Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Sareak leiho

 

1937an jarri zen abian Santoñakoaren ondoren sortu zen espioitzarako eta presoei laguntzeko erresistentzia taldea, hogeitaka partaiderekin. Jendea mugan igarotzen aritu ziren besteak beste. Sare honetako kide bat, Rafael Gomez Jauregi, Guardia Zibilak tiroz hil zuen Oreretan, 1977ko maiatzean, Amnistiaren aldeko astean.

        Talde hartakoa izandako Modesto Urbiolaren adierazpen batzuk jaso ditugu:

        «Jende ugari eraman genuen Frantziara. Leku guztietatik zetorren jendearekin genbiltzan. Nahiz eta gure sarea Alderdiarena (EAJrena) izan, beste talde askotako jendea lagundu eta talde hauen agiri asko pasatu genituen. Oroitzen naiz Pasionaria, Negrin eta abarrentzat eskutitz mordo bat pasatu genituela. Arrotxapean topagune bat genuen. Hortik Baztanera joaten ginen. Han beste jendearekin mugaz bestaldera. Egun batez, familia bereko zazpi pasa genituen. Frantziatik ostera, sendagaiak eta arropak ekartzen genituen presoentzat. Nire etxean gela bat genuen haiendako botikaz eta arropaz betea».

        Informazioa ere biltzen zuten, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan ipintzeko. «Mendebaldeko Pirinioetako gotorleku frankistak, Euskal mugan burutzen ari diren gotorleku eta eraiki lanak, Itsasportuetako ontzien sarrera eta irteeren mugimendua...». Hau bezalako izenburuak zeuzkaten txostenak ematen zizkioten Jaurlaritzari. Jaurlaritzak, berriz, informazio hura handizka pasatzen zion Frantziako Armadari, Euzkadi askatzen lagun ziezaion.

        Parisen, baina, makur jo zien kukuak askatasun amets laino haiei. Hala, 1940ko ekainean kapitulazioa sinatu eta Alemaniarekin hitzarmena adostu zuen Frantziako gobernu kolaborazionistak. Hori ikusirik taldea desegitea erabaki zuen euskal erresistentziak, Gasteizen egindako bilera batean.

        Ordurako sare hartako partaideen goitizen eta ezaugarriak frankisten eskuetan zeuden. Avenue Marceauko Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitzan naziek atzemandako txostenei esker, Gestapok frankistei emana zien erresistentziaren berri.

        1940ko Gabonetan erori ziren Baztangoak, eta 1941eko lehen egunetan gainontzekoak. Luis Alaba heriotzara kondenatu zuten antolaketaren arduradun jota eta hil egin zuten. Kartzelaldi luzeetara zigortu zituzten besteak.

        Honela azaltzen du sarearen jarduna Ignacio Maria Barriola sendagile donostiarrak:

        «Gudariak espetxeetan sartu zituztenean, orduan hasi ginen. Lehenbiziko kontua espetxean zeudenak laguntzea izan zen, gero izan zen espionajea, hemengo datuak bildu eta beste aldera pasatu.

        «Bisitak egin behar izaten ziren gehienbat, errekomendazio bila, heriotza zigorrarekin zeudenen alde. Hemengo nuntzio zegoenarekin, Antoniuttirekin, bi edo hiru elkarrizketa izan nituen heriotza zigorrak zirela eta.

        Parisen alemanak sartu zirenean, han joan ziren gure historia eta paper guztiak... Paper guztiak harrapatu zituzten. Paper horietan, ez dizut esango gure argazkiak zeudenik, baina han argazkituak geunden gu. Tiroa zuzen bota zuten, bazekiten gu zein ginen.

        «Bakoitzak ahal zuena egiten zuen. Gomez Jauregik Pasaiako mugimendu guztia zaintzen zuen, portuan lan egiten zuen eta. Beste batzuek militarren joan-etorriak, eta horrela. 1938an izen handiko gatazka izan zen Ebrokoa, eta hara zihoazen tropa guztien datuak eman genituen».

        2004ko abuztuaren 15eko Berria egunkariak, Bigarren Mundu Gerran mugalari eta laguntzaile ibilitakoen testigantzak dakartza, Gisele Lougarote-ren Dans l´ombre des passeurs (Mugalarien itzalean) liburuaren argitarapena dela-eta. Frantses Indar Libreak izeneko sarea osatzen zuten:

        «Gazteegiak ginen horretarako!... Haatik, banekien Alemaniara eramana izatea arriskatzen nuela. Ez dakit zergatik egin nuen hori. Gauza batez segur naiz hasteko. Alemanak ez nituen maite. Preso sartu banaute ere ez naiz damutzen.

        «1942ko abendu bukaera zaila izan zen bereziki: astea ibiltzen iragan nuen, kasik beti elurretan», dio Lambert Blasquiz mauletarrak, eta muga lanetako pasadizo hau berritu du: «Ehun eta bederatzi gizon bata bestearen gibeletik elur gainean, pentsa! Berriz kontatu nituen balekibale, eta bi galdu nituela ohartu nintzen! Han eta hemen haien xerka ibili eta guztiak atzeman nituen azkenean, ez dut behin ere nehor utzi nire gibelean».

        Jean Crouzet miarriztara Luzaiden atxilotu zuten 1943an; handik Miranda de Ebroko kanpamendura eraman zuten, eta hiru hilabete geroago askatu, gari eta irin zaku batzuen truke.

        Urte haietan 120.000 pertsona inguru saiatu zen Pirinioetako muga igarotzen. Uste denez % 80 mugara heldu aurretik atzitu zituzten, beste ia 4.000 Pirinioetan harrapatu eta deportatu egin zituzten; eta 700etik gora desagertu ziren mendian.

        Hala ere 1940 eta 1944 bitartean 7.500 jendek ere igaro zuten muga, juduak gehienak, eta Euskal Herritik beste inondik baino gehiago. Batzuek diote bazirela berrogeita hamar sare Frantses Indar Libreetan antolatuak.

        1943ko martxoan, 17 urte eta erdi zituela, bere ahizparekin atxilotu zuen Gestapoak Gracieuse, Izpurako sortetxean. Torturatu, eta lehenik Alemaniara eta gero Austriara deportatu zituzten. Kontzentrazio eta suntsiketa barrutietan sartzen zutenari jantziak, argazkiak eta gauza pertsonalak kendu eta presoen jantzia ematen zieten, izena kendu eta zenbaki bat ezarri.

        «Gertatu direnak ezin dira ahantzi —dio Gracieusek—. Ez dira ahantzi behar... Ravensbruck afrusa izan bazen, Mauthausen oraino gehiago... Han sartu gintuztelarik, ikaragarria izan zen, ezin sinetsia. Gizonak arrunt biluzik, kanpoan kateatuak. Gau betean, deiak, miaketak, biluz gintezen zioten oihuak. Izigarrikeriak egiten zizkieten gutariko zaharrenei. Gorputz osoan ileak kentzen zizkieten hasteko. Gazteentzat kanpamenduko putetxea. Mauthausenen fusilatu dute, ito, erre... Azken egunak bortitzenak izan ziren. Gure inguruan, alde guztietan gorputzak. Gorputz zapartatuak, zangoak, besoak, labe erretzailea beti martxan... Batzuek diote ezinezkoa dela. Alta, egia da. Alemaniara heldu aitzin ez nekien kanpamendurik bazenik».

        Mathausengo barrutian badira euskal herritarren hirurogeita lau gurutze.