Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Areto beteak, pantaila hutsak

 

        Luzaz, mende erdi batez, Euskal Herriak ezin izan zuen deus ekoiztu. Egon ziren zonbait saio Iparraldean, Eusko Film (Societé Basque du Film) bezala, baina ez baliabide handirik ez eta behar adina diru zegoen ekoizpen jarraitua egin ahal izateko. Gure herria han ageri zen, Gernika enblematikoarekin, Espainiako gerlari buruz eginiko filme gehienetan. Baina gu ezinduak geunden guhauren burua azaltzeko.

        Zinema zabar eta zabor batek hartu zituen aretoak Francopeko estatu espainolean. Ito egiten zituen egoera dorpe eta pairagaitzari ihes egitearren biltzen ziren ikusleak pantaila aitzinera, ikusiko zutena alienagarria eta higuina izanen zela jakinik. Europak ekoizturiko guztia xeheki aztertua eta xehatua izaten zen (lehenik moztu, gero mustu). Errepublikaren kausaren alde agerturiko «artista elkartuak» antolamenduko oro, desagertarazi egiten zen kredituetarik. Gary Cooper ageriko zen, bai, baina bere izena urratua zegoen..! Balore hispanikoen goratzeak españolada sortu zuen, zinema merke eta faltsua, operarekiko zarzuela denaren antzekoa. Zinema ikusi ahal izateko Cine Club antolamendua arrasortu zen, eta oro har lan bikaina egin zuen zinemazalea mundua ordu edukitzen. Miarritzeko zinekluba, Federation Française de Cine Clubs elkarteko zaharrenetarikoa, zinemaren santutegia bilakatu zen. Han Eisenstein-en Potiomkin ematen zen ikusgarri (ez aspalditik, filme hau debekatua egon zen Frantzian 1952 arte). Eta hura ikusteaz bat, bertze zer edo zer ere egiten zen...

        Gasteiz-ek 1929an zuen sortu bere zinekluba. Independentea eta akonfesionala izaki, gobernamenduak itxiarazi egin zuen bi urte beranduago. Zineklubmenek, orduan erraten zitzaien bezala, larrutik ordaindu behar izan zuten Un perro andaluz bezalako gauzak ikusi izana. Gasteiztarrek 1950 arte itxaron behar izan zuten zinekluba berriro antolatzeko. Lehenengo ikastolek bezala, hasierako zineklubak Elizaren babesean eratu ziren maiz Elizak berak antolatu ez zituenetan, bi paper jokatzen baitzituen aldi berean, bata kontrolatzailearena eta bertzea, Euskal Herrian behinik behin, frankismoaren aurkariarena. Donostiakoa, Bilboko Fax, Gasteizko Cine Forum, Tuterako Muskaria, Tolosako Fides, Laudiokoa, Lizarrakoa... zinema ez-komertziala eta asterokoa baino jasoagoa ekartzen saiatu ziren, eta zentsuraren azpitik kontrabanda ederrik ere egin zuten. Zineklubak eztabaida leku izan ziren, arteaz eta bizitzaz jarduteko batzar txipiak. Haietan tarrotu zen zinemagile sorta bat. Irungoan Basterretxea, Oteiza eta Larruquertek egin zuten topo, Donostiakoan Querejeta eta Ezeizak...

        Gotzon Elortza delineante zebilen Parisen eta euskararen kezkaz iritsi zen zinemara. Kamera bat erosi zuen, 16 mm.koa, eta 1960-64 bitartean Bizkaian barrena ibili zen emaztearekin, hiru dokumental buruturik: Ereagatik Matxitxakora, Aberria eta Erburua: Gernika, Parisen zeuden Iparraldeko emigratuei Hegoaldea erakusteko helburu xume eta ederrarekin... Zinema, nehoiz disolbagarria izan bazen, kohesiogina zen orain. Elortzak Avignon egin zuen gero diglosia oro gainditurik, Frantziako hiri ederrari buruzko dokumental hau ere euskaraz burutu baitzuen.

        Kritikarien arabera dokumental hauek artisau mailakoak dira, primitiboak (kritikari erdaldunen arabera, erran gabe doa). Egilearen xedea, alabaina, euskara pantaila handian ahalbait denbora luzeenaz entzun zedila zen, bertzerik gabe... Elkar ikusi, elkar entzutea, horixe zen garai haietako nahikundea. Guretako hutsak zeuden pantaila haiek betetzea. Iduriz, hitzez. Erdaldunek ez bezala, euskaldunok halako gose historikoa dugu non ogi kozkor bat ematen diguna heroia baita, badakigulako, gutarikoek ekartzen ahal diguten den mendren bihia ere, beti, beti, neke handiren gerokoa dela... eta asko alditan etsaiari kendua!

