Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Ramon Garciaren ama
Gogoratzen Ramonez? Bere amak idatzi dit esan dit Mariok.
Etorkinak dira haren gurasoak. Ez dira ezker abertzalearen pentsaerakoak. Zartada handia izan zen haientzat semearen atxiloketa. Semeari bisita egiten hasi ziren arte ez zuten imajinatu ere egingo zelakoak diren kartzeletako gorabeherak, kartzeleroen jarrera...
«Kaixo Mario, zelan zaude?
«Astelehena zen nire semea preso hartu zutenean. Alabak deitu zidan, ertzainek Ramon kartzelatu zutela esanez. Bi egunetara deitu zidan semeak Martutenetik, ongi zela esateko. Zortzi egun igaro arte ezin izan nuen ikusi; etxetik bost minutura zegoen, baina ezin egon berarekin. Dena beltza zen niretzat; asteburuaren zain hogei minutuz bera ikusi ahal izateko. Hogei minutu larunbatean eta beste hogei igandean. Horrela igaro ziren ondorengo asteak, beti asteburuaren zain, bisitaren zain nola ote zegoen ikusi ahal izateko. Egoera horretan, dena normaltasun batera etortzen hasi zen, harik eta egun batez, aurrez aurreko bisita bat egitera joan ginenean, ateko kartzeleroak esan zigun arte gure semea ez zegoela han. Amorruak hartu ninduen, eta ez dakit zelakoak esan nituen. Ez nuen ulertzen gizatasun falta hori, nire semearekin eta gure familiarekin izan zuten errespetu eskasa. Bi egunen buruan jakin genuen Palentziako espetxera eraman zutela eta ez zuela izan guri abisatzerik. Sasikumeak!
«Okerrena orduan hasi zen, Palentziaraino joatea astebururo, goizeko lehen orduetan, izotza eta elurra, bidean bizitza arriskatuz, semea hogei minutuz ikusi ahal izateko. Semeari askatasuna kentzen zioten bitartean, guri bizitza ari zitzaizkigun kentzen bidaiaz bidaia, egunez egun.
«Semea kaleratu zen egunean bila joan gintzaizkionean amaitu zen dena, beste senide batzuek jasan dituztenen antzeko istripurik edo okerragorik gertatu ez zitzaigulako pozik.
«Gure familiak enpatia handia die gaur egun euren senide presoak ikusteko hainbeste kilometroko bidaiak egin behar dituzten familiei. Egundo ez zaizkigu ahaztuko hilabete horiek, injustizia hori».
Ramonek ez zuen denbora asko egin hemen, ez nintzen moduluan berarekin batera. Gogoan dut, hala ere, lehen graduko modulutik bisita lekura zelan eramaten zituzten, Ramon aurrena eta Mario ondoren, hiru kartzelero bizkartzain zituztela. Bisita lekuan izan nituen Ramonekin eta bere gurasoekin hitz egiteko aukera bakarrak.