Arkanbele kantak
Arkanbele kantak
2021, poesia
120 orrialde
978-84-17051-59-4
Azala: Ignacio Larra
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2013, nobela
2001, narrazioak
 

 

GAUR EGUN ERE BADA

 

 

eguia da, orrelaco gauša bašuec guc ecarri guindušen

bai eguiaqui guc jan guindušen yrur ardiac eta urdea

Arrayošetic beyn šamari bat juan guinduen

vay yrur lagun guinaden

(Paskual Iturbide Uztaritzek
epaiketan erraniko hitzak,

1597an Sunbillan preso hartu eta gero)

 

 

Bai, Uztaritz, gure konde zahar hori

segur aski zuenaren ondotik agudo

ailegatu izanen zen gure familia ere paraje hauetara

eta bertan laketu

 

Zerupeko jauregi aterik gabeetan

haizezko paretekiko gaztelu ederrenetan

non sasoiaren arabera aldatzen ziren

logeletako koadro margoak:

iraleku itsaso gaur berde bihar gorrikarak

arto-landetako maizalasto armadak

ezkur gaztaina intxaur arbola eskuzabalak

ardi tropek hedaturiko maindire zuriak

amuarrainen jauzi hotsen notek tindaturik

kantari igarotzen ziren errekak

 

Kanaberarik gabeko arrantzale hoberik

zizparik gabeko ehiztari gure parekorik non

nor gailenduko guri esku hutsean

nork zumezko zare otarre saski halakorik

nondik makila makulu leunagorik

hamaikak nahi luke gure antzea

eta musika eta dantza

irria eta kriskitinak

 

Beharra zenean huraxe hartu

deus bildu eta pilatzeko afanik gabe

baita zeukanari kendu ere

sobrante izanik eman ezean

Sunbillako zuen aspaldiko hartan bezala:

yrur ardi eta urde bat

 

Bizirik irauteko nork ez hori hemen?

 

Aldaizea sartu zuen arte

 

Gerora geroni hasi ginen

aziendak etxekotzen

noizbait basa izan zirenak

gure gisara alegia

arima salbu igualak

eta geure burua ere bai

bordetan kaiolaturik halabeharrez

bertzeen gisako ere gu

bertzeen gisako gaixo eta gizajo

halabeharra halabeharra

 

Deiturak ere aldatu behar

frankotan

zer gerta ere

orain bezalaxe, orduan ere

“ixo! baditugu paperak”

eta nolabait ere izaerari kontu

gordeka ikusezin

ezinikusia bertzela

sineste zahar batzuk

harrotasun ez soberakoa

bizipoz isila isilarazia

gure zaharren idoiko ispiluarentzat

ia arrotz bihurtu ginen arte

 

Hala ere, Uztaritz

gure konde zahar hori

lehen ez eze

gaur egun ere

bada ijitorik

(eta izanen)

Baztanen eta Bidasoaldean