Mila ezker
Mila ezker
2009, saiakera
88 orrialde
978-84-92468-10-2
azala: Gorka Lasa
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
1995, kronika + argazkiak
 

 

Autodidaktak

 

Istripu baten ondorioz ezkertu zen Slim Whitman country abeslari kaliforniarra ere, esku ezkerreko hatzetako bat galduz geroztik. Haren amodiozko abestietako bat, Rose Marie, Erresuma Batuan hit parade-ko buru luzaz izan zelako erreparatu zion Paul McCartney gazteak garaiko izar estatubatuarrari. Eta hala, ondoan egokitu zitzaion poster bati erne begira zegoela konturatu zen, gitarra arrunta beste modu batera jotzerik ere bazela; sokak goitik behera alderantzikatu eta masta eskuinez hartzea zela, bera bezalakoentzat, gakoa.

        Tximeletak egin zitzaizkion sabelean McCartneyri. Gelako zoko batean erdi ahantzita utzitako gitarra zaharrak eta bere sorkuntzarako senak aurki bat egingo zutela ulertu zuen bat-batean. Handik aurrerakoak aski jakinak ditugu.

        Johnny Guitar western filma ikusiz geroztik deliberatuko zuen Jimi Hendrixek, etorkizuna zein izango zuen, guraria askoz lehenagotik ernaldu bazitzaion ere. Erratzari zuhainezko sokak jarri eta hura dantzatzen aritzen omen zen etxean, edo zaborretan aurkitutako jostailuzko gitarrari gogotsu emanez. Urteak behar izan zituen, hala ere, bere lehen gitarra, Super Ozark elektriko zuria, eskuinez jotzeko egina, merke-zurrean eros ziezaioten. Behar zituen konponketak egin orduko hasi omen zen hura obsesiboki jotzen. Bere burua gaizki ikusten, ordea. Aitak eta irakasleek idazteko eskuina erabiltzera behartu zutenean bezalaxe, instintiboki oker ari zela sentituko zuen Jimi Hendrix gazteak. Ezkerrentzako gitarra arraro bezain garestiak eskuratu ezinda, bere kabuz deskubritu behar izan zuen McCartneyri Whitmanen erretratuak konpreniarazi ziona.

        Gitarraren sokak alderantzikatuta, barne senaren deiari segika aurkitu zituen Atahualpa Yupanquik ere, bere estilo propioa eta munduan zehar eskola sortzeko bidea. Haren eragina itzali xamar baldin badago ere, artista handietan handia izan zen Ata Jauna; folkloreari emandako balioagatik, kantagintza konprometituari oinarriak ipintzeagatik, lorratz luze-sakona utzi zuena. Victor Jarak, Mercedes Sosak, Maite Idirinek eta bereziki Mikel Laboak haren obrari emandako segida, eragin erreferentzial horren adibide.

        Abeslari, idazle eta gitarra-jotzaile paregabea, langile xumearen duintasuna harrotzen duten kredoak dira bere abestiak, gizon-emakume anonimoei itzulitako historia-lerroak, lurrari eta paisaiari atxikitako filosofia zatiak. «Zu kantuan zaren bezain egiati izan nahiko nuke nik pintatzean!», esan omen zion Pablo Picassok Parisen, Paul Eluard poetaren etxean, entzun zuen batean.

        Bere kitxua jatorriko arbasoak gogoan, inken leinuko kideen izenak bereganatu zituen Hector Roberto Chavero Aranburuk: Francisco Pizarrok 1532an heriotzara kondenatu zuen azken buruzagiarena, Atahualpa, eta gudari nahiz konkistatzaile handiz osatutako erret familiarena, Yupanqui. [14]

        Egia gorriak izaten ziren, inondik ere, Yupanquirenak, inbasioaren arrastoa besterik ez zen tokietan herri identitatea piztu nahi izaten zuten ahalegin gordinak, erregimen totalitaristen aurkako mezu agerikoak. Hori dela eta, urteak eman zituen Argentinako zerrenda beltzetan eta behin baino gehiagotan atxilotu zuten, bereziki Juan Domingo Peron jeneralaren lehen agintaldian, altxamendu militarrak ipinitako tranpolina baliatuz, nazioko presidente bilakatu zenean.

