Arkanbele kantak
Arkanbele kantak
2021, poesia
120 orrialde
978-84-17051-59-4
Azala: Ignacio Larra
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2013, nobela
2001, narrazioak
 

 

IGANDE ARRATSALDEAK

 

 

Leo

 

 

Igande arratsaldeak ez dituk batere

aspergarriak hamazazpi urteetan

Karretera zahar baten bazterrean jostetan hasi eta

automobil arrotzetan gure geografia korritzeko prest

leku exotikoei begia ematen zieagu:

Sara, Irurita, Zubieta

Errebuelta bakoitzaren ondotik

aterpea eskatzen indarrak berritzeko

etxeko gasna ona begiak xirolduko

eta barrenak nahasiko dizkigun ardorik txarrena

eta bentariaren alaba, zeinari guziok irri murritx bat

bederen ebatsi nahiko baitiogu

Igual herri horretako bestak izanen dituk gainera

eta orkestra jo eta kea ariko duk musika partitzen

Orduan gu bazterretik begira gelditu

baina hi, torero balienteenaren gisara

beldur pizarrik gabe atrebituko haiz

guretzat ezinezko diren hartu-eman horietan

“Dantza egin nahi du nirekin, eder horrek?”

Eta dama guziak hire besoetan kulunkatuko dituk

gauak etxera bueltatzeko turuta jotzen digun arte

Lehengo bide bera kontrako aldera

lurrean utziriko harri xabalen arrastoari segika

han-hemenka bildu ditugun

oroitzapen perla guzien zakua

bizkarrean eramaki dugula