Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Amaiera

 

Lehen graduko moduluan, dozena bat preso geunden galeria bakoitzean, beste presoren bat ekartzen zuten noizean behin, bakarren bat eraman egiten zuten... Euren artean liskarren bat izaten zutenak, edo matrakaren bat kartzeleroekin, isolamendu modulura eramaten zituzten, hogeita lau orduren buruan ekartzeko ostera. Isolamendu modulura itzulia egiten zutenak, eskuturrean grilluen markekin edo bizkarrean porren arrastoak zituztela bueltatzen ziren...

        Illan pertsonaia bat zen lehen moduluan. Inon diren gaixotasun guztiak izan behar zituen eta ez dakit zelan eusten zion bizitzeko gogoari. Goizean kafea hartzen ari ginela etorri zen psikologoarekin elkarrizketa izan ondoren.

        — Nortasun bikoitza daukadala esan dit —bota zigun serio, zeharo kezkatuta.

        — Joder —Mariok albotik—; bat izorratzen zaizunerako, primeran etorriko zaizu bestea.

        Mirin eta Jose asturiarrak elkarrekin zebiltzan beti. Akrata peto-petoak ziren biak, lagunekiko zintzo eta leialak izateaz gain. Mirin Mansillako kartzelatik bidali zuten hona, lehen gradua ezarrita. Hango zuzendaritza eta administraritzaren ustelkeriaren batzuk salatu zituelako mendekua hartu zioten.

        Hemen, lehen graduko moduluan, ea destinorik, garbiketa lanik alegia, ez al zuen nahi galdetu zion kartzeleroak.

        — Ba bai, nahi nuke destino bat —Mirinek erantzun.

        — A bai? Harritzen nauzu, zuk lanik ez zenuela egin nahi uste bainuen. Tira, zein destino nahi duzu?

        — Ba Asturiaskoa, Villabonarako destinoa —erantzun zion Mirinek serio-serio.

        Ziria irentsi ezinik, hitzik gabe geratu zen kartzeleroa.

        Lehen graduko modulu hartan hasi ginen gure historia hau idazteko oharrak hartzen, burutazioak egiten, leihotik begiratuz sartaldera eta iparraldera.

        Beste udazken bat da aurtengo hau, beste modulu batean gaude, baina sartaldera begira dauzkagu hemen ere ziegetako leihoak, eta ipar-ekialdera joaten zaigu begirada ilunabarretan.

        Lurrak goldatzen ari dira egunotan kartzela inguruko sailetan, batzuetan artzain bat ikusten da, ardiak galtzu zaharretan bazkatzen. Hego haizeak lasto printzaren batzuk dakartza patioraino eta etxemina ernatzen du erraietan eta gogoan.

        — Amaiera itxura dauka jardun modu horrek —hasi zait Mario albotik.

        — Noizbait amaitu beharko dugu hasitako lana. Lekutan geratu da aurreneko liburu eta fotokopiak eskatu genituenekoa!

        Mariori, gure artean ohikoa denez, etxekoek, Arantza neska-lagunak hain zuzen, ekarri zizkion lehenengo liburu mordoxka eta fotokopiak; arrebak ere bai beste liburu batzuk. Oreretako lehengusuek bilatu zizkioten hainbat datu. Arantza Bereziartuari eskatu zizkion Ondarretako kartzelari buruzko kontuak, eta zintzo asko ekarri ere bai bisitara etorri zenean. Ramon Garcia preso ohiarena amak idatzi zion, eta iloba Gorkak ere bai Zunbeltz Larrea preso gaztearenak kontatuz; Martin Agirrek eta Izaskun Belokik kontatu ziguten kartzelaz kartzela dabiltzan senideen neketik apur bat. Dodaka Salegik eskutitza bidali zigun, Txillardegik ere bai, Iñaki Rayok eta Izaskun Arrietak fotokopiak eta liburuak, Oierrek ere liburu mordoxka...

        Niri Maite Zuñigak bidali zizkidan aurreneko fotokopiak eta liburu handi bat, Edurne Sanchezek Fresnesko gorabeherak kontatuz idatzi zidan gutuna, Amuritzak ere idatzi zigun, Itziar Aizpuruak bereak eta Jokin Gorostidirenak kontatu zizkigun, Alfonso Etxegaraik bere egoeraren gogoetak Sao Tometik, Joan Mari Labordetak, Lexok, bere kartzelaldi eta ihesaldien berri bidali zigun. Joxe Agustin Arrietak bere aitarenak, Karmen Galdeanok fotokopia batzuk bidali zizkigun, eta Angelen ama Karmen Fernandez aspertzeraino endredatu genuen liburu baten bila, Jose Luis Otamendik hamaika eskutitz, liburu, fotokopia eta zuzenketa bidali dit, eta bisitetan ere aholkulari zintzoa izan dut Iñigo Aranbarrirekin batera. Eta orain artean aipatu ez ditugunen artean bada emakume bat euskal presoentzat estima berezia duena, Pili Kortazar alegia, lan honetan eta antzekoetan laguntzeko beti prest agertzen zaiguna.

