Aurkibidea
Aurkibidea
Jenioaren mitoa
Neurriz gaindiko talentua duenari deitzen zaio jenio; bereziki arte edo zientzietarako abildade paregabeak dituenari; tramankulu edo makina ikusgarri bezain txundigarriak asmatzeko gai denari; eta, noski, inteligentzia miresgarri baten jabe denari, gizadiaren nondik norakoan zedarri esanguratsua ipintzeko gauza den norbanako salbuespeneko horri.
Adiurre zakarrekoa eta xelebrea dela esan ohi da. Fisika edo arkitektura izan, pintura edo musika izan, bizitzaren funts bilakatuko zaion jarduna aurkitzen duelarik, obsesioz ekiten diola lanari, ororen gainetik jarriz, eta bere afizio-ofiziozko misio horretan itsututa gordetzen dituela bestela bildutako atsekabeak.
Jenialtasunaren ispilu, baldintzarik txarrenetan ere bereari eutsiko dion gizaki —ia-ia beti gizaseme— paradoxiko, egoskor, trauskil bat irudikatzen zaigu sarritan, erabat bere senean ez dirudien jakintsu despistatu eta maniaz jositakoa.
Alabaina, sekulan inork ez bezala sentitzeko, ulertzeko, arrazoitzeko senak egiten du jenioa desberdin eta pribilegiatu; ezaugarri genetiko-fisiologikoek baino gehiago, arau finkatua ipurdiz gora botatzeko nekaezintasunak; edo, nahi bada, munduari beste ikuspegi batetik erreparatzeko ahalmenak.
Topikoak izan, zehatz itxurako kalifikazioak izan, hein handi batean azken hamarkadotan ezker-ezkerrari ipini izan zaizkion etiketak dira guztiak. Ez erdizka denari eta ez bietara moldatzen denari, baizik eta beti, denetarako, ezker alboko gorputz atalak (begi, belarri, hagin, esku nahiz hanka) hobesten dituenari nabarmendu izan zaizkion nolakotasunak, izen handiko neurologo, psikiatra eta ikerlariek esanda.
Adibidetxo bat. Alan Searleman doktoreak —St. Lawrence Unibertsitatea, New York— honoko kalifikazioak erabili zituen Ipar Amerikako Psikologia Elkartean 2007. urtean, sormen intelektualaren eta ezker albotasunaren arteko lotura datu zehatzen bidez argitzen saiatu zenean: «Memoriaz makalagoak eta despistatuak dira ezkerrak, baina adimendunagoak, ariketak ebazten bi-hiru bider argiagoak, elederragoak....».
Beste adibide bat, kasu honetan herrikoiagoa. 2008ko uztailaren 22an, Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako lehen maketa lehiaketa zela eta, elkarrizketa bat egin zion Iban Gorriti kazetariak Mikel Inunziaga bigarren saria jaso zuen abeslari zornotzarrari, Deia egunkarian. Hona hemen elkarrizketaren zatitxo bat:
Galdera. Ezkerrak sentiberagoak omen dira (Mikel Inunziagak ezkerrez jotzen du gitarra).
Erantzuna. Sarritan entzun dut hori. Bereziak omen gara.
Galdera. Eta mundua alderantziz ikusten dutela ere esaten da, edo gizarteak alderantziz jartzen diela mundua...
Erantzuna. Nik hala ikusten dut batzuetan. Ez dakit, beharbada ezkerra naizelako, edo beharbada zoro xamarra naizelako, hain zaila dirudi batzuetan...
Antzeko oharrak entzun izan zaizkio Xabi Paia bertsolariari ere, haren ezkertasunaz galde eginda.
Susmo ofiziala da, beraz: kasualitate hutsetik harago joanda, elkarrekikotasun printzipio moduko batek lotzen ditu ezkerra eta aparta. Bidezkoa izan liteke, bada, geuk ere ezker petoari jenio-ukituak aitortzea, eta jenio handiari ikuspegi alderantzikatua duenaren zantzuak antzematea. Nahiz eta ezker jenialak, zintzoki esanda, jenio ezkerrak baino askoz ere sarriago aurkitu. Hiru kasu esanguratsu.