        Abenduaren 15'an Baiona'ko «Euskal Idazkaritzan» lau euskal pelikula erakutsi zituzten. Mintz oiek egin dituana Gotzon Elortza da. Bilbotarra bera jaiotzez. Eztu lan makala egin. Arritzekoa da nola iritxi duan onelako lan nekeza burutzea.

        Aurreneko pelikula edo mintza Bilbo erakusteko egiña da. Bizkai'ko uriburua ta inguruak ederki erakusten ditu euskal itzez adieraziak. Bigarrenak Avignon azaltzen digu. Bide batez, noiz Aita Santuak an egon ziran adierazten digu.

        Irugarrenak, euskal nekazari etxetako bizitza erakusten digu. Ta nolako zirrada sortzen duten pasa-aldi batzuek! Laugarrenak «Gernika» du bere azalgarri. Dena euskeraz adierazia. Gotzon Elortza'ri eskerrak eman bearrean gera. Eta jarrai dezala bide ortatik.

        Herria polita zen oraino. Erreportaiarako gaia zen, eta fikziorako ingurune berezia. Enborrak dauden lekuan egonen dira aizkolariak, frontoiak dituzten bazterrak ez dira pilotaririk gabe egonen, dantzak baldin badugu izanen ditugu amodioak, itsasertzean bizi denak ezagutuko du naufragiorik... Zonbaitetan ezjakintasunak, bertzetan ezintasunak, eta ardura asmo gaiztoak «norteko gaia» landu zuen andanaka filmetan (españoladaren aldaera euritsua). Filme hauen nondik norakoa ongi aurkeztua utzi zigun Luis Mitxelena filologo eta zinemazale handiak, Cancha Vasca izenekoari egin laburpen ironikoan. Kritika honek, aldeak alde, berdin balio luke gure herrian duela guti eginiko filme batzuendako ere: garai bateko folklorearen bitxia gure aro honetako bortizkeriaren morboaz mudaturik eginak dira, funtsean, eta haiek bezain barre-tamalgarriak zaizkigu.

        Esango dizuet zer den film hori, ikusi gabe lasai geldi zaitezten. Badira nonbait —Euskalerrian edo— euskaldun izeneko gizon-emakume batzuek. Hemen, egia esan, herri koxkor batekoak bakarrik ikusten ditugu, Elantxobekoak, baina besteek ez dute alde handirik izango. Euskaldunik euskaldunenak direlakoan aukeratuko ahal zituzten. Bi motatakoak dituzu: a) arrantzaleak, b) pelotariak. Arrantzale gizarajoek mahonezko atorra daramate soinean eta etxe-gainean, teila orde, ez dute hipoteka eta zentsua bertzerik. Pelotariak berriz, Miamin erositako atorra loratu eta guzti, hemezortzi urtetik hemezortzi urtera agertzen dira herrian, eta hagitz harriturik gelditzen inoizko andregaia besterekin ezkondurik aurkitzen dutenean. Beste eginkizunik ez izaki eta, hor aritzen dira atso-agureentzako erruki-etxeak eta umeentzako eskolak egiten. Ez dira asko: ehunetatik bat gehienaz ere. Bestela Elantxobe osoa erruki-etxe eta haur-eskola litzateke.

        Esan behar dizuet horratik, horrako arrantzale horietaz susmo txarra eginda nagoela. Gaizki bizi direla, bai, baina... Eguraldi ona denean, itsas-ertzeko arkaitz-mutur batera joango zaizkizu taldeka, galtzak zuri eta gerrikoa gorri. Han egoten dira zai, nor agertuko, txistulari direlako batzu, arrantzaleak noski hauek ere. Hasiko zaizkizu txistulariak soinua jotzen, eta besteak dantzan, «espatadantxan», eguerdialdean, izerditan blai, herrira itzuli arte. Eseriko dira orduan kai-ondoan dauden mahai luzeetan, nork bere botila ardoa aurrean, eta zintzurra urratu beharrean ekingo diote kantuari: «Anteron txamarrotia —txikarren bigotia— Arresek ei dauko...» Esandakoak, egunoroko zereginak dira. Lekeition edo beste nonbait jai handiak direnean han ikusten dira ikustekoak!

