Aurkibidea
Aurkibidea
Elbarritasunaz
Retegi lehenak 1985ean utzi zuen pilotako zirkuitu profesionala, 42 urte zituela. Besteak beste, 21 urtetako jarduna, 2.000 partidatik gorako zerrenda loriatsua eta eskuz banakako sei txapel utzi zituen atzean. Baita jokatzeko estilo iraultzaile bat ere: pilotari botea ematen ere utzi gabe, etorri ahala indarrez erantzutekoa, aurkariak boleaz birrintzekoa.
Behartuta hartutako erretiroa izan zen ordea; etxeko istripu lazgarri batek —ardikia erretzeko prestatzen ari zela bi hatz, erdikoa eta erakuslea, moztu zituen aizkorakadaz— urrezko esku ezkerra betirako elbarritu izanaren ondorioa.
Eskuz banakako txapela estreinakoz jantzi zuenean, historiako lehen ezkerra izan zela nabarmendu zuten hedabideek. Zehatzago izanda, gipuzkoarren nahiz bizkaitarren nagusitasunari gailendutako lehen nafarra eta lehen ezkerra izan zela.
Lehen txapeldun ezkerra izan edo ez, joera xelebrekoa zen inondik ere Joan Inazio Retegi, pilota jotzeko ez beste gainerako jardunetarako —aizkora, kasu— eskuintzat baitzuen bere burua. Eta, dena aitortzen hasita, jardun bakar horretarako moldea bera ere ezusteari zor zion; jaiotzetiko senari baino gehiago, bost urte besterik ez zituela gertatutako istriputxo bati: gaztainak biltzeko ahaleginetan ari zela, erori eta eskuin besoa hautsi zuen. Pilotazale amorratua ordurako, ezin izan zuen sendagileak ipinitako igeltsua kendu arte itxaron. «Honekin ezin badiat, bestearekin emango zioat», erabakiko zuen bere baitarako. Eta ezkerra trebatu zuen.
Antzeko zerbait gertatu zitzaion Paul Wittgenstein piano-jotzaile austriarrari ere, bataren eta bestearen ezbeharrak nahiz ofizioak batere konparagarriak ez diren arren. Vienako familia boteretsu batean sortua, musika, artea, kultura gogoz zaintzen zituen giro aberats batean hezia, oso txikitandik jakin zuen Paul Wittgensteinek bere bokazioaz eta bizitzan bete nahi zuen tokiaz; Retegik bezala, kontzientzia izan orduko sentitu zuen guraria. Eta halaxe errefusatu zion aitari bankuen zirkuluan beretzat zabaldutako bidea. Pianoa zegokion hari, ez ekonomia.
Bere debutaren osteko kritikek ibilbide miresgarria iragarri zioten 26 urteko gazteari, etorkizun oparoa. Urtea pasatu baino lehen heldu zitzaion, ordea, zoritxarra; Lehen Mundu Gerraren hastapenean, 1914ko abuztuan, zehazkiago esanda. Polonian Austriako armada zerbitzatzen ari zela, errusiar tiratzaile batek eskuin besoa zulatu zion balaz. «Hilen naute» pentsatuko zuen etsai uniformatuak hurbildu zitzaizkiolarik. Horren ordez, besoa moztu eta Siberiara igorri zuten preso.
Bizia salbatzeak kezkatuko zuen lehendabizi. Atzean utzitakoaz jabetuko zen gero. Falta den gorputz adarrak sortzen duen oinazearekin batera, pianoa jotzeko ezintasunak ematen duen minaz, barneko musika isildu beharrak dakarren depresioaz. Hondoa jo arteraino errukitu zen bere buruaz.
Erabat galdu gabeko kemena aurkitu zuen, hala ere, amildegian. Kosta ahala kosta aurrera egiteko kuraia eskuratuta, besamotza izanagatik ere lehengo ametsei eusteko erabaki irmoa hartua zuela heldu zitzaion 1915ean Omskeko eremutik ateratzeko eguna.
Sarritan gogoratuko zuen gerora, bere kasa errehabilitatu zeneko garai hura. Mendirik garaienera heltzeko estrategiarekin konparatuko zuen balentria. Hartutako bideak gora egiten uzten ez duenean, bide berri batetik saiatzea beste erremediorik ez dagoela azalduko zuen behin baino gehiagotan.
Gerraren amaiera aldera eman zuen lehen kontzertua Paul Wittgenstein besamotzak. Txundituta utzi zituen ikus-entzuleak; harri eta zur, kritikariak. Karrera miragarri baten atarian aurkitzen zen bigarrenez.
Tamalez, bere elbarritasunak beste eragozpen handi bat ere bazekarren atoian. Esku bakarrez eta gainera ezkerrez jotzeko moduko obrarik ez baitzegoen apenas aurkitzerik. Johannes Brahmsek Johann Sebastian Bachen Chaconne konposizioari egindako egokitzapena izan zuen hastapenean helduleku bakarrenetakoa, Clara Schumannentzat eskuin besoan min hartu zuenean moldatutakoa. Eta Max Reger-en lanen bat edo beste ere bai, baina ezer gutxi gehiago.
Bigarren eskuko denden, liburutegien eta musika gune berezien zokomiaketak heldu ziren gero. Hilabeteak eman zituen aldaketarik egin gabe transkriba zitezkeen obren bila. Hala, nagusiki Felix Mendelssohn, Edvard Grieg eta Robert Schumannen lanekin joan zen apurka osatzen bere baldintzetara egokitutako lanen errepertorioa.
Ezker hutsez jotzea eskuin hutsez egitea baino errazagoa dela aipatu zuen inoiz Wittgensteinek, hatzik indartsuena, lodia, buruan gelditzen delako; beronek hartzen dituelako falta den eskuak egin beharko zituzkeen lanak. Guztiz nekagarria behar zitzaion izan, nolanahi ere.
Izen handiko konpositore asko hunkitu zituen bere ekinaren ekinak, harentzako obrak espresuki sortu nahi izateraino; Wittgensteinen sona belarrietara heldu izan ez balitzaie, imajinatu ere egingo ez zituzketen eragozpenak kontuan hartzeraino. Kasu aparta, esate batera, Maurice Ravelena.
Ziburutarrak 1929an jaso zuen esku bakarrerako kontzertua sortzeko eskaera, Paul Wittgensteinek berak egina. Ospe betean ziren bata zein bestea. Eta konpromisoz gainezka, halaber. Bereziki Ravel, Bolero-k lortu berri zuen arrakastaren zurrunbiloan aski lotuta harrapatu zuen gonbitak. Gogoz eutsi zion, hala ere, erronkari.
Buru-belarri aritu behar izan zuen lanean, lehendik hasita zituenak eta bukatu gabeak Wittgensteini hitz emandakoarekin tartekatuz, guztia batera ontzeko loari orduak kendu beharrez eta arduratsu. «Pianoari dagokion zatiak osatua, ederra eta gardena behar du izan —aitortu zion lagun bati—. Entzuleari konpletoa iruditu behar zaio konposizioa, bere horretan askia. Ezin du sentitu bigarren eskuaz hobetu ahal izango zatekeenik».
1933ko urtarrilaren 17an estreinatu zen Esku ezker bakarrarendako kontzertua. Parisko Pleyel Aretora bildutako entzule andanak, hiru urte lehenago amaitutako obra entzuteko irrikaz, txalo zaparrada luze batez agurtu zituen gau handi hartako bi protagonistak. Ravelek, makal eta urduri, orkestra sinfonikoaren aurrean ipini eta batuta altxatu behar izan zuen isiltasuna nagusi zedin. Gertu zuen Wittgenstein, pianoaren aurrean eserita baina tente, duin, smoking beltzaren eskuin mahuka hutsik eta eroria zuela. Jotzen hasi orduko, dardara batean jarri omen zituen denak. «Benetako miraria zirudien —idatzi zuen kronikari batek—. Bere esku ezkerra bi balira bezala hasi zen jo eta su, batek abestu eta besteak lagundu... Bihotza hunkitu zigun esku bikoitz hark». [12]
Konpositore bikain batek beste artista hobezin batentzat idatzitako maisulantzat hartua, Esku ezker bakarrarendako kontzertu honek lerro ederrak idatzi ditu musikaren historian. Konposizio musikal liluragarri bat baino gehiago, zailtasunaren aurrean amore ematen ez duenari, ametsak galtzen ez dituenari eskainitako omenaldia bezalakoxea da [13]. Mundu osoko piano-jotzaile ugarik interpretatu izan du geroztik.
Pianoan esku ezkerra trebatzeko Wittgensteinen metodoak, School for the Left Hand deiturikoak, Bigarren Mundu Gerra baino lehentxeago bizitokitzat hartutako lurraldean, AEBetan, ikusi zuen argia 1957. urtean.
[12] Richard Bauman idazle eta katedradun estatubatuarrak 2002ko udaberrian Abilities aldizkarian idatzitako artikulutik hartutako datua. Abilities elbarritasunen bat dutenei, haien senide nahiz lagunei eta profesionalei zuzendutako magazinea da. Kanadan argitaratzen da.
[13] Harkaitz Canoren Neguko zirkua liburuan, «Kare zurizko hormara itzuli» narrazioko piano irakasleak ere besoa galdu zuen gerran. Canoren ipuina, jakina, Wittgensteini eta Raveli egindako keinuz beterik dago. Berriki, beste besomotz bat ezagutu dut: Mikel Peruarenaren Ez obeditu inori nobelako Sotero mandazain eta bertsolaria, Kubako gerran eskuineko eskua galdu arren, harmonika jotzeari utzi ez diona.