Mila ezker
Mila ezker
2009, saiakera
88 orrialde
978-84-92468-10-2
azala: Gorka Lasa
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
1995, kronika + argazkiak
 

 

Erabakitzeko askatasuna

 

Arteak eta estetikak aldaketa sakona eskatzen zuten garaian heldu zen Julian Ajuriagerra Parisera, 16 urte besterik ez zituela, medikuntza estudiatzera. Ikasle katolikoentzako erresidentzian hartu zuen ostatu, besteak beste, Jose Maria Uzelai margolariarekin, Aita Donostia konpositorearekin edo Nicanor Zabaleta harpa-jotzailearekin batera. Azken honek, justuki, artean bizarrik ere ez zuen nerabe mistiko baten itxuran gogoratuko zuen itzal handiko neurologo eta psikiatra bilakatuko zena. Henri Bergson-en Barrea eskaini omen zion irakurtzeko, gerora autorerik gustukoenetakoa izango zuena, eta hark errefusatu, Debekatutako Liburuen Aurkibidean aipatuta zetorrela argudiatuta.

        Urte horietan Tristan Tzararen boutadeek astinaldi galanta emana zioten Frantziako hiriburuko giro kosmopolitari. Andre Bretonen manifestu surrealista argitaratu berriak ere margolari, eskultore, poeta, antzerkigile nahiz zinemagile andana ipini zuen dantzan, abangoardiako "enfant terrible" asko, adierazpen-modu libreagoak, arrazonamendu burgesaren eta errealitate prosaikoaren gainetik subkontzientea, pentsamenduaren alde onirikoa aldarrikatzeko elkar hartuta.

        Amu ezin erakargarriagoa, beraz, hastapenetatik bertatik adimeneko labirintoetan barneratu nahi zuen ikasle berri honentzat. «Bekatuaren anatomia eta fisiologia ezagutu nahi nituen —azalduko zuen gerora— zoriontasunaren edabe magiko edo alkimia moduko hori bilatu». [1]

        Intelektual eta artista horietarik asko hil arteko adiskidantzaz lotu zitzaizkion geroxeago Ajuriagerrari, batez ere karrera amaitu ostean, Senako Asilo Psikiatrikoetan lanean hasiz geroztik. Henry Michaux poeta margolariarena dugu adibide garbiena. Surrealistek, zehazki, sarritan jotzen zuten Sainte-Anne deituriko ospitale hartara, eta ohiko estanpa izaten omen zen, kasura, Paul Eluard, Luis Buñuel, Max Ernst edota Andre Breton bera, 36ko Gerra Zibileko errefuxiatu mordoarekin batera, Frederic Delangladek apaindutako gela batean solasean aurkitzea. Ajuriagerra eta beste zenbait psikiatra gazteri gaueko zaintza egokitzen zitzaienean batez ere, orduak ematen omen zituzten elkarrekin psikiatriaz, politikaz (Bigarren Mundu Gerraren atzaparra luzatzen hasia zen), erlijioaz, poesiaz, arteaz edota filosofiaz eztabaidan.

        Mota honetako eztabaida-guneetan sortuko zen psikiatrikoetako espetxe-eredua apurtzeaz arduratuko zen mugimendua. Ajuriagerrak zioen gisan, gaixo psikiatrikoaren ixtea ezin baitzen askatasunaren arazotik bereizi. Aipagarriak dira Parisko Batia deituriko taldean —euskarazko "batera" hitzetik hartuta dago izena— egindako ahaleginak edota Genevako Bel-Air Klinika Unibertsitario Psikiatrikoan bere ekimenez antolatutako sistema guztiz berritzailea, zentroa irekitzeaz batera, ospitalez kanpoko laguntza eta asistentzia estrukturatu zuena, Europako toki askotan jarraitu beharreko etsenplutzat hartu zena.

