Aurkibidea
1.12 Intuizio naturala adimenak itota
1.14 Ezagupide parapsikologikoak
1.21 Ohartxo bat arrazoizaleentzat
1.22 Hiltzea gaizki omen dago: nola dakigu?
2.11 Ezagutza sakonaren baldinkizunak
2.12 Ezagutzailearen barrena edo Lehen Izatea
2.13 «Oro den Arima» — Lehen Izatea
2.14 Nitasun bakarra eta bakoitza
III.— MIRANDEREN BORROKA: ETIKA
3.13 Kristautasuna, paganismoa
3.22 Iragaitza: epistemologiatik ontologia eta politikara
IV.— MIRANDEREN BORROKA: POLITIKA
4.11 Mendebalearen dekadentzia
4.12 Euskal Herriaren dekadentzia
V.— KULTUR KRISIAREN FILOSOFIA: OHARRAK
5.11 Idealismo alemanaren birrinketa
5.12 Euskal kultura tradizionalaren krisia
Aurkibidea
1.12 Intuizio naturala adimenak itota
1.14 Ezagupide parapsikologikoak
1.21 Ohartxo bat arrazoizaleentzat
1.22 Hiltzea gaizki omen dago: nola dakigu?
2.11 Ezagutza sakonaren baldinkizunak
2.12 Ezagutzailearen barrena edo Lehen Izatea
2.13 «Oro den Arima» — Lehen Izatea
2.14 Nitasun bakarra eta bakoitza
III.— MIRANDEREN BORROKA: ETIKA
3.13 Kristautasuna, paganismoa
3.22 Iragaitza: epistemologiatik ontologia eta politikara
IV.— MIRANDEREN BORROKA: POLITIKA
4.11 Mendebalearen dekadentzia
4.12 Euskal Herriaren dekadentzia
V.— KULTUR KRISIAREN FILOSOFIA: OHARRAK
5.11 Idealismo alemanaren birrinketa
5.12 Euskal kultura tradizionalaren krisia
Maiteri
HITZAURREA
Jon Mirande Aiphasorho Parisen eta 1925eko azaroaren 10ean jaio zen. Han bertan 1972ko eguerritan bere burua hil zuen depresio batean.
Ez du asko idatzi. Hiruzpalau liburutan eta artikulu sakabanatu batzuetan biltzen da haren euskarazko idazlan guztia. Mirandek beste zenbait hizkuntzatan izkribaturiko lanik ez dugu aintzakotzat hartu ahal izan gure ikerketa honetan (jeneralean behintzat). Dirudienez 1948 aldera hasi zen publikatzen bere lanak Gernika aldizkarian eta 1968ra arte jarraitu du. Hogei bat urte. Gero utzi egin zion euskaraz idazteari, euskaltzaleekin izandako haserreren batzuengatik eta «inguruan ditudan jendeen konformismuaz aserik».
Gehienbat literato bezala dugun arren ezaguna, Miranderen gure ikerketak haren pentsamenduari, filosofiari bakarrik begiratzen dio. Alde honetatik ere Miranderen interesa ebidentea bait da, bera izan delako adibidez kristautasunaren lehenengo kritikoa euskaraz, berak predikatu duelako lehenik indargintza (biolentzia) 36ko gerra ondorenean, paganismo zaharra berbiztu nahi zuelako (euskal arima zaharra alegia, Oteizak baino lehen), etab. Filosofía berri bat, euskal munduan ordura arte ezinezkoa zirudien bat, errepresentatzen du alde orotatik. Eta hainbat elementu desberdin bitxirekin, errepresentatu ere, oraindik ez bait gara haren pentsamenduan gordetzen diren bitxitasun guzti horietaz ohartzera ere ailegatu.
Halere gaia ez da guzti-guztiz Miranderen filosofia bera izango hain zuzen, baina haren pentsamenduan somatzen den Schopenhauer, Nietzsche eta Spengleren presentzia edo marka. Ohartuki ala oharkabean, marko batzuetan ulertzen du gizakiak, ulertzen duen errealitatea. Miranderen marko teorikoak, kontzeptualak, horiek izan dira. Ziur nago, Miranderen egungo irakurle eta adiskideei, egunen batean Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler hobeto ezagutzen badituzte, Mirande berri eta harrigarri bat argituko zaiela.
Gaiak itxuragabeki zabala dirudi apika beti bezala presakako ikerketa baterako. Ongi begiraturik, materialki bakarrik izan da hain zabala, —egin (behar izan) dugun moduan alegia. H.d., material eta testu asko ikusi eta alderatu beharrezkoa, baina funtsean tema gutxi batzuen inguruan beti, eta beti Miranderekiko erreferentzian bakarrik. Gure axolako gai nagusietan, aldiz, hiru Autore horiek pentsamendu bakar bat osatzen dute, tradizio bat esan genezakeena, edo eskola bat, desarrollo bat. Horrela gaiak berak mugatzen zuen bere burua, mugagabeko letramortu batean galduta ibiltzeko arrisku gabe.
Ezin izan zitekeen gure egitekoa, Mirandek zeini zer zor dion zehatz-mehatz erakustea. Gehienetan behintzat hori ez legoke esaterik. Mirandek berak oso gutxitan aipatzen du iturririk, eta azaltzen dituen ideiak berdin izan litezke Nietzscherenak, baina hark Spengleren bidez jasoak, edo Schopenhauerenak, baina Mirandek beste bietako edozeini hartuak. Ez dakigu, esaterako, Mirandek Schopenhauer bera zuzenean ezagutzen ote zuenik ere, beste biengatik ongi dakigun bezala. Baina iluntasun horiek agian ez dute inportantzia haundirik ere guretzat, hain zuzen gure asmoa Mirande pentsamendu eskola edo tradizio filosofiko baten barruan agertaraztea izaki. Gainera Mirande zalantza gabe ez da besteen kopiatzaile soila, haiengandik daukan pentsabidearen desarroilatzaile pertsonala baino bere gisa.
