Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Iheslariei aitzi
Iheslaria mundu guztian da iheslari, maila pertsonalean estatus edo ospe bereziren bat duen iheslaria izan ezean. Ez dira berdinak iheslari guztiak. Baina ihesaren lanbrotan, bideak aurrez ezagutu gabe abiatzen diren gehienen pausajea berdintsua da, eta larritasun berberean bat egiten dute.
1936-1939ko gerra eta gerraoste hartan Bidasoaz bestaldera joan zirenetako asko Polizia frantsesak atxilotu eta Francoren eskuetan utzi zituen. Jokaera hori atzera hirurogeiko hamarkadan berritu zen beste iheslari belaunaldi batekin. 1962an deportazio eta konfinamendu politikari ekin zioten agintari frantziarrek, lau euskal iheslariren aurka hartutako neurriekin. 1965ean Frantziako gobernuak kanporatu egin zituen: Irigarai eta Madariaga Aljeriara joan ziren, Benito del Valle eta Txillardegi Belgikara. Anai Artearen 1972ko txosten baten arabera, 1963az geroztik berrogeitik gora kanporaketa eta konfinamendu agindu eman zituen Parisko gobernuak.
Agintari frantziarren artean lankidetza zintzoa aurkitzen zuen frankismoak. 1974ko urtarrilean kontrol eta araketa ugari egin zituen poliziak Ipar Euskal Herrian, eta baita atxiloketak ere. Arrastatutako asko berehala askatu zituzten arren, kartzelatu edo konfinatu egin zituzten beste batzuk
1976ko apirilean berrehunetik gora pertsona atxilotu eta galdekatu zituen polizia frantziarrak. Horietatik, sei iheslari Yeu uhartean konfinatu zituzten, Segoviako kartzelatik ihes egindako laurekin batera, eta beste hainbat kartzelatu. Uztailean desagertu zen Eduardo Moreno Bergaretxe iheslaria.
Iheslarientzat garai latzak dira, eta polizia frantziarrak egiten duenaren osagarri, Espainiako Gobernazio ministroak 830 iheslariren izenak agertu zituen zerrenda batean, Hegoaldera arazorik gabe itzul daitezkeela esanez.
1977an Porquerolles uhartean konfinatu zituzten hamar iheslari, eta hilabete geroago, ekainean, Migel Anjel Apalategi daramate bertara. Uztailean gose grebari ekin zion Apalak, beste iheslariak aske utzi eta bera preso atxiki dutelako. Gose greban 36 egun egin ostean askatu zuten.
Hurrengo urteko apirilean polizia frantziarrak espainiarrari entregatu zion Bixente Aldalur errefuxiatua. 1978an bertan Donibane Lohizunen Agurtzane Arregi hil zuen Triple-A talde parapolizialak, bere senar Juan Jose Etxaberen aurka prestatutako ekintza batean, eta Angelun, Batallon Vasco Español taldeak Jose Migel Beñaran Ordeñana Argala errefuxiatua hil zuen.
1979ko urtarrilean Jose Manuel Pagoaga Gallastegi Peixoto larri zauritu zuten eraso parapolizial batean. Sasoi bertsuan iheslariei errefuxiatu politikoen paperak kentzen eta ez berritzen hasi ziren. Frantziako Poliziak sarekada jendetsuak burutu zituen handik aitzina, atxilotu batzuk polizia espainiarraren esku jarri zituen, beste zenbait deportatu edo kartzelatu.
1981eko maiatzean, Tomas Linaza errefuxiatu lemoarraren aurka estradizio epaiketa egin zuten Parisen. Mexikon atzitu eta, astebetez torturatu ondoren, Parisera bidali zuten. Epaiketa hasteko astebete falta zenean, Linazaren aita Guardia Zibilak atxilotu, Bilboko La Salveko kuartelera eraman, eta latz torturatu ondoren, libre utzi zuten. Mexico, Frantzia edo Espainiako polizien senidetasunaren erakusgarria izan zen, euskal herritarrak jazarri eta torturatzerakoan. Bada hor, aitzinako historiaren amaraunean, munduko langileriari batasunean elkartzeko dei egiten zion gizon bizardun bat. Munduko langileria ez dakigu elkartuko den inoiz, baina munduko poliziek eta torturatzaileek aspaldi hartu zuten elkar.
