Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Barruko hitzak
Espetxe barruan ekoitzi den literatura inprimatuari tarte bat eskaintzea merezi duela pentsatuta heldu diet orri bati hemen eta besteari han gaurkoan. Eta hasi naiz tiraka. Paper artean arrantzan ari naiz, esku-arrantzan. Kartzela askatasun fisikoa kentzearekin bat presoaren gogoa lotzen saiatzen da, isiltasunaren grilluz, mututasunaren zepoaren azpian, zentsuraren giltzarrapoaz norbere arnasa eta adierazteko premiak itoz.
Gerra garaiko euskal presoek Espetxean aldizkaria atera zuten. Kartzelan egina zegoenez, esan gabe doa aldizkari klandestinoa zela. Lehenbiziko alea 1937an Santoñako El Dueso kartzelan eman zen, gero handik Larrinagako espetxera egin zuen, eta azken aleak Burgoskoan osatu ziren.
Hamaika zenbaki atera ziren 1937 eta 1941 bitartean Juan de Ajuriagerraren ardurapean, eta kolaboratzaile izan zituen Luki Artetxe, Ander Arzelus Luzear, Sorazu eta Lazkano, besteak beste. Erdia eta erdia euskaraz eta erdaraz idatzia zegoen. Sinatutako testuak salbuespen dira, eta espetxean bertan taxutuak dira aldizkariak. Azken hiru zenbakiak izan ezik, beste guztiak eskuz idatzita daude. Ale bakoitzetik egiten ziren kopiak zeharo mugatuak ziren, zenbaki batzuk ez ziren bost kopiatik pasa. Banaketa zaila gertatzen zen, noski, eta espetxetik kanpora emakumeek ateratzen zuten, hartara, bigarren helburua, hots, EAJk Iparraldean zuen egoitzara iristea lortzen zela.
Kartzelako giroaren berri ematen zuen Espetxean-ek, presoen kezken eta itxaropenen albiste: literatura; kristau sinesmena; bake, itxaropen eta zorion aldarrikapenak; heriotza eta hildakoen oroimena; presoen gutunak; jai eta ospakizun bereziak (Aberri Eguna); euskararenganako kezka...
Urteurrena artikulua, 1938an Burgosen atera zen 8. aletik hartu dugu:
«Urtea ere bete degu. Eta hemen gaude, Gaztela erdian, zain, beti zain, hasieran bezelaxe. Lur jota gaudenean gora egiten gaitue, eta ia tontorrera heldu geranean, amilka beheraino. Badirudi aidean zintzilik egotea dala gure zoria, ez zerurako eta ez lurrerako.
«Oztopo eta oztopo, azkenean gure gorabeherak zuzentzen dituen legea ezagutzera ere iritsi gera. Ilargiak bezela baditugu gure ilgora, ilbehera, betea eta berria. Beti bira berdina egiten degu. Aurrera goazela uste eta beti leku berean gaude.
«Hemen ez daukagu zer ikusi haundirik. Gelako lau hormak, patioko harresiak. Gure gainetik, zeru barna doan hegazkina. «Laster» jakinarekin datorren idazkiren bat irakurtzean gure ezpainetan irriparra agertzea harritzeko ote da?... Bai, badakigu aldapa gora igo ondoren, aldapa behera jaistea beharrezkoa dala.
«Halaz ere, itxaropena degu bidelagun. Itxaropena gure poz eta oinaze. Askatasuna amets, eta katepean aurkitu. Gure artetik anai maite asko eraman badizkigute ere, gure saila urteurrenera iritsi da. Saila oraindik, ez artaldea. Uhartetxo askea jopu-herri erdian. Tartean sartu dizkiguten «aberkideak» ere ez dute batasun hori hautsi.
«Eusko talde bat bizi dan lurraldea Aberri bada, hara Burgosko Espetxe Nagusia, Euzkadiren txoko bihurtu».
Mende erdi bat geroago ere euskal preso politikoek barne muinetan egosten dutena adierazi beharra sentitzen dute lehengo gudari zahar haiek bezala. Franco hil ondoren espetxean idazten denaren gainean oparo mintzatu zen Iñaki Aramaio preso ohia, 1989an Susa aldizkariari emandako elkarrizketan.