Ez da, beraz, ikerketa honen xederik, Miranderen pentsamendua osoki eta luzeki sistema koherente baten antzera azaltzea, haren oinarrizko pentsabideak eskola edo tradizio filosofiko batean kokatzea baizik. Honela, uste dut, alderdi inportante bat —filosofikoa eta historikoa hain zuzen— garbi geratzen da: Miranderen pentsamenduak sistemen artean zinez dagokion espazioa aurkitzen du. Beste iturri (eta elementu) batzuk ere haren pentsamenduak badituela, berak Goizerritikoa zeritzona adibidez, edo mitología eta metafisika keltikoarena berdin, dudarik ez dago, baina hemen ez dira begiratzen.
Bestalde, berriz, aipatu hiru Autoreon bategítea izan daiteke eztabaidagarria, zeinek ez lekike hori! Haustura ondoko filosofía molde batbera desarroilatu dute hirurok, optimismo ontologiko tradizionalari uko eginez. Gure gaia zuzenean hiru horiek izan balira, halere, haien arteko eboluzioak, diferentziak, are lotezintasunak azaltzea izan zitekeen gure zeregina, hain zuzen pentsabide baten desarroiloa erakusteko. Lan honetan, ordea, ez dira interesatzen berengatik propio, Miranderen pentsa eta planteamoldeen funtziotan baino. Eta funtzio horretan hirurok batera hartzea eta funtsean berdintzea ere bazegoela, espero dut, bestelako diferentzien axola sakrifikatuz.
Lau kapitulutan banatzen da liburua, ohar historiko orokar batzuetarako bostgarren kapitulu batekin. Epistemología eta ontologia ikertzen dira bi lehenengo kapituluetan. Aspergarrienak berak egingo zaizkio seguruenik irakurle filosofian ohitu gabekoari. Halere hori ulertu gabe ez da Mirande ulertzen: inola ere izan ez diren txoriburukeriak bihurtzen dira Miranderen kritikak erlijio kristauari, politika «judu-kristauari», etab. Ez dago esan beharrik, parte honetan Spenglerek ez duela edo apenas duela zer ikusirik, historiaren eta kulturaren morfologoa bait da lehen-lehenik. Berdin alderantziz, Miranderen eritzi politiko eta sozialetan ozta-ozta agertuko da Schopenhauer, hirugarren eta laugarren kapituluetan alegia. Konklusio bezala esan genezake, beraz, Mirande bere epistemologian eta ontologian Schopenhauer eta Nietzscheren eragintzapean dabilela, moral arazoetan eta politikazko ikuspideetan Nietzscheren eta Spenglerenean.
Beste konklusio bat, edo agian aurre-ohar bat hobe: Mirande ez zen kristaua eta, erlijioak edo fedeak aparte, espreski zen moralki zein kulturalki ez-kristaua. Bazterrotan hain bide gaude sakon kristautasunean errotuak, kulturalki alegia, edo hain espainolduak, besterik uste duen askok ere, fede kristauari zaputz egin omen zion arren, Miranderen komentarista eta kritiko batzuek adibidez, antzik ere ez bait dio ematen nonbait haren «paganismoari», hots, ontologia ez-kristauari. Autorearen ez azkenekoa benetan izango litzateke satisfakzioa, ikerketatxo honek Miranderen euskal irakurleei, horixe ulertzen zerbait lagunduko balie. Ezin ahantz genezake, bere posiziotik demokratismoan, sozialismoan, marxismoan, anarkismoan, etab., somatzen zuen «konformismoa» eta sakoneko kristautasun mozorrotua izan zela, barne-barnean, Miranderi azkenean etsiarazi egin ziona.
Eskerron aitortzak:
Dr. Hanns Noss, Joseba Gabilondo, Susa-ko lankide, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sailari. Orain argitaratzen den azterketa hau funtsean 1981eko uztailean Kolonian egin zen, Dr. Hanns Nossen biblioteka pribatuaren baliapenaz, eginbehar akademiko soil gisa eta publikazio asmorik gabe. Joseba Gabilondoren interesari eta bultzari aurrenik, Susa-ko lankideen ahaleginari gero, zor zaie, lehenengo, argitalpena; eta, bigarren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sailari, eskuizkribua euskaraz egokitzeko eta argitalpena prantatzeko Autoreari emandako laguntzagatik, egonaldi berri batekin Koloniako Unibertsitatean (1988ko uztail-abuztuak). Joseba Gabilondori, aparte, hainbat testuren itzulpena ere zor zaio esku trebez. Guztioi milesker.
Laburtzapenen azalpena
(oin-oharretan laburtzapen hauek erabiliko dira)
HB: MIRANDE, J. (1970), Haur Besoetakoa: Lur.
IH: MIRANDE, J.(1976), Idazlan Hautatuak: Gero.
KSA: NIETZSCHE, F.(1980), Sämtliche Werke. Kritische Studienausgabe: dtv-de Gruyter. Erromatar zenbakiak liburukia, arabikoak orrialdea adierazteko.
UA: SPENGLER, O. (1980), Der Untergang des Abendlandes: dtv.
WZB: SCHOPENHAUER, A.(1977), Werke in zehn Bänden, Zürcher Ausgabe: Diogenes. Erromatar zenbakiak liburukia, arabikoak orrialdea adierazteko.