Linazaren ondoren beste errefuxiatu batzuk epaitu zituzten Pauen. Epaiketa honetan, Hegoaldeko errepresioari buruzko datuak eman zituen Miguel Castells abokatuak: aurreko hamabi hilabetean, hilabeteko batenaz besteko 500 detentzio izan ziren, lau urtean 49 hildako eta 807 zauritu eragin zituen polizia espainiarrak, 743 manifestazio sakabanatu zituen. Denbora berean 37 pertsona hil eta 425 zauritu zituzten talde parapolizialek.
1982an, ETA-pmaren zatiketa eta bergizarteratze prozesu nahaspilatsuan, zenbait «bergizarteratuk» eta euren abokatuek Bandresek besteak beste laguntza paregabea eman zien mugaz bi aldeetako poliziei. Laguntza horri esker batik bat, apiriletik aurrera hainbat errefuxiatu atxilotu, eta espainiar eta frantziar agintariak zorion eztitan agertuko dira elkarlanaren emaitzengatik.
1983ko urrian Jose Inazio Larretxea errefuxiatua bahitzen saiatu ziren Hendaian lau polizia espainiar. Haiek harrapatu eta kartzelatu egin zituzten, baina aste gutxiren buruan askatu zituzten Frantziako epaileek. Urriaren 15ean Joxi Zabala eta Joxean Lasa errefuxiatu tolosarrak bahitu zituzten Baionan. Bion bahiketa eta desargetzea izan zen BVE erakunde parapoliziaren oinordekotza hartuko zuen GALen lehen ekintza.
Atxiloketak, epaiketak, konfinamendu eta deportazioak, inoiz eten ez baziren ere, indarberritu egingo dira 1983an GAL agertu ondoren. Abenduaren lauan Segundo Marey hendaiarra bahitu zuen GALek, 14an aske utziz. Hil beraren 19an Ramon Oñederra Kattu errefuxiatua tiroz hil zuten Baionako Kaietenia tabernan. Abenduaren 28an Mikel Goikoetxea Txapela tirokatu eta egun batzuk geroago hil zen.
GAL erakunde parapolizialak errefuxiatuen aurka ekintzaren bat egiten zuen bakoitzean, Frantziako poliziak ez zuen batere grinarik erakusten ekintzaileak jazartzeko. Atentatua izandako ingurunera hurbiltzen ziren iheslariak idenfitikatzen ahalegin handiagoa egiten zuten. Tiroketaren baten ondoren atxilotutako GALeko ekintzaileak eta antzekoak denak libre uzten zituzten epaileek.
1985a amaitzerako 30etik gora ziren Frantziak deportatutako iheslariak, konfinatuak, berriz, 50etik goiti, estraditatuak edo herrialde jakin batzuetan bizitzeko debekua zutenak 70 inguru. Deportatuak 50en bueltan zebiltzan 1987an: Aljerian, Cabo Verden, Ekuadorren, Kuban, Panaman, Sao Tomen, Togon eta Venezuelan.
Ordura artean atzemandako iheslariak kartzelatu, konfinatu edo deportatu egiten zituzten eskuarki. 1986ko uztailean agintariek ekimen zahar bat berritu zuten, Txema Lopez Varona iheslaria Donibane Lohizunen atxilotu, eta Espainiako poliziaren eskuetara entregatu zuten mugan.1989ko iraila bitartean 193 iheslari entregatu zituen polizia frantziarrak.
Garai berriak ziren, aurpegi berriak zeuden agintean Madrilen ere, ardura konpartituak eta lankidetza zintzoak Madrilgo sozialista eta Ajuria Eneko jeltzaleen artean... GAL erakunde parapolizialak bere egitekoak egin samarrak zituen ordurako, eta hurrengo urratsa abian ezartzea baizik ez zen iheslariak atxilotu eta polizia baten eskuetatik besteenetara igarotzea, edo ahalik eta urrutien deportatzea.