Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Trukeak, kanporaketak...

 

Gaurko bisitan osaba Gabinori buruz aritu gara Idoia, Hodeiertz eta hirurok. Esan diet osabari berari galdetzeko 1936-1939ko gerrako kontuak nola gogoratzen dituen, gustura jakingo nituzkeela eta. Etxeko eta kanpoko, denak nahasten hasi gara historia modu honekin. Eskaera eta galdera zerrenda paperean idatzita joaten dira bisitetatik. Eta hurrena baita ekarri ere!: liburuak eta zapatilak, galtzerdiak eta fotokopiak... eta prentsa, oraingoa eta hagitzez zaharragoa.

        Maiz azaltzen zen prentsan preso hartutakoen aldaketa ahaleginak nola zapuztu ziren faxistek jarritako trabak eta etendako negoziazioak tarteko. Gurutze Gorriaren eta zenbait diplomatikoren bitartekaritzarekin behin eta berriz presoak trukatzeko ahaleginak eta hitzarmenak egiten dira. Trukerako edo indulturako eskaera Gurutze Gorriko Nazioarteko Komiteari zuzentzen zaio, eta honek Genevara bidaltzen du. Hilabeteak igarotzen dira handik erantzuna heltzen denerako. Trukerako proposatutako presoa fusilatu zutela jakinaraziz erantzuten da sarritan, inoiz edo behin ondo amaitzen da afera.

        Honela kontatzen du Jose Maria Munarriz tafallar gazteak: «Iruñean preso nengoen, Joakin Beunza jauna Guadalupen hil zutela jakin genuenean. Ez dut egundo pasatu ordu larriagorik. Libratu egin nintzen hala ere. Baina ez zuten denek zorte bera izan: San Kristobalgo gotorlekuan laurogeitik gora atxilotu fusilatu zituzten Beunzaren heriotzaren mendekuz».

        El pensamiento alavés egunkariak garden adierazia zuen nola behar zen jokatu: «Euskal nazionalismoa hondoratu, hankaperatu eta errotik erauzi behar da; eta gero hitz egingo dugu».

        Kanporaketak eta fusilaketak nahasian ageri dira kroniketan, atertu gabeko jarioan: «Mendaron Mariano Arriaga altzolarra fusilatu dute»; «Altzolan Bilboko gudari bat fusilatu dute, 19 urte besterik ez zuena»; «Debatik bost pertsona kanporatu dituzte».

        Faxistek deportazio mehatxu zuzenak egiten zizkieten Euzko Gudarostean borrokan ari zirenen senideei. Baldintza izaten zen arma eta guzti Nazionalen aldera pasatzeko konbentzitzea. Bete ere egiten dituzte zemaiak.

        Nazionalek Gipuzkoa menderatu zutenean, etxetik alde egitera behartu zituzten familia osoak, Gipuzkoa aldean aurrena eta Bizkaiko kostan gero... Bilborantz beti ezer gabe geratutako haiek. Gerra frontea egonkortu zenean areagotu egin ziren kanporaketok Urola eta Deba bailaretan, Ondarroan... Agintari berriek familiak banatu egiten dituzte batzuetan, etxeko hainbat alde egitera bortxatuz eta beste zenbait etxean geratzera.

        Destierroak, nola esan?, garbiketa sozial funtzioa ere bazuen. Wenceslao Piqueras 1938ko otsailean honela ari da prentsan: «100.000 biztanletik gora ditu orain Gipuzkoako hiriburuak; hauetatik 20.000 katalanak dira. Espainiako eskualde guztietatik 40.000 pertsonatik gora etorri izanak markatu egin du hiriaren fisonomia, eta gaur egun esan liteke Espainiaren hiriburu sintesia dela Donostia, gerra aurretik Madril zenaren antzeko zerbait, ehuneko hamarrera murriztuta».