        Baina haren izena urrez inon idaztekotan, haurtzaroari dagokion esparruan egingo genuke lehenik eta behin. Erabakigarria izan zen bere ekarpen ugaria, haur psikiatria helduarenganakotik banatu eta zientzia autonomo gisa finkatzeko, edota garapeneko neuropsikologia bezalako espezializazioei eta ikerketa lerro berriei bidea lautzeko. Zedarri esanguratsua dugu Manuel de Psychiatrie de l"enfant (1971) eskuliburu mardul eta goraipatua, urte luzetako esperientzia eta alor desberdinetako jardunak bilduz osatutakoa.

        Afektibotasunak funtzio kognitiboen garapenean duen garrantziaz ederki jabeturik, arreta berezia eskaini zien harremanei eta plano zientifikora goratu zituen, esaterako, munduratu berriaren eta amaren arteko sinbiosia edota xamurtasunaren eta besarkadaren beharra bezalako kontzeptuak.

        Haurra helduaren guraso dela esaten zuen William Wordsworth poeta erromantikoaren hitzak bere moldera ekarriz; haurraren irakaspena kontuan hartzea ezinbestekoa dela helduari, hautuak libreki egin ditzan, bide naturala zabaldu nahi bazaio. Hitzaldiak biribiltzeko esaldi farfailatsua baino gehiago, ospitale eta asilo psikiatrikoetan praktikan egiaztatutako froga enpirikoa zen hura, Parisko edo Genevako osasun zentroetan luze eta sakon jardun izanaren poderioz ondorioztatutakoa.

        Sona handiko maisuen artean hezitako neurologo eta psikiatra, bere lanek —bere izenpea daramatenek nahiz taldean plazaratutakoek— jatorrizko esparrua gainditu eta merezimenduzko tokia aurkitu dute beste hainbat jakintza alorretan, bereziki grafologian edo pedagogian. Erreferentzia klasiko saihetsezin bilakatu dira, esate baterako, haurren psikomotrizitatearen inguruan nahiz mintzamen eta idazketa arazoez plazaratutako ikerketak; gihar tonusa, gorputz adierazpena eta emozio mundua lotzen dituzten azterketak; bere izena daraman erlaxazio sistema.

        Gizakia isilik dagoenean ere "hizketan" ari dela azaltzen digu Ajuriagerrak, mintzaldi hori gorputzaren bidez eta "besterekiko" egiten duela. Elkarrizketa toniko hori komunikazio modu bakarra da bizitzaren hasieran, eta gerora garrantzia galduko badu ere, helduaren emozioek zeresan handia dute gihar tonusaren harmoniari dagokionez. Norbanakoari bere-berea zaion alor afektibo-kognitiboa den horrek alterazio paroxistikoa [2] eragiterainoko garrantzia duela nabarmenduko zaigu.

        Analista eta kliniko nekaezina zen Julian Ajuriagerra. Zerbaitek kezkatzen zuenean, etxekoek esana, ezin izaten omen zuen atsedenik hartu aztergai horri gutxieneko lan monografiko bat eskaini arte; batetik eta bestetik bildutako datuak, partzialki xehakatutako arazoak osotasun bati josi arte. Ardura bururaino eraman behar izate horren fruitu dugu, kasura, haur ezkerren eragozpen teoriko eta praktikoei buruz idatzitako artikuluak; ispilu idazketa, lengoaia arazoak nahiz bestelakoak aztertzen dituzten lanak eta, bereziki, Henri Hecaen-ekin batera [3] ondutako liburua, Les Gauchers: Prévalence Manuelle et Dominance Cérébrale izenburukoa. Albotasunaz, asimetriaz, burmuineko hemisferioen nagusitasunaz eta berauen arteko erlazioaz mintzo den lan hau 1963. urtean argitaratu zen, artean ezker izatea eskoletan bekatu zigortuenetakoa zen garaian, eta lehenagotik idatzita zituen lanei, idazketa nahiz lengoaia arazoen gaineko azterketei [4] zentzu zabalagoa ematea izan zuen gako nagusi.

