Mila ezker
Mila ezker
2009, saiakera
88 orrialde
978-84-92468-10-2
azala: Gorka Lasa
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
1995, kronika + argazkiak
 

 

Satiraren aurpegia

 

Koadro batek bisitariak erakartzeko izan dezakeen indarraz jardungo bagenu, Mona Lisa-k Parisko Louvren duen estatusa aitortu beharko genioke Frankfurteko museoan Johann Wolfgang von Goetheren erretratuari. Alemaniarren harribitxi piktorikoa da, dudarik gabe, eta zinez bikaina, Goethe in der Campagna deiturikoa, bai neurriz (164 x 206 cm) eta bai edertasunez. Johann Wihelm Tischbeinek 1787an margotua, idazle handiak Italian emandako bi urteak eta haren ondorioz abian jarriko duen aro klasikoa ospatzera dator koadroa. Haren oihartzuna biltzen dute, esate baterako, Italiako bidaia, Eresi erromatarrak edota Epigrama veneziarrak deituriko obrek.

        Via Appia atzean duela, kultura grekolatino klasikoan esanguratsu izan diren elementuz inguratuta ageri zaigu Fausto-ren egilea, antzinako senatari erromatarren taxuan, erdi-etzanda eta pentsakor. Aureola ilun baten itxura hartzen duen kapelua eta ia gorputz osoa estaltzen dion mihise argia nabarmentzen dira lehen kolpean. Gero, belaunetik behera erakusten duen hanka eskuina, soinekoa dirudien estalki horretatik kanpo kasik sentsualki aterata duena. Eta azkenik, hanka eskuin horren oinak eskatuko digu arreta. Beste oinari ere erreparatzera bultzatzen gaitu erremedio gabe...

        Tischbeinen Goethek bi oinak ezkerrak ditu!

        Italiako bazterrak ezagutzeko irrika asetzekotan, Weimarko gortean goi-funtzionario gisa betetzen zituen ardurak eten behar izan zituen Goethek. Ardura administratiboak utzita, hautsak biltzen utzitako idatziak bukatzea espero zuen bidaia hartan, bere burua poeta gisa berdeskubritu, kasik hamar urte baitzeramatzan izkiriatu gabe, estatuak ezarriko zizkion zereginetan nahiz ikerketa zientifikoetan murgilduta. Bidenabar, artista senari ere bide eman nahiko zion, noski.

        Marrazkilariarena eginez, hain justu, eta Johann Philipp Möller ezizenez ezkutatu zuen bere sona, hango txangoak iraun zuen artean. Bizimodu bohemioari lotuta, bolada baterako Tischbein lagunak eman zion ostatu Erroman, beste bizpahiru pintorerekin batera bizitokitzat zeukan etxean. Anfitrioiak bisitari ilustrea erretratatuko zuela hitzartuko zuten biek, harreman onaren izenean.

        Elkarbizitzak ez zien, ordea, batere mesederik egin. Mokoka hasiko ziren lehenik, adiskidantza ezinikusi bihurtu zitzaien konturatzerako, eta lau hilabeteren buruan, elkarri sekulakoak eta bost leporatu ostean, Napoli aldera jo zuen Goethek. Handik aurrerakoak dira koadro ospetsu honen gorabeherak.

        Goethek aurriei begiratzeko hartzen zuen posturaz gainera, egonaldi hartan bizi izandako kontraesanak margotu nahi izan zituen Tischbeinek, ekaitzak eta barealdiak zeru berekoak direla argitu [8], idazleari harreman estu hartan ezagututako bi muturrak irudian bertan agerian azaldu, zuzenaren okerra edo eskuinaren ezkerra erakutsi. Erretratatuak, esan gabe doa, satirarako grina besterik ez zion aitortu margolariari eta proiektuak ahanzturarako bidea besterik ez zuen egin.

        Lan honi ezagutzen zaion lehen bertsioa, Goetheren eskuetatik pasatutako marrazki akuarelatua, idazlea hilez geroztik eman zen argitara. Lamina gisako hainbat kopia egin ziren hartatik. Koadroa bera, berriz, Karl Meyer von Rothschild banku-jabearen etxeko korridore ilun batean azaldu zen ehun urte geroago. Erabat bukatu gabe zegoen, aurpegi aldea ongi osatzeke eta sinaduraren faltan. Rothschild familiak Frankfurteko museoaren ardurapean utziz geroztik, eta amaitu beharrekoak amaituta, jai giroko ekitaldi batean aurkeztu zuten jendaurrean.

 

 

        [8] Esanahia interpretatzen laguntzeko hainbat ohar eta gako utzi zituen Tischbeinek koadroan bertan. Besteak beste, kontrako nolakotasunak adierazten dituzten elementuak. Erromako landa, kasura, hiririk berezituena zen garai hartan, antzinako aurriei esker, tokirik bisitatuena, baina baita arriskutsuena ere. Prostituzioa, bide-lapurreta eta gaitzak mailarik gorenera heltzen omen ziren. Koadroko zeruak ere kontrastea erakusten du: iluntasuna Goetheren buru gainean, oskarbia atzean.