Zientzialari apartetan apartena eta popularrena aukeratu beharko balitz, podiumera igotzen lehena Albert Einstein izango litzateke seguruen, formula matematikorik ezagunenetako bat (e=mc2) sortu eta erlatibitatearen teoria ontzearekin batera, unibertsoaren kontzeptua irauli zuen fisikaria. Kultura modernoaren ikono bilakatua, bere oldartze politiko eta kontraesanek bere lorpen zientifikoek bezain istilutsu jo zuten garaiko gizartean. Eta hil ondoren ere, sarriagotan ekartzen da gogora lotsagabe eta kalparrandi mihia ateratzeagatik, edo lehergailu atomikoaren kontra, arrazakeriaren kontra, Joseph McCarthy senatari gorrifobikoaren kontra borrokatzeagatik, denbora eta espazioa amaraun bereko hari direla edo atomo eta molekulak existitzen direla frogatzeagatik baino.
Haren kontura mundu osoan sortu den mitoak bide luzea egin du geroztik. Ezkerren foroetaraino ere heldu da —Isaac Newtonekin batera, kuriosoki—, garai guztietako ilustreenak albotasunari dagokionez ere apartak izan zirela nabarmentzera, ezkertasunaren balio erantsia aldarrikatzera eta, bidenabar, «hark zuen sen berezi hartatik geuk ere badugu apur bat» delakoa argi uztera. Datuek, ordea, besterik diote Einsteinen kasuan. Alegia, idazteko, pipa erretzeko, biolina jotzeko, eskuak biltzeko edo jateko moduagatik, hain zuzen, eskuina behar zuela izan. Edo, izatez gerotan, zenbait jardun ezkerrez egiten ahal zituena. Ezker-ezkerra, behintzat, inondik ere ez.
Garai guztietako artista eta margolari handienetakoa dugu bigarrena, Mona Lisa edota Azken afaria obra aski goretsien egilea. Halaber, musikari, eskultore, arkitekto, ingeniari eta sortzailea. Hegazkintza, aeronautika, armagintza, hidraulika, arkitektura, hirigintza edota anatomia bezalako alor zientifiko-teknologiko desberdinetan ekarpen miragarriak egindakoa. Abildade askotxoren berri XIX. mendera arte jakin ez arren ere, etorkizunari mendetako aurrea hartu zion asmatzailea. Jeniorik laudatuenetakoa... Motz gelditzen dira alabantzen zerrendak Leonardo da Vinci hizpide hartzen denean.
Berpizkundeko jakintsuaren paradigmatzat hartua, ez zuen haatik garaiko humanisten jakintza-iturrietatik itsu-itsuan edan eta ez zuen haien ezagutza sistema jarraitu. Besteak beste, justuko eskolak hartu zituelako. Besteak beste, arteaz, pentsamenduaz, zientziaz, teknologiaz jabetzeko ezinbestekoa zena, alegia latina, gizondu zen arte ikasi ez zuelako. Klasikoen ikasketa apaletan utzita, beraz, Francis Baconen filosofia hedatu baino mende bete lehenago ulertu eta baliatu zuen metodo esperimentala.
Ezagutza biderik eraginkorrena ikusmena zen Leonardoren ustez. Horren alde, objektuen formak eta estrukturak ulertzeko modua arretaz begiratzea zela argudiatzen zuen. Bere metodo didaktikoaren tresnarik baliotsuena, berriz, marrazketa zela esan liteke. Irudia, apaingarri huts izatetik urrun, elementu nagusia da hark utzitako ohar eta kaieretan, azalpenaren funtsa. Eta testua, ilustrazio zientifiko modernoetan egiten den moduan, irudiaren lagungarri.
Ezkerrez ez ezik, alderantzira idazten zuen Leonardok. Alegia, eskuinetik ezkerrerako norantzan edo, beste modu batera esanda, ispiluan irakurtzeko ariko balitz bezala, bere buruari idatzitako ohar eta idatzi pribatuetan ikusten denez. Hala ere, ohi den gisan —esan nahi baita ezkerretik eskuineranzko norantzan— ederki zekien. 1502an Toskana eskualdeko Val di Chiana ilustratzeko bi mapa egin zituen. Bati, lehen zirriborroa izango zela uste denari, ispilu efektuz paratu zizkion hitzak. Besteari, ustez amaierako produktua, norbaiti zuzendua izango zelako akaso, arrunt idatzi zizkion toki izenak.