Barruan irakurtzeak eta idazteak duen garrantziaz dihardu, eremu libre bat eratzeko ahalegina duzu, ostua dizuten denbora galdua berreskuratzeko eta hormatzarrotatik kanpora egiteko daukazun zubi bakanetakoa. Horregatik esaten da euskal presoen kolektiboan destajuan irakurtzen dela, harrapazka irensten dela letra inprimatu oro, eta idatzi ere erruz egiten da, etengabe, gutunak batez ere.
Eskuz idazten da gatibutzan beti, ondoren, horretarako aukera denean, makinaz edo ordenagailuz joko dira testu horiek. Idazten denaz gainera, ezin da alde batera utzi kartzelan galdu egiten dela idazten denaren hainbesteko handi bat: txakurren sarraskiak, lapurretak, trasladoak, zentsura... Edo idazleak berak, idazle agertzeko lotsaz, gordean uzten dituenak.
Euskara lantzeko eta euskal literatura ezagutzeko giro berezia sortu zen 1980ko hamarkadan hainbat katzeletan: Soria, Puerto de Santa Maria, Herrera de la Mancha.
Horrekin batera, ez genituzke oharkabean joaten utzi nahi, aipurik egin gabe, urte horiexetan kartzelan sortutako aldizkariak. Kolektiboaren jardun autonomoarentzat tresna ezin baliagarriagoa dira, handia da presoek idatzi eta landutako informazioa, gogoeta eta literatura euren bideetatik zabaldu ahal izatea, eta euskaraz.
Frankismo osteko ETAko presoen kartzelaldiaren historian bost aldizkari behintzat eman ziren barruan argitara. Aga izenekoa Sorian egin zen; Puerto de Santa Marian Intxaurraga etorri zen; eta Herrera dela Manchan hiru eman ziren argitara: Martxan, Kixmi eta Halankarri.
Era guztietako testuak azaltzen dira, hilabeteroko maiztasun laxoan emanak: poesia eta narratiba testuak dira nabarmen ugarienak, artikulu eta albiste laburrak badira, inkestak, elkarrizketak, txisteak, iragarkiak...
Aldizkari bakoitzak bere erredakzioa zuen, bi koordinatzailerekin. Testuak biltzeko buzoi bat jartzen zen, kolaborazioak batzuk izenpetuak eta beste gehienak anonimoak dira. Modulu bakoitzerako hiru bat kopia egiten ziren, makinaz transkribatzen zirenak kalkoak erabiliz. Ondoren, eskuz, eta banaka-banaka, marrazkiak eta irudiak txertatzen zitzaizkien.
Iñaki Aramaiok 1989ko elkarrizketan zioen barruko jendea ez dela idazle sentitzen: «Kalekoek garrantzi gehiago ematen diote idazleari barrukook baino. Han ez dago mitifikaziorik. Kartzelan denak berdinak gara».
Baina literatur zaletasunak aski ongarri kausitu zuen garai hartako espetxeetan. Euskarako eta euskal literatuko ikastaroak antolatu ziren, eta astiro-astiro jendeak literaturaren aterpea eta indarra estimatzen ikasi zuen. Preso askok idatziko du literatura, preso askok itzuliko du literatura: Sarrionandia, Sarasketa, Izaga, Aierbe, Aramaio...
Eta kalera ere iritsi zen orduko presoek, talde giro haren emaitzaz idatzitakoaren lagin miragarria... Idatzi, bakarrik egiten da, baina Intxaur azal baten barruan eta Eguberri amarauna liburuaren anonimotasunak borondate kolektibo bat dakar berarekin. Preso talde baten grinen eta minen ispilu gardena da liburu hori, bi partetan partitua: aurrena narrazio batek hartzen du, bigarrena esku batek baino gehiagok ondutako poemek.
1983an eman zen Puerto de Santa Mariatik ateratako testuekin. Sorta hartakoa da poema hau:
infernura inguruka doan eskaileran
geratu gara ez dakigula
zenbana igon maldak edo
baina noizbait gau iluna
egun argi bihurtuko zaigu
eta laban hotzak noizbait
amorante laztan aldatuko
eta noizbait zorigaitzak
haur irri bilakatuko ditugu
urrun omen doa eguzkia
dirdira bide bat eginez itsasoan
aldatuko ahal dira gauzak
Honenbestez jo du azkena saioak, lehorreko arrantza amaitu da, hemendik hau eta hortik hori ijito-zaku honetara biltzeko lana fini gaurkoz. Trepeta guztiak jaso eta banoa egunerokotasunaren beste koska batzuetan ezartzera oinak. Biharkoa ere argituko du, eta... aldatuko ahal dira gauzak.