Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Daktilografoak
Andre Malraux-ek kontatzen du, Bigarren Mundu Gerran Gestapok atxilotu eta Tolosako Saint-Michel kartzelan zegoela, beste atxilotu bati galdeketa egiten ari zirela naziak. Hitz egitera behartzeko, «bainera» deritzan tortura egiten zioten atxilotuari. Hirugarren aldiz burua urperatu behar ziotenean hala esan omen zion daktilografa alemanak atxilotuari: «Baina hitz egizu, jauna, hitz egizu; ikaragarria zait hau!».
Hau idaztean 720 inguru gara euskal preso politikoen kolektiboan. Gehien-gehienak estatu espainiarreko kartzeletan; 150 bat estatu frantsesekoetan; horrez gain Belgikan, Ingalaterran, Quebecen eta Mexikon beste 10. Kolektiboa 87 espetxetan banatuta dago.
Kolektiboko presoen kopuruarena da berritasuna, ez sakabanaketarena. Azken urteotan, erakunde eta alderdi edo koalizio politikoen legez kanporatzeak asko erraztu du preso politikoen ugaltzea. Baina, kartzelaz batera, azken urteotan xantaia ekonomikoa indarberritu egin dute. Atxilotuari maiz eskatu zaio berme baldintza kaleratu ahal izateko. Gero eta diru kopuru handiagoak eskatzen zaizkie atxilotuei bermepean ateratzeko, dirutza ikaragarriak batzuetan. Potosi berria aurkitu dute Auzitegi Nazionaleko epaileek.
Arnaldo Otegi kartzelara sartu eta 400.000 euroko bahia ordainduta bigarren egunean kaleratu delako aztoratuta dabiltza kazetariak ere. Telebistako programa batean Margarita Uria EAJko eledunari galdetu diote ea, bera atxilotuko balute, bere alderdiak ordainduko ote liokeen 400.000 euroko bahia.
Ez dakit zer erantzun duen Margaritak, baina ez da harribitxi makala galdera hori. Margaritak bai baitaki Madrilgo Auzitegi Nazionalak ez lukeela Soto del Realera bidaliko goizeko ordu txikietan, ertzainik ere ez zaiola joango etxera eskuak lotu eta Auzitegi Nazionalera eramateko.
Aski esanguratsua bada, bestalde, Euskaldunon Egunkariaren aferarekin atxilotutako Iñaki Uriari, 600.000 euroko bermea eskatu izana hasiera batean kartzelatik irteteko, eta nola EAJko eta Eusko Jaurlaritzako hainbat daktilografo kexu agertu ziren, halako bermea eskatzea bidegabekeria zelako. Baina ez zuten eurek bermea jarri, axola ere gutxi axolako zien Uria kartzelan egotea edo infernuko zulora bidaltzea. Gerora zerbait gutxitu zuten ordaindu beharrekoa eta kaleratu zen azkenean, baina ez Eusko Jaurlaritzak ordaindutako bermearekin. Kaleratu berriari ongietorria egin ziotenean, hantxe agertu ziren EAJko eta Jauriaeneko daktilografo horiek euren antzezle dohainak jendaurrean erakustera.
Euskaldunon Egunkaria ixtea ustekabe handia izan zen. Ustekabe handiagoa izan zen Egunkariako zuzendaria eta gainerakoak, Otamendi, Torrealdai... torturatu zituztela jakitea. EAJko daktilografoak ere aztoratu egin ziren. «Nola leike... Ikaragarria zaigu hau!» esan zuten EAJko eta instituzioetako politikari daktilografo batzuek, Tolosako Saint-Michelen nazien daktilografa hark esan zuen sentimendu berberarekin.
Inork ez zuen zalantzan ipini Otamendi, Torrealdai eta enparauen tortura salaketen testigantza. Inork ez edo inork gutxik, Euskal Herrian behintzat. Harrigarria zen demokrazian torturarik izatea. Daktilografo instituzionalizatuek ere onartu zuten egia izango zela. Eta 2003a arteko urteetan, zer?
Egunkari zaharrak edo Torturaren Aurkako Taldearen txostenak hartzea nahikoa da urtez urte, egunez egun, giza eskubideek eta torturak zehatz esateko, izan duten bilakaera ikusteko. Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren edo Ertzaintzaren kaserna eta komisaldegietan bizi den munstrotzarra da tortura. Horren testigantza batzuk ari gara ikusten orriotan. Eta bien bitartean beti entzuten dira bazterren batean atxilotuen osasunagatik kezkatutako daktilografoen ahots kraskatuak, «hitz egizu, jauna, hitz egizu; ikaragarria zait hau!» esaka.