Mila ezker
Mila ezker
2009, saiakera
88 orrialde
978-84-92468-10-2
azala: Gorka Lasa
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
1995, kronika + argazkiak
 

 

Ezkerreko begiz
jotzen duten oilaskoak

 

Labur eta doi, «ezker hemisferioaz mintzatzen gara» esanez ilustratu zuen Paul Pierre Broca zirujauak gaixo afasikoen bidez deskubritu berri zuena: gizakion burmuina funtzionalki asimetrikoa dela.

        Lehen urrats horri esker, gure baitako jardunari dagozkion gauza asko ikasi ditugu mende eta erdi pasatsu honetan. Besteak beste, burmuineko bi hemisferioak ezin direla funtzioen mapa zehatzak balira bezala irudikatu; uste baino aldakorragoak eta harrigarriak direla zentzu askotan.

        Jakin ere badakigu, zenbait area batera lanean jarriz aritzen dela garuna; bi estruktura alderantzikatu horiek elkarren osagarri direlako, orkestra sinfoniko baten gisan funtzionatzen duela jardunen bat burutzea behar den bakoitzean.

        Albo bateko esku, oin nahiz begiaren hobestea ere asimetria horren ondorio dela ulertu dugu, halaber. Eta arau orokor bihurtu asmoz ontzen diren azalpenak eskuinen kasuan errazago betetzen direla ere bai. [27]

        Hemisferio bakoitzak bere pentsatzeko era partikularra duela azalduko digute, bestalde, teoriek. Eta nagusi dugun hemisferioaren arabera, modu batera edo bestera prozesatuko ditugula datuak. Hala, ezker hemisferioaz pentsatzen dutenek —eskuinen gehiengoak eta ezkerren ia erdiak— informazioa modu sekuentzial linealean prozesatzen dute normalki, eta analisia hautatzen dute lan-metodo gisa. Hau da, arazo baten aurrean, ebatzi beharrekoa zatikatu egingo dute lehenik eta zatiak banan-banan aztertzera joko dute ondoren. Gainera, eskuartean duten lana bukatu egin beharko dute hurrengoari heltzeko.

        Aldiz, eskuin hemisferioa nagusi dutenek —eskuin gutxi batzuek eta ezker gehienek— aldiberekotasun bisualez jarduten dute eta sintesiaz baliatzen dira. Alegia, zatiak banan-banan aztertzen aritu gabe, osotasunari erreparatuko diote eta erlazio-metodoak bilatuko dituzte arazoak ebazteko. Hainbat zeregin batera prozesatzeko gai direlako, bestalde, eskuartean hiruzpalau gauza izatea dute gogoko. Baina abantaila dirudiena, euren kontrako arrazoi bihur daiteke: mila lan hasi bai baina bat bera ere bukatzetik urruti geldituko balira bezala, fundamentu kaxkarra leporatuko baitzaie sarritan.

        Dagoeneko asko ikasi dugu, bada, asimetria funtzionalaz, baina ezer gutxi haren jatorriaz. Genetistak LRRTM1 deituriko geneari begira utzirik [28], Lesley Rogers ikerlari australiarrak gure gai honi eman dion argitasuna egin zaigu erakargarri. Antolaketa sistema hori soilik gizakioi dagokigun pribilegiotzat genuenean, ornodun gehienen baitan gertatzen den fenomenoa ere badela eta gainera patroi bera jarraitzen duela frogatu baitzigun emakume honek. Begiak alde banatan dituzten animalien kasuan, zehazki, jardun jakinetan begi ezkerra edo eskuina hobetsiz erakusten dela albotasuna.

        Gauzak horrela, oilaskoek eskuineko begia erabiltzen dute harri artean pikoka jaki bila aritzen direnean, eta ezkerrekoa, harraparien beldurrez zerura begiratu edota beste oilaskoei aurre egiten dietenean. Ezkerrez erasotzeko joera horixe bera ezagun zaie, berdin, apoei edota muskerrei.

        Areago. «Oilaskoen asimetria deskubritu eta zer albotzen den dokumentatu ostean —aipatzen zuen Rogersek—, genetikoki aurrez programatuta egon behar zuela erantzuten zidan jende guztiak, zalantza izpirik gabe. Deabruaren abokatuarena egiten nuen nik, ezin bainuen azalpen hura besterik gabe onartu. Ingurumenaren eragina etortzen zitzaidan burura, eta horren froga aurkitzea zen nire desioa».

        Behinola hegazti enbrioiei buruzko liburu bat gainbegiratzen ari zela, irudiei behatu zien arretaz. Arrautza barruan dauden enbrioi guztiek, buruari dagokionez behintzat, postura bat eta bera erakusten dutela konturatu zen; oraindik jaio ez diren txitoek eskuin begia kanpoaldera izaten dutela, arrautzaren azala zeharkatzen duen argia jasotzeko moduan; eta ezkerrekoa barrualdera gelditzen zaiela beti, gorputzean bilduta eta iluntasunean.

        Itxuraz, kasualitatetik batere ez duen postura hori genetikak emana dio oilaskoari, milioitik bakar batek hausten baitu araua. Ikusmenari dagokion asimetria, berriz, enbrioi den artean jasotzen duen argi desberdintasunari zor dio. Neurozientzietan eta animalien jokaeretan aditu den ikerlari honek erakutsi duenez, erabateko iluntasunean txitatzen diren oilaskoek ez baitute inolako albotasunik erakusten, ez jatean, ez eraso egitean, ez ezertan.

        Argitasunak gizakioi zein neurritan eragiten digun antzematea aski zaila da, ez gara oilaskoak. Baina Rogersek dioen bezala, amaren sabelera egunkaria irakurtzeko adina argi heltzen da eguzkitan jartzen denean.

 

 

        [27] Gurutzaketa sistema lege balitz, ezker gehienek eskuin hemisferioan izan beharko lukete mintzamen-gunea, eskuinek ezkerrekoan duten bezalaxe. Ez da, ordea, horrela gertatzen. Ezkerren kopuru handi batek, eskuinen kasuan bezala, ezker hemisferioan bertan kontrolatzen du funtzio hori. Ezkerren %15ek eta eskuinen %2k bi hemisferioetan banatzen dute.

 

        [28] Oxford Unibertsitateko zientzialari talde batek, LRRTM1 deituriko genea edo burmuineko asimetria aldatzen duen faktorea identifikatu zuen 2007ko uztailean. Ikus «Erabakitzeko askatasuna» atala.