        Eramankizunak ere badituztela esaten digute, eta guk sinetsi egin behar. Itsaso delako norbaitekin dabiltza beti zirika, atun-bila, eta itsaso hori bildurgarria omen da eta maltzurra. Leon-kastiloan bezala da: arrantzaleak oraingoan atuna jan, eta hurrengoan atunak arrantzalea. Baina kantari eta dantzari
—eta zahatoari eragiten— ari direino ez dira, dirudienez, gehiegi oroitzen ez Itsasoaz ez etxe-gaineko hipotekaz. Garbi aitortu beharrean gaude. Euskaldun hauek jende jatorrak dira, zintzoak, leialak, esanekoak. Ezin dute bihotza barrenen gorde: hain dute handia. Pozik badaude, riau!, irrintzi eta saltoka hasten dira; otoitz egin behar badute, emakumeak behintzat, erdi-erdian jarriko zaizkizu, harako Fariseuaren antzera, ezpain-ertzak makur eta begia heze. Eta mutilak gogoko duen neska —edo neskak mutila— ikusten duenean, hango apak eta laztanak, elkarri oratuta, nahiz eta igande-eguerdian herriko plaza nagusian aurkitu! Horrexegatik iruditzen zait, Jainkoak beso-zankoak arindu baldin badizkie, ez diela buruan ere pixu astunik jarri. Dantzaritako sortu ziren nonbait.

        Hizkuntza ere bere gisakoa dute euskaldun hauek. Hara zenbait ale, hitzez hitz jasoak: «Afisión que te tienes o así», «¿Por qué te es, padre?», «Atrevido ya te eres, o así». Hau da agian harako zenbait auzokok «vasco-románico» deitzen duten hizkera hura.

        Film bat egiteko, besterik ere behar da: korapiloa, «istilua». Horretara nator. Espainian —zineman behintzat— «betiko trianguluak» lau alde izaten ditu: senarra, emaztea, senarra ez dena eta apaiza. Horrelaxe hemen ere. Senarra, Iñaki (honela du izena, ez dut nik bataiatu), pelotari izan nahi zuena eta arrantzan gelditua. Emaztea, Begoña, hemezortzi urteak igaro baino lehen aspertua eta Iñakirekin, besterik ezean, ezkondua. Senarraren antagonista, Josetxu, atorra dotoredun pelota-txapelduna. Elantxoben utzi zuen andregaiaz berandu xamar oroitu dena. Apaiza geroxeago aipatuko.

        Iñakik eta Begoñak seme bat dute: «el» Txantxo (ze izen arrano ote da hori?). Honek pelotari izan behar, eta amak laguntzen dio; aitak berriz ez du horrelakorik aditu nahi. Josetxuri, jakina, mutikoari laguntzea ematen dio gogoak. Eta hasten dituzu mutur-joka Iñaki, Josetxu eta apaiza. Ez da hau («curita, no; curaso», berak «vasco-románico»-z dioen bezala) makalena. Garbi ageri da ez lukeela bertze biak ebaintzeko lan astunik izango, «janzki beltz hauei zor diedan begiramena» galduko balu.

        Jaunak ukitu du azkenean Iñakiren bihotz gogorra. Amor eman du: semea pelotari izan dadila nahi badu, lagun diezaiola Josetxuk. Gauzak ez daude halare behar bezala, ongi konturatzen gara: Josetxu eta Begoña elkarganatu behar genituzke. Nola ordea? ez da erraz asmatzen. Apaizak ere, edozertarako balio duen «Deus ex machina» horrek, ez dezake deus askorik: ez ezkontza hautsi eta ez, daraman jantzia daramala, Iñaki galtz-ipurditik hartu eta arkaitz batetik behera bota. Itsasoa ahaztu zaigu, Itsaso bildurgarria. Ekaitza sortuko dio hurrengo itsasoratzean. Hura ekaitz harrigarria! Iñakik ontzia sorgindurik dauka, eta Itsasoa, nagi xamar bada ere, gora eta behera ibili arren, ez du ontziak zirkinik egiten, hondoari iltzaturik balego bezala.

        Etsi du horratik senarrak, gailen ageri zenean gainera; aspertu delako edo gure antzera, «de trop» dagoela azkenean ohartu delako edo. Itxi ditu begiak. Badoazke lasai Josetxu eta Txantxo Miamira. Han nonbait, urruti behintzat, edukiko ahal ditu Jainko urrikaltsuak!

        Hurrengo hamarkadan ekoizpen landuago eta gureganako begiramen handiagokoek eztabaida interesgarri eta ondikotz sobera laburra sortuko dute manipulazio historikoaz, kultur helburuez eta aisearen eskubideaz. Ez zegoen atzerritik eginikoarekin identifikatze nahikunderik, baina bai «onargarria» izan zitekeena zehaztea eta mugatzea. Adibide gisa Gorri le Diable dukegu, Michel Etcheverryk gorpuzturiko Ganix de Macaye-ren antzeko kontrabandista baxenabartar baten pasagauak eta balentriak idurikatzen dituen telesail frantsesa. Barne-erreferentziarik gabeko garai idor hartan, atseginez ikusi genuen haurrak ginelarik.