Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Esklabotza distiratsua

 

Fotokopiak eta ohar batzuk eman dizkit Mariok iluntzean ziegak ixtera doazenean, eta horietatik ohar batzuk hartzen hasi naiz. Ramon de Galarza, Sukarrieta batailoiko kapitana, Santoñan hasi zen egunerokoa idazten, eta Larrinagan jarraitu, 1938an Burgosko kartzelara eraman zuten arte, heriotza zigorrera kondenatutako beste seiehun bat presorekin batera.

        Burgosen egunerokoa idazten jarraitzea, bizia arriskatzea zela dio. «Edozer huskeriarekin zigortzen zuten jendea, hilabete batez edo biz bakartze ziegan ogia eta urarekin edukiz. Handik bizirik irtenez gero, autoen kurpil zatiekin egindako belaunetakoak zeneuzkan zain. Belaunetako hauen gainean belauniko, baldekada urak hartuta, arpillera zatiak eskuetan, 70x50 metro inguruko patioa garbitu behar zenuen; udako egusentietako freskuran edo negu hotzetako izotzetan. Baldekada urak, bota orduko izozten ziren patioan. Mantecon presoa zen garbiketen arduraduna, hiltzaile aitortua, inguratu eta hankekin esku izoztuak zanpatzen zizkien garbiketan ari ziren presoei.

        «Lehen hiru urteak ikaragarriak izan ziren; fusilamenduek, erruz mermatzen zuten presoen kopurua. Tuberkulosia, tifus exantematikoa (zorri berdea), sarna, eromena... eta gosea...».

        Larrinagatik joandako 600 haietatik 200 bat atera ziren bizirik. Kinka hartan, 1938ko Aberri Egunerako agiri bat atera zuen Euzkadi Buru Batzarrak.

        «... zeren, Euzkadi desegin nahi duen tirania gaiztoaren aurrean, gero eta sendoago eta puskaezinago baita gure gogoa bere bizia salbatzeko, bere askatasuna berreskuratzeko eta etorkizuna ereiteko.

        «Fede honekin, itxaropen eta maitasun honekin eman zuten beren bizia hainbat gudarik aberriaren zapaltzaileen aurrean. Fede honekin, itxaropen eta maitasun honekin onartu dute heriotza gure martiriek Euzkadiren borreroen aurrean. Fede honekin, itxaropen eta maitasun honekin jasaten dituzte gure erkide presoek euren esklabotzaren gogortasuna eta euren egun lazgarrien ziurgabetasuna. Fede honekin, itxaropen eta maitasun honekin bizi dira Euskal Aberriaren