta zinematografikoa zen pulpitukoa ez bertze elizako argi guztiak itzaltzea, hark goitik argi zezan apezak bekatariei mehatxu erakusten zien burezurra! galbiderako zoko eta bazter guztiak kondenatzeko, zinema barne, bistan da. Entzun beharko zuen erasiañorik Juan Ojanguren piano-jole gernikarrak... Luzio Askarai arrabitariarekin Cine Lizeoan arratsaldero filmeak animatu aitzin organoa jotzen baitzuen goizez elizan!
Domaia da zinemak ez sorrarazi izana, bertzelako berrikuntzek sorrarazi gisaz, bertso zororik. Lehen aipamena 1925ekoa dugu, Zaldubirena, eta mende erdira arte behin eta berriz errepikatuko duen tonu berean:
Eta gañera enkargatu'itu
neska ta mutil gaztiak,
askok egiten dituztela
txit ibilera tristiak;
nola teatro, igual zine,
gañera dantza nastiak,
oiek dirade Luzifergana
juateko albistiak
Hurrengo urtean jenero berdineko konposizio batek hartzen du gaia. Juan Zabaletarena dugu:
Bai eta ere esan digute
oraingo jende gaztiai,
gorroto aundiya arren artzeko
infernurako bidiai;
alde batera firme uzteko
zine txar eta bailiai,
anima garbi entregatzeko
zeru ta lurren jabiai
Bertso biek ematen digute aztarnarik garaiko giroa itxuratzeko. Lehenik, gazteei eskatzen zaie zinemarekiko mesfidantza. Pentsatzekoa da gazteria inobreka, trumilka joaten zela zinemara. Areto ilunak garai bateko artazuriketak ordezkatuko zituen, artoa aletzeko aitzakian sexu bietako gazteek egiten zituzten bilera, nonbait, lizun samarrak. XIX. mendean kontu eta kantu zena iduri bilakatu zen XX.ean. Nehoiz ez zen erromeria garbirik izan, Frai Bartolome de Santa Teresak gogor jardun zuen erromedijec, biguirec eta saraubec... zekartzaten kalteez. Apezek uste zuten baino bekatu gutiago eginen bazen ere zinema aretoaren ilunpean, gazteek maite zuten filme txar batek ematen zien Peru eta Mari ikusteko aukera:
Anitz gara engoitik Bellas Artes eta Eretsu zinemetan «atsedenaldia» beharresten dugun irundarrok. Izan ere, bista lasaitu eta sobera laburra zaigun zigarreta pipatzeaz gainera, oso atsegina baita filmearen nolakoa eztabaidatzea aurpegi ezagunak ikusiz.
Egizue kontu zer den areto zinematografikoan zazpiak eta laurdenetan sartu eta bederatziak jota jalgitzea, denbora osoan «ilunpetan» egon beharrez, zintaren ederra gorabehera, eta zonbaitetan horrelakorik ez dagoela. Hau hilduratze handia da gazteendako, hamar minutu horiek Urlia eta Berendia ikusteko parada baitziren, eta menturaz begi-keinuren bat egitekoa ondoko aulkiko neskari...
Bigarrenik, Zaldubi zarauztarra da, Zabaleta errenteriarra, garai hartan biztanleria handia zuten herritakoak biak. Zinema karrikari txertatu zitzaion, eta honen ikurra zen. II. Mundu Gerlak gaitzeko boom ekonomikoa ekarri zien Bizkaiko itsasetxeei, eta honek, hain zuzen, zinema ugari zabaltzea ekarri zuen. Gernikak izan zituen Café Zorrilakoa, agustinoen ikastetxekoa, Liceo Guerniquesena, Frontoikoa eta noizbehinka Teatro-Circokoa. Arana kondeak ematen zion distira herri xehearen libertimendu honi. Berak egina zen Liceo Guerniqueseraino etxetik zeuzkan berrehun metroak Eugenio Barrenetxea txofer uniformatuak gidatzen zuen Paccard berrian egiten zituen igandero. Bere lorazaina, Juan Krutz, arduratzen zen proiekzioaz. Garai hartan bagenituen bana-bertze 4 zinema areto 10.000 biztanleko herrietan. Lasai erraten ahal dugu euskal kaletarrek bete egiten zituztela aretoak. Horrela ematen digute aditzera bertze zonbait bertsolarik, deskripzio hutseko konposizioetan:
Oraingo gizon abillak
daukaten talentu
plano orren papela
ondo det letu:
arioplano ta zepeliñ,
zine ta teatru,
telefono ta radio,
ondo enteratu;
itz guztiyak neurtu
alanbrian artu,
klase dana goratu,
jentia kejatu;
gauzeik merkatzen iñork
ezin asmatu.
Nahiago genuke aurkituko bagenu Balentxi azkoitiarrak telegrafoa definitzeko sortu zuen bezalako metafora zinemarako: itz guztiyak neurtu, alanbrian artu... Azalduko da nehoiz... Bitartean, kontsola gaitezen jakinik gure guraso eta aiton-amonek zinemaz gozatzen jarraitzen zutela anatema guztiez goiti, Pello Zabaletak 1931n aitortzen duen bezala:
Jaiero pasiatu
egualdi onian,
zinera juango dira
denbora txarrian,
andik biyak etxera
iñulabarrian,
ondo biziko dira
alkartasunian.
Barandiaran denda izen handikoa zen Bilbon. Publizitate gisa, sarrerak ematen zizkien opari Olimpiarako, hainbertzeko erosketa egiten zioten bezeroei. Ba omen zuten arrakasta sarrerok: proiekzio arduradunak maiz eten behar izaten zuen saioa, «arazo teknikoek» manatuta, eta Juan Alvarezek, entrepresari zintzoa zenez, itzuli egiten zuen sarreren dirua, baita Barandiaranen zigilua zeramatenena ere...!
Euskaldunok zinemazale porrokatuak izan gara, zorretan da gurekin Jean Renoir handia. La chienne burutu berria zuen, eta ez zegoen lasai. Parisen estreina ona egina zuen, baina benetako frogak probintzietan egin behar dira, lagunik eta etsairik ez dagoen lekuan, jendeak nola hartzen duen. Nancy-n egin zuen saioa, baina filmea boikotatu egin zuten eskuindarrek eta banatzaileak kendu egin behar izan zuen. Etsi handi bat hartua zegoen Renoir, zinemagintza utzi egin beharko zuela uste zuen oraingoan. Baina hara non Siritzky izeneko banatzailea aurkezten dion Marcel Pagnol zuzendari lagunak, Turkiako Marinan kabo izandako bat. Ekoizle eta banatzaileengana zuzendariek beti izan ohi duten erdeinuaren adierazgarri, «Turkiako Marinan ibilitako batek baitezpada jakin behar du zinemaz!» erraten omen zuen Pagnolek. Gizon bulartsua zen behintzat kabo ohia, filme zail eta alde aurrez diru ezemangarriekin aberastua zen, bazituen aretoak han-hemen, Miarritzen ere bai. Ikusi zuen La chienne eta gustatuta jalgi zen. Miarritze hautatu zuen gogorraren froga egiteko. Guti goiti beheiti, gisa honetako publizitatea azaldu zen Miarritzen, hala prentsan nola karteletan:
Ez etorri filme hau ikustera. Izugarrikeriak ikusi nahi ez badituzu, ez etorri. Filme hau ez da bihotza gogortua ez dutenendako...
Aretoa mukuru bete zen. Zoratu ziren miarriztarrak. Aste luzeak egin zituen filmeak bertan, ordura arteko marka guztiak hautsiz. Arrakasta ikusita, Parisko Colisée-ko arduradunek amore eman behar izan zuten, eta filmea eskatu.
Miarritzek erakutsi behar Parisi filme on bat zer den!