Mila ezker
Mila ezker
2009, saiakera
88 orrialde
978-84-92468-10-2
azala: Gorka Lasa
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
1995, kronika + argazkiak
 

 

Ezker harrotasuna

 

Ralf König komikilaria 90etako fenomenoen artean dago. Gizarteko tabuen haustea, sexu askapena, gay unibertsoa, giza harremanak edota iritzi askatasuna bezalako gaietan ezinbesteko erreferentzia da, eta bere jarraitzaileek kultuzko autoretzat dute kasik, umore inteligenteari edo erretratu satirikoari dagokionez. Politikoki zuzenaren mugetatik lotsagabeki salto eginda, ohiko komiki irakurle ez zirenak ere zaletzeraino irauli zituen topikoak Königek, eta barre-algara ozen batean ipini homosexualak eta homosexual ez zirenak.

        Kondom des Grauens (1987) edo Kondoi hiltzailea nobela beltzaren bidez jo zuen efektuzko lehen kolpea. Izu generoaren eta polizi istorioen parodia hutsa, homosexualak hozkaka zikiratzen dituen munstroaren ibilera odoltsuak eta Luigi Macarroni orpoz orpo segika duen inspektore zirtzilariaren ikerlanak azaltzen ditu liburu grafiko honek.

        Handik hilabete eskasetara ondutako bi lanek bilakatuko zuten, hala ere, Ralf König moda-modako autore. Axel apain erakargarriaren atzetik lerdea dariela dabiltzan gizon eta emakumeek egoerarik deserosoenetan, kontesturik lotsemangarrienetan egingo dute topo Das Bewegte Mann (1987) edo Gizon desiratua deituriko bilduman eta beronen jarraipentzat jotzen den Pretty Baby-n (1988).

        Usadiozko komediari xukatutako izerdi azidoak dira komikilari honen lanak; pertsonaien arteko berriketa xelebreen bidez, marrazkien adierazkortasunaren laguntzaz biribiltzen dituen istorio dibertigarri, ziniko eta lotsagalduak; homofobia, gay eta heterosexualen arteko harremanak edo sexu berekoen ezkontza bezalako gai korapilatsuen harira irri-algarak askatzeko bidea. Karikaturizatze horretan errege baita König.

        Historiari ere errepaso galantak eman izan dizkio, bestalde. Lysistrata-k, esate baterako, Aristofanes dramaturgoaren komediarik ospetsuena, bakearen aldeko ahalegin antolatuaren sinbolotzat jotzen den obra bertsionatzen digu, eta Grezia klasikoaren edota Peloponesoko gerraren irakurketa interesatu bat ematen.

        Jago (1998) deituriko nobela grafikoan, berriz, John Philip Madden zinema-zuzendari britainiarrak urte berean egin zuen moduan, William Shakespeare dramagile handiaren unibertso erotiko-sentimentala birsortzen digu Königek. Ez du, dena dela, bere bertsioak Shakespeare in love film oscar-sarituan proposatuko zaigunaren antz handirik, erraz imajina daitekeenez. Othelo, Macbeth, Romeo & Julieta eta Udako gau bateko ametsa obren nahasketa landua da Jago, jatorrizko testu zatiak hartu eta komeni bezala jositako komedia burutsua, kurioski dokumentatua, maritxuz inguratuta bizi den Shakespeare bisexual, mozkorti eta maitagarri baten bihotz minak kontatzeko baliatzen duena.

        Umoreak umore, ez ditu denak bere aldeko izan. Heteroak arlote eta kuxkuxerotzat maiz jotzen dituelako, emakumezkoak beti senetik aterata eta itsusi erretratatzen dituelako, ideia feminista batzuekiko ezinikusia ezkutatzen ez zuelako edota homoen harremanak heteroenak baino askoz sanoagoak direla printzipio ia higiezintzat duelako, misoginia eta heterofobia leporatu izan zaizkio Königi.

        Dena zulatzen du, ordea, bere eztenak, baita bere larrua ere. Aipagarri, zentzu honetan, bere burua komiki bateko protagonista bihurtu eta telebistarako egin zioten elkarrizketa bat parodiatu zuenekoa. Erasoen aurrean defendatzeko, autokritikarako edota barrenak husteko abilki asmatua, autorearen gakoak biluztera dator liburua, datu autobiografiko zein berezkotasun esanguratsuenak agerian ipintzera, izenburu ezin aproposago batetik hasita: ....Und das mit links! dio jatorrizko hizkuntzan. Eta, gainera, esku ezkerrez! itzuliko genuke guk.

        Esaldiak hartzen duen ziri-ukitua bazterrera utzita, horixe bera baita ezker-ezkerrak bere buruari ikusten dion nolakotasunik definitzaileena, sarritan beste apartekotasunen iturburu gisa nabarmenduko diotena, eta kuriosoki, guztiz fisikoa izanda ere, ispiluak islatuko ez diona.

        Izenaren pare jartzeraino gailendu zitzaion ezaugarria, esaterako, Lur argitaletxeko buru den Iñaki Mujika Arregi Ezkerra-ri. Edo deituren arrastoa ezabatzeraino kasik, Berriatuko Ezkerra bertsolariari. Eta horra hor, datu polita: Franzisko Aranberrik —hori zuen jaiotza izena— "oinordetzan" hartua zuen ezkertasuna, bizitokiari zor baitzion goitizena, «Ezkerra» edo «Ezkerranea» deritzon etxeari, eta ez berezko joera naturala deituko genukeenari. Xabier Amurizaren Bizkaiko Bertsogintza II Izendunak liburuan irakur daitekeenez, bertso paper bat baino gehiago atera zuen Ondarroako inguruetan, XX. mendearen hastapenetan.

        Eta deiturez ari garela, Laio edo "Ezker" zuen izena Ediporen aitak ere. Erbestera beharturik, Pelope erregearen lurraldean hartu zuen babes, eta hark, eskuzabaltasun izugarri baten jabe, seme Crisiporen zaintza eta heziketa eskaini zizkion berehala. Baina Laiok Tebasko agintea galtzera bultzatuko zuten bizioak harekin ekarriak zituen eta errespetu garbia erakutsi beharrean, Crisipo xaloa bahitu eta bortxatu egin zuen. Pelopek, sutan, begizkoa bota zion etxean konfiantza osoz hartutako gaizkileari: «Ez dezazula sekula semerik izan, eta izaten baduzu, zeure hiltzaile bilaka dadila».

        Handik urte batzuetara bete ziren iragarpenak, Edipo —Korintoko errege-erreginek semetzat hartutakoa— eta Laio errege zipokaria —ordurako Tebasko agintea berreskuratua zuena— Delfosko bidean liskartu zirenean. Haren alarguna eta Edipo, ama-semeak zirela jakin gabe, esposatu egin ziren. Eta hala, aspaldiko bakea itzuli omen zen erreinura... Ai, ai, ai, Sofokles... Zurea ote da ezkerra kondenatu duen arbuio historikoaren errua?