        Jazarraldi horietako batean, hain justu, gogotik astindu nahi izan zizkioten ausardiak, aldarrikapenetarako kemenak bolada luze baterako kamustu. Eta bere musikari buruz egingo zizkioten oharrez bizi osoan akorda zedin, esku eskuina idazmakina batez zigortzen zioten, harik eta hatz erakuslea puskatu zioten arte: «Esku pijoa elbarritu nahi zidaten, gitarrarik ez jotzeko txangotu —argitu zuen bere biografian—, eta ez konturatzen nire esku trebea bestea dela».

        Zorionez, osatu ahal izateko moduko kaltea izan zen hura. Gitarra jotzeko eragozpenik ez zion behinik behin sortu, adinean gora egin arte.

        Mutuarazteko manera bortitzok, kuriosoki, arrunt bestelako ondorioak izan zituzten, erbestera beharturik, mundu zabalera hedatu baitzen Atahualpa Yupanquiren obra. Hedatu eta errotu, esan behar, 60-70 hamarraldietan gogotsu helduko ziren belaunaldien eredu etiko eta estetiko bilakatu baitzen berehala.

        Kantaldietan baso bete ur izaten zuen beti aldamenean, mahaitxo baten gainean esku-eskura jarrita. Eskainiko zuen kantu zerrendarekin batera husten omen zuen, abesti batetik besterako isiluneetan pittaka-pittaka edanez, trago motz eta neurtuak eginez, azken ur-xortak amaierako abestiarekin bat egin zezan. Bere emanaldiaren erritmoa eta iraupena naturaren elementu horrek mugatuko balitu bezala.

        Distantziak distantzia, Jimi Hendrixen antzean imajinatzen ahal da sasoi-sasoiko Yupanqui. Etxean, jaiki orduko gitarrari besarkatuta, amestutako hots, efektu, doinu, aireñoei hatz-dantza perfektu bat asmatzen. Oholtzan, publikoaren bihotz taupadak sei soka alderantzikatuen kolpeekin ozenarazten. Eta aldi berean, instrumentua jotzeko modu bereziaz azalpen eske bertaratutako jarraitzaile liluratuengandik ihesi.

        Bata folklorearen eta herri jakinduriaren aldareetara goratua, bestea rockaren historiak jainkotua. Bata ura, bestea sua [15]. Ikaragarrizko talentu baten jabeak, ezin orijinalagoak, sarri imitatuak baina imitaezinak, biak ala biak.

        Eta zein baino zein maisuago. Zein baino zein ezkerrago. Whitman eta McCartney bezala, zein baino zein autodidaktago.

 

 

        [14] Tupak Yupanqui hamargarren buruzagi inka izan zen, Cusi Yupanqui bederatzigarrena, Capac Yupanqui bosgarrena eta Lloque Yupanqui hirugarrena. Azken honen izenak «ezker gogoangarria» esan nahi du literalki. Peru zaharreko inkek zorte onekotzat jotzen omen zuten ezkertasuna.

 

        [15] Jimi Hendrixek emanaldi ikusgarri ugari eskaini zituen bere bizitza laburrean. Aski gogoratuak dira, adibidez, Monterrey-ko Jaialdian estasi egoeran eta ia kordegabeturik gitarra kolpeka txikitu eta su eman zionekoa. Edota, Woodstock mitikoan ereserki estatubatuarraren bertsioa jotzen ari zela, gitarraz bonbardaketa bateko leherketak simulatzen zituenekoa. Musika-tresnak erosteko nahikoa diru irabazi izanagatik ere, gutxitan baliatu zituen ezkerrentzat bereziki fabrikatutako gitarrak. Nahiago izaten zuen gitarra arruntari sokak alderantzikatzea, nahiz eta modu horretan bolumenaren botoiak beharko luketen tokian ez gelditu eta sokak bestela baino lehenago lasatu edo desafinatu. Modu horretan ikasi zuelako, beharbada.