        Batez ere etxekoek lagundu digute zeregin honetan: arreba, koinatua, ama, neska-laguna... Behar izan ditugun liburu, fotokopia eta gainerakoak bilatu, aurkitu eta ekartzeaz gain, astero bisitara etorriz, askotan liburuak baino premiazkoagoak zaizkigun gauzak ekarriz, beharra izan dugun bakoitzean animoak eta laguntza emanez. Bai baitaude liburuek ordezka ezin ditzaketen poz txiki eta handiak zulo hauetan, eguneroko bizitzan eta etorkizunari begira argi izpia ematen dutenak, pausoa arindu eta betartea alaitzen dizutenak. Eta pozaldietan handiena emana dio azken egunotan Arantzak Mariori, bien lehenengo haurra bidean dela jakinarazi dionean. Etxekoak ondoan izan ez bagenitu, historia hau ezin izango genuen idatzi.

        Idatzi ere, edo berridatzi, gutxienez, etxekoek egin dute historia hau, guk eskuz idatzitako guztia ordenagailura pasa digute, behin eta berriz egin ditugun oharrak eta zuzenketak gehituz. Batere exajeratu gabe esan daiteke beraiek egin dutela lanik handiena eta amorragarriena gure historia hau idazterakoan. Anai-arrebak, koinatu-koinatak, ilobak, semea, neska-laguna... Denak nahastu ditugu saltsa honetan, denek lagundu digute. Idazle profesionalek susmatu ere egiten ez dituzten lan modu asko eman baitizkigu historia hau osatzeak.

        Orri hauek guztiak irakurrita ere, iruditzen zait kartzela ezagutzen ez duenak ezin izango duela «ikusi» euskal presoon eguneroko bizitza, eguneroko iraupena... Egunkarietan eta sarri agertzen dira kartzelaz aldatu dituzten presoen zerrendak, baina kondukzio bat bizi izan ez duenak zer daki, mila orriko historia irakurrita ere, zer daki kondukzio batek suposatzen duenaz? Zer daki zer den komisaldegian torturatu zaituzten txapelokerren eskuetan pasatzea orduak eta orduak? Zer daki furgoira sartu aurretik eta furgoitik jaitsi ondorengo jipoiak zer diren? Bizi izan ez duenak zer daki zer den kartzela aldaketa bakoitzean, behin eta berriz, zure martxa berriro hutsetik hastea? Nork daki gure senideentzat zer den bisitak egitera iaz Puertora eta aurten Almeriara, lehengo hilean Teruelera edo Navalcarnerora eta orain Curtisera joan beharra? Nork daki zer den astean bi egun igaro beharra Kordoban edo Malagan dagoen senideari ordubeteko bisita egiteko, Bapaumen, Fresnesen, La Santen edo Clairvauxen dagoen presoa ikusteko? Edo zer daki zer den kartzelero harroputzen baten kapritxoagatik bisita egin gabe itzuli beharra Murciatik edo Huelvatik, edo sei hilabetez senidea ezin ikusi izatea, atean zegoen kartzeleroari gogoa eman diolako? Zenbat eta zenbat jende dago Euskal Herrian bertan honetaz guztiaz ezer asko ez dakiena, presoen senide eta lagunak berrogei urte eta gehiagoan dabiltzan arren kartzelara bidean?

        Presoen senide eta lagunen historia hori ere idatzi behar luke norbaitek. Urteetako kondena ezarri diete haiei ere gure atxiloketarekin. Senide eta lagunen artean, emakumeak dira seguru asko zamarik handiena jasaten dutenak, eta sostengurik konstanteena ere bai. Presoen arreba edo ahizpa, alaba, ama, neska-lagun, iloba, emazte, izeba, amona, amaginarreba, errain, lagun... Norbaitek idatzi behar luke haien historia.

        Gure etxe atarietan badira zuhaitzak, lizar edo haritz sendoak, gure etxeetako belaunaldien historien lekuko isilak. Zenbat gizaldiren historia ezagutu ote dute zuhaitz handi horiek, euren zurruntasunean geldi eta mutu! Haiek ezagutu duten historia kontatu egin beharko luke norbaitek, ahanzturan galdu gabe gure ingurukoek eta ondorengoek jakin dezaten.