Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Musuka!

 

        Baina munduak onartua dauka Louis eta Auguste Lumière anaiak izan zirela 1895ean kamerari proiektorea erantsi ziotenak. Ikusgarria, banakakoa izatetik multzokakoa izatera pasa zen areto handietan, eta honenbertzez zinema industria bilakatu zen, merkataritzaren bidea hartuz. Abenduak 28 zituela —badakizue egun hori ez dela inuzenteena ez Europan ez Euskal Herriaren zati batean— finitu zen aitzindarien aroa eta hasi zen zinemagintza modernoa. Lumière anaiak bezain protagonista izan ziren L'arroseur arrosè eta La sortie de l'usine Lumière à Lyon ikusi zuten paristarrak, haurrideari hizketan entzun zion lehen tximinoa bezain harrituak eta ikaratuak noski arte berriaren zoroaz.

        Asmakizun-ikusgarria fite zabaldu zen. Baionako Garage de la Nautique-k bi urte lehenago ekarria zuen tronbinoskopio izeneko berrikuntza liluragarria ere maxina zaharkitu eta zokorakoa gelditu zen Miarritzek eman zuen zinematografoaren lehenbiziko proiekzio publikoaren ondoren. Lumièretarren ordezkariak 1896ko maiatzean aurkeztu zuen zinematografoa Espainian, eta hango erret-familiaren udaldiari jarraigoa eginez, Gortearen Donostiaratzea filmatu zuen eta, zer gerta ere, bertze iduri batzuk hartzen ditu ikusleria biltzeko: ontzia portuan sartzen, zezenketa, euskal jaiak eta Miarritzeko Le Rocher de la Vierge. Hauek ditugu pelikula modernoan hartu ziren lehen euskal gaiak, eta hauek eman ziren 1896ko abuztuaren aurrenean Miarritzen, saio historiko batean. Hauetaz gainera, Errusiako Tsar koroatzea eta Frantziako errepublikako lehendakariak Eliseoan emandako dantzaldia. Euskal Herriko lehen zinema aretoa Miarritzeko Hondartza Nagusian antolaturiko biltegi bat izan zen. Berehala hasten dira emanaldiak Donostian, Bulebarrean; Bilbon, Arriaga antzokiko azpietan; Iruñean Antzoki Nagusian eta Gaztelu Plazan; Gasteizen Florida karrikako Zirku-Antzokian.

        Publikoak harrera ezin hobea egiten dio udako berritasunari, Leon Herran Baiona kaskoinaren kronista zaharrak ikuskizun haietarik jendea «buruko minez» jalgi ohi zela dioskun arren. Iduriak «dantza» egiten zuen nonbait, dardara eginen zuen argiak... Baina ikusleak «bertze bat» eskatzen du, bereziki «serpentinaren dantza». Orain errealagoa eta, zer duda egin, zurezko kutxa haietan ikusitakoa baino kitzikagarriagoa zaio.

        Elizak eta eskuinak begitan hartzen dute ikusgarria, zinematografoa moraltasun publikoaren aurkako oldarra dela sustengatzen dute. Donostian bertan, moralarekin zerikusi handirik ez duen baina mozkin ederrak ematen dituen Kasinotik hurbil, mainuzaleek zehazki mugatuak dauzkate eremuak sexuaren arabera, eta oinezkoei debekatua zaie hondartzako kalostran beha gelditzea... Zinemak elkarretaratzea dakar alde batetik, meza nagusia bertze sexukoaren ondoan ikusi ahal izatea (ilunpetan!), eta bi sosetan aztalak eta lepoak biluzten ditu isunaren arriskutik urrun edo behaleku estrategikoetan kokatu behar izan gabe edo luzabistarik erabiltzeke. Lehen planoak, plano hurbilak, antzerkiaren aldean zinemak dakarren abantaila handiak, bertatik bertara erakusten ditu pertsonaiak, kabaretean bezain bizi... Ez da harritzekoa Diario de Alava egunkari katolikoa kexu izatea:

        Mingarriena da goieneko lekuetako publikoak eskuak hautsi beharrean txalotzen dituela halako zikinkeriak, herri honen kulturaren itxura okerra emanez.

        Zinema, hasieratik, komunikabide hunkigarria da daukan errealismoaz, arriskutsua bere berehalakotasunaz. Azen ontzeko, merkea da. Horrengatik guztiagatik, aktore ezagun batek berriki errana du zinema askatzailea dela, bertzeak bertze, elkarri pot ematen irakatsi digulakotz. Amerikako zinemaren lehen eskandala ere, hain zuzen, May Irwin eta John C. Rice-ren arteko musua izan zen...