Bi idazmoldeen arteko antzekotasunek zer pentsa eman diote makina bat ikerlariri. Hasteko eta behin, lehendabizi eskuinez idazten ikasi duenak egiten omen du ezkerrez ispilu-idazketa. Badira, gainera, nerabezaroko marrazkiak eskuinez eginak direla frogatu uste duten adituak ere. Halako batean, bestalde, Leonardok eskerrak ematen dizkio Jainkoari «besoko zauria baino kalte handiagorik ez duela, hiltzaileengandik ihes egitea lortu zuelako».
Eskuinean min hartzearen ondorioz ezkertu ote zen, bada, gure jenioa? Eta hala balitz, eskuin jaio zen ala eskuindu egin zuten? Sortzez eskuina zela dioen hipotesiari heltzen badiogu, eskuin batek lor ote dezake trebezia miragarri hori alde "traketsean"? Benetako anbidestroa ote zen? [6]
Jenio handienen berezkotasuna, inondik ere, Ludwig van Beethovenek Bederatzigarren Sinfonia-n erakutsi zuena. Estilo klasikoko eskema itxiak apurtu, forma musikalak subjektibotasunaren aukerara egokitu, literatura sinfoniara ekarri —Friedrich von Schiller idazleak bozkarioari eginiko kantuan dago oinarrituta azken mugimendua— eta ahotsak txertatu... Iraultza demasa proposatu zuen ordurako entzumena erabat galduta zuen maisuak, eta artean inork usaindu ere egin gabeko berrikuntza sasi-ulertu ugari erakutsi, 1824ko maiatzean Vienan estreinatu zenean txalo zaparrada amaigabea jaso bazuen ere.
«Bederatzigarren Sinfonia —aipatu zuen Richard Wagner konpositoreak gaztetan— nire pentsamendu musikal guztiak biltzen zituen gune erakargarri eta mistiko izatera heldu zen. Bili-bolo zabaldutako kontuak piztu zidan lehendabizi obra harenganako irrika, musikari guztiek, baita Leipzigetik kanpokoek ere, ahotan zerabiltzaten zurrumurruak. Eta zera zioten, Beethoven burutik erabat eginda zegoela obra osatu zuenean. Fantasiazko generoaren baitako gailurtzat jotzen zen, guztiz ulertezin. Eta horixe aski izan zitzaidan lan horrekiko gogoa astintzeko, obraren nondik norakoak sutsuki ikasteko, zein deabrukeriaren bidez lortu ote zuen jakin nahi izateko».
Garai hartako teknika musikala kontuan hartuta bederen, txundigarria da, izatez, Bederatzigarren Sinfonia: aski luzea, baliabide nahiz talentu gose handikoa, interpretatzeko sistema arras zailekoa. Gaurko ikuspegitik ere, konplexu eta korapilatsu gerta liteke zenbaitetan. Alabaina, sekula idatzitako obra musikalik esanguratsuena da aditu askoren ustez, gainditu beharrari eta etorkizuneko esperantzari eskainitako sormen lanik bikainena. Zalantzarik gabe, poza, senidetasuna, askatasuna girotzeko ikurrik erabilienetako bat eta, esan gabe doa, Europako nahiz Alemaniako ekitaldi ofizialetako doinu erabiliena.
"Koru Sinfonia" deituriko honen estreinaldia azken agerraldi publikoa izan zuen Beethovenek. Gorreriak mundutik isolatuta, bestelako gaitzek erretiroa hartzera behartuta, bakardadean hil zen hiru urteren buruan. Haren lagun eta lankide Anton Schindler biolin jotzaileak ezohiko datu bati eman zion garrantzia lehen biografia ofiziala osatzeko lanak hartu zituenean. Maisua bizirik zegoela egin zitzaizkion erretratu eta margoei [7] balantzaren bestaldean ipini beharko geniekeen kontrapisu moduko bat aipatu zuen. Alegia, jenio oinazetua ezkerra zela.
