Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Mickey Saguaren jabea

 

        Parisko Singer karrikan (harrigarria da nolako indarra duten hitz batzuek!) argitaratzen zen Euzko Deya aldizkariak bozkario batean gaztigatu zuen Euskal Herriari buruzko filme handi bat ari dela egiten koloretan. Raymond Bricon da zuzendaria, eta 20.000 metro mintz edo pelikula erabili behar ditu hamabi hilabeteko filmaketan, 2.500 metrokoa osatzeko. Luzemetraia beraz. Arrosan, Donibane Garazin eta Heletan egin omen ditu hartzeak, eta mugaz honat etortzekoa omen da laster. Filmeak, 80 milioi liberako aitzinkontua duela, Euskaldunak eta beren herria izanen du titulua, eta testua lau hizkuntzatara itzuliko da. Ekoizpen serio baterako datuak dira. Zuzendariak, gainera, Baionako Euskal Museoko zuzendariaren eta Phillippe Veyrin eta Pierre Laffitte intelektualen laguntza du. Badakizkitela gauzak serioski egiten yanki hauek. Izan ere, filme hau ekoiztu behar duen etxea Walt Disney ospetsua baita, marrazkilari ezagunaren entrepresa. Nola ez zen oroituko gutaz Walt Disney? José Gizao Zamora zuen jatorrizko izena. Gizao deitura euskalduna omen, eta honenbertzez, Daguerre urrun hura bezala, euskalduna dugu, nolabait, Mickey, Donald, Plutus eta filmatu diren animalia bizidun guztien sortzailea... Horrengatik igorri zigun bere filmegileetarik bat, oraino ere bizi ginelako berri hartu eta eman zezan, munduak jakin ahal izateko nolako piztia mota garen...

        Jose Antonio Sistiaga eta Rafael Ruiz Balerdi pintoreek saio bana eginak zeuden marrazki filmetan. Sistiagak filme abstraktu bat lortu zuen tantaz, zelulaz, marraz eta kolorez ...ere erera baleibu icik subua aruaren... Bere teknika fotogramaz fotograma zeluloidea margotzea zen (75 minutuko iraupena, 108.000 fotograma!). Balerdik Homenaje a Tarzán laburmetraia egin zuen, Tarzan ageri zen komiki eta filmeetako iduriak kalkatuz eta berreginez argi kontrastetan eta bihurduratan.

        Disneyren euskal jatorria ez zen aurretiko makala bertze euskaldun batek, Juan Bautista Berasategik, marrazki bizidunen lehen atelierra sor zezan. Tetrakrilatozko orritan hamar-hamabi marrazki egin zituen segundoko (ez segundoro, alegia), margotu zituen, fotogramaz fotograma filmatu zituen motorra ordez giltza zeukan 16 mm.ko Beaulieu kamerarekin zurezko mahai pibotatu eta —berriz ere surrealismoa!— josteko makina zahar batzuei kenduriko manibelaz desplazagarria, eta hala egin zuen Ekialdeko Izarra (1978, 20 minutu, kolorez) marrazki bizidunetako lehen euskal filmea, Erteuropako animazioaren zordun.

        Urte laburrik barne, eta artisautzatik teknika profesionaletara jauzi eginik, Berasategi-Arieta bikoteak Jaizkibel ekoiztetxea sortu zuten Fernando Amezketarra egiteko (35 mm.ko laburmetraia), tresneria moderno bat apailatuz. Bilboko Zinemaldian saritua da, eta Nestor Basterretxeak, epaimahaikide, marrazkiek batere euskal senik ez dutela oharrarazten du, eredutzat Arruerenak proposatuz...

        Galtzagorri egin ondoren (35 mm., 20 minutu, Euskal Zinemaren Sari Nagusia) marrazki bizidunetako lehen luzemetraia 1987an burutu zuen Berasategik, Kalabaza Tripontzia, Ohorezko Aipamena Donostiako Zinemaldian, Espainiako Kultur Ministerioak Haurrei Bereziki Gomendatua... Estatu espainolean, alde handiz, nehoiz marrazkiz eginiko luzemetraia bikainena izan zen Berasategirena.

        Bere ezaugarriengatik, behar duen eskulan handiagatik, aretoetaratzeko dituen arazoengatik, ez du etorkizun erraza gure marrazkigintzak. Gizao-Disney arbasoak areto guztiak hartzen ditu Aste Santutan eta Eguberritan, eta hori aski ez balitz, hizkuntza urrituek eragotzia dute haren lanak mustea, Pocahontas filmearekin Katalunian gertatu den bezala... Iduri luke marrazki biziduna telebistarako zerbitzua ari dela bilakatzen, kontsumozko artikuluak eginez, helburu artistiko apurrekoak, artisautza eta «sorkuntza» teknologia berrien esku utzirik... Esperantzagarria da, hala ere, Berasategik bere hirugarren luzemetraiari ekin izana berriki, Ahmed, Alhambrako Printzea, gaiak —eta marrazkiek ere, hain segur— euskal senik izanen ez duten arren... Lehenagoko guztiak bezala euskaraz egina izanen da, eta hortik haratekoa berdin zaigu euskaldunoi. Zubiaurretarrak mutuak izan ez balira, bertzelako lanak eginen zituzketen. Arruetarrak euskaldunak izan balira...