        Ezkertasuna, zuzendu beharreko aberrazio estigmatizatua baino gehiago, errespetatu beharreko ezaugarri naturala dela argudiatu zuten egileek. Ordura arteko estatistika datuak berrirakurri egingo dituzte horretarako, funtsik gabeko teoriak kritikatu, burmuineko bi hemisferioetako lesioak eta berauen ondorioak ehunka kasutan aztertu, ikerketa berriak gehitu. Ezkerrei eta bereziki eskuina erabiltzera behartutakoei lotu izan zaizkien okerrak, hala nola baldarkeria, toteltasuna, enuresia, estrabismoa eta gainerakoak [5], beste modu batera interpretatu eta ekidin behar direla defendatuko dute Ajuriagerrak eta Hecaenek. Behintzat, «haur horien gaineko erabakiak nolakotasun honen kontrako aurreiritziak eta jokaera sutsuak besterik ez dituzten irakasleen esku utzi gabe».

        Gaurko hezitzaileek arrunt bestelako jokamoldea dutela kontuan hartuta, zaratatsuegiak egiten dira, beharbada, hitzok; zakar eta iraingarriak, dudarik gabe, kontestutik aterata. Errietak errieta, ordea, gutxienez hamar urte gehiago behar izan ziren Ajuriagerra bezalako aitzindarien gomendioak eskoletara hedatzeko eta aintzat hartzen hasteko. Galdetu, bestela, berrogei urtez atzera sortutakoei, bereziki zentro erlijiosoetan hezitakoei edo "guardia zaharreko" irakasleak izan dituztenei, zenbatek izan duten eskolan ezkerrez idazteko aukera.

        «Seguruen —diote egileek haurrez mintzo direnean— ezkerra eskuinaren bertsio alderantzikatua edo ispiluko imajina balitz, Mendebaldeko idazkuntzaren planifikazioa beste modu batekoa balitz, lan-tresnak eskuinez nahiz ezkerrez berdin erabili ahal izango balira eta eskuin gehienek, gaizki ulertutako estetikagatik eta zuzentasunaren izenean, euren eredua inposatuko ez balute, ezkerrei xamurrago egingo litzaieke egoera minoritario hori».

        Burmuineko nagusitasunak edo albotasunak adinean aurrera egin ahala gorabeherak izaten dituela nabarmendu ziguten gainera; batik bat haurtzaroan, oso kontuan hartu beharreko aldaketak gertatzen direla. Eta baita ezkerren aldeko abantaila bitxi bat ere, liburuaren amaieran irakurtzen ahal denez:

        «Haur ezkerrak, eskuinen munduan biziko delako, zailtasunak aurkituko ditu sozialki onargarri diren gaitasun sentsore eta motoreak erdiesteko, arrazoi bat edo beste tarteko (hemisferioen nagusitze tirabirak, esaterako, edo zabalduena, heziketaren eragin zapuzgarria). Heldu ezkerrak, berriz, burmuineko anbilateralitate erlatiboari esker, abantaila izango du buruko lesioaren aurrean, funtzionalki garrantzitsua den eremuren bat kaltetzen bazaio. Egokitzea konpletoagoa izango da eta lehenago osatuko da».

        Aurrerakoi eta kementsua behar zuen izan Julian Ajuriagerrak, sinesgarri egiten zitzaizkion borroketan inplikatzen zena eta akrata xamarra, etiketak gogoko ez zituena, mezu adierazkorrenak umorez eta batez ere ironiaz espresatzen zituena, hari eskainitako artikuluetan irakurtzen ahal denez. Oso jantzia, halaber. Prestakuntza zientifikoa arte, literatura eta kulturaren ezagutzaz nahiz ideia filosofiko, erlijioso eta politikoz osatzea maite zuena.

        Antzeko zerbait egin zuen ezkerren gaineko liburuan ere, albotasunaren atzean dauden arrazoien bila neurologiatik, psikiatriatik, sendagilearen kasuistikatik harago jo zuenean; oraindik orain inkognitarik handiena den horri (zergatik gara nagusiki eskuinak edo zergatik dira batzuk ezkerrak), ikuspegi historiko eta globalizatzaile batetik erantzuten saiatu zenean.

        Jose Miguel Agirre eta Jose Guimon psikiatrek liburu biografiko baten bidez omendu zuten haientzat maisu eta eredu handienetakoa izan zena. Haurtzaroko kontuak, gaztetako ibiliak, 36ko Gerrako nahiz Bigarren Mundu Gerrako bizipenak, Parisko surrealistekiko loturak, Genevako Bel-Air ospitale psikiatrikoan eragindako aldaketa iraultzaileak, lorpenak, hitzaldiak eta beste hainbat istorio eder batu zituzten Vida y obra de Julian de Ajuriaguerra (1991) izenburupean. Handik hartuak dira atal honetan aipatzen diren zenbait ideia, haren izaera azaltzera datozen hainbat xehetasun.

        Halaxe aurkeztu zuten liburuaren atarikoan: «Berpizte garaikoen estiloko jakintsu unibertsala izan zen Julian Ajuriagerra, beharbada azken psikiatra humanista, ezartzen ari den psikiatria eredu burokratizatuaren ondorioz, desagertzeko zorian dagoen espeziea».

 

 

        [1] RTV-Romande-k egindako elkarrizketa batean egindako adierazpenak («En direct avec Julian Ajuriaguerra», 1971)

 

        [2] Alterazio paroxistikoak bat-bateko mugimendu bortitz eta kontrolaezinak izaten dira. Epilepsiak, esaterako, ondorio horiek izaten ditu. Julian Ajuriagerrak ez zuen sekula autoa gidatzeko baimenik atera. Zergatiaz galdetzen zitzaionean, bolantearen aurrean ipini beharrak «emozio eta arazo toniko paroxistikoak» sortzen zizkiola aipatzen omen zuen umorez.

 

        [3] Henri Hecaen, sona handiko neurologo eta ikerlari bretoia, neuropsikologia modernoaren fundatzaileetako bat izan zen. Alor horretan erreferentzia ezinbestekotzat jotzen den obretako bat, Le cortex cérébral. Etude neuro-psycho-pathologique deiturikoa, Julian Ajuriagerrarekin batera osatu zuen. Parisko Sainte-Anne ospitalean lankide izan ziren biak.

 

        [4] Ezkertasunari edo albotasunari lotutako artikulu ugariren egile izan zen Ajuriagerra. Aipagarrienen artean: Language et dominance cérébral (1957), L'écriture en miroir (1956), Problèmes théoriques et pratiques posés par la gaucherie infantile (1956).

 

        [5] Ezkertasunari eta batez ere "zuzendua" izan den ezkertasunari, arazo funtzional ugari egotzi izan zaio. Besteak beste, baldarkeria bezalako urritasun motoreak; toteltasuna edota hizketaren atzerapena bezalako lengoaia arazoak; irakurtzen ikasteko zailtasunak edo dislexia; idazteko zailtasunak, hala nola urritasun motorea, formak lortzeko eragozpenak edota ispilu idazketa. Julian Ajuriagerraren garaian bete-betean sinesten zirenak, gehienak. Ondo finkatu gabeko albotasunari egotzi izan zaio, gerora, oker horietarik askoren errua.

        Aspaldiko kontuez ari garela dirudien arren, gaurko ikerketa puntakoenek ere lotura ia ekidinezinak egiten dituzte ezkertasunaren eta buruko gaitzen artean. Oxford Unibertsitateko zientzialari talde batek, esaterako, burmuinaren asimetria aldatzen duen genea edo gorputzaren albo baterako joera eragiten duen faktorea identifikatu zuen 2007ko uztailean. Molecular Psychiatry aldizkarian eta beronen oihartzuna egin zuten hedabideetan irakurri ahal izan zenez, «LRRTM1 delako genearen jabe direnek —zeinak, bidenabar esanda, nagusiki ezkerrak diren— joera handiagoa dute eskizofrenia bezalako gaitz psikikoak garatzeko».