Biografo gisa asmamen handia erakutsi zuen Schindlerrek. Erreparorik gabe biribildu zituen pasarteak, estali kontu deserosoak eta mozorrotu mixeriak. Ardura jakin bat gogoan hartuta jardun bide zuen, beti ere: zinezkotasunaren gainetik, adiskidearen gerokotasuna zaintzea, izarrari dirdira luzatzea.
Fantasiari egotzi beharreko kontua izan zitekeen, beraz, ezkertasunari dagokiona ere. Baina harrigarri egiten da, dena dela, maisu maiteari a priori onik egingo ez ziokeen ezaugarri estigmatizatu aski zigortua —horixe bera baitzen ezkertasuna garai hartan— Schindlerrek halaxe botatzea, egiaren izenean ez bada. Areago, funtsezko den zerbaiti zentzua emateko ez bada.
Eta, honaino helduta, jenialtasunaren gakotzat ote zeukan? Harrigarri bezain ausarta, hala balitz. Konparazio baterako, Leonardo da Vinciren idatzi alderantzikatuak ere ez baitziren, artean, ezagutzen.
[6] Esku bataz zein besteaz abilak direnak oso noizbehinka sortzen dira. Ekinez ikasten den nolakotasuna ere bada, dena den. Anbidestrorik ezagunenetakoa Robert Baden Powell dugu, militar eta idazle britainiarra. Ezkerrez nahiz eskuinez, talentu bikaina zuen eskultore nahiz margolari gisa ere. Scout Mugimendua fundatu zuelarik, bi albo trebe izatearen garrantzia transmititzen zien kanpalekuetan biltzen ziren gazte guztiei.
Baden Powellek ehiza labanarekin edota pintzelarekin zuen abildade bertsua erakutsi zuen Alexandre Dumasen hiru mosketari ospetsuetako batek ezpatarekin. Halaxe erantzun zion Athosek D'Artagnan gazteari, topo egin orduko oldartu eta eskuin besoa zauritu zionean: «Sekulako mina egin didazu; baina ezkerrez jarraituko diot borrokari, horixe baita nire ohitura egoera hauetan. Ez uste mesede egiten ari natzaizunik, ezin hobeto gobernatzen baitut ezpata bi eskuez; areago, desabantaila izango da zuretzat: ezkerrak gogaitu egiten ditu horretara jarrita ez daudenak. Sentitzen dut lehenago ohartarazi ez izana».
Anbidestroetariko asko ezkerrak dira izatez, eta beste eskuan lortutako abilezia baldintzatua izaten da. Txistulari gehienek, danbolina esku abilenaz jotzen delako, ezkerrez jotzen dute txistua. Hain zuzen horregatik, trebeziarik handienak danbolinaren ziria dotore dantzatzeko behar izaten direlako, ezkerrari hasieratik txistua eskuinez hartzea gomendatzen zaio gaur egun. Aiora Zulaika Pirritx-ek herriko gainerako ikaskideek bezala heldu zion musika-tresna honi, ezkerra zela kontuan hartu gabe. Ikasketei segida emateko Donostiako Musika Kontserbatoriora jo zuenean, ordea, hamabi urtez egindako bidea atzean utzi eta eskuina trebatu behar izan zuen danbolinari heldu aurretik.
[7] Joseph Karl Stieler-ek —maisu handiaren aurrean ipini eta zuzenean erretratatzeko onespena zuen pintore bakarra, antza— luma eskuinean duela margotu zuen Beethoven 1819 eta 1820 artean. Konpositorea eskuina zela frogatzeko baliatu izan da koadro hau, eskuinez idazten zuela garbi uzteko, nahiz eta datu horrek, berez, ezer ez duen frogatzen. Garai horretan eskolatu guztiek idazten zuten eskuinez, baita ezkerrek ere.
Ed Wrightek A Left-Handed History of the World (2008) liburuan iradokitzen duenez, Joseph Karl Stielerrek buruz margotu zituen Beethovenen eskuak, maisua aurrean ez zuenean. Beharbada nahi gabe eskuinduko zuen, edo beharbada apropos, Wrighten hitzetan beti ere, ezkerren kontrako estigmatizazioak maisuaren izen handia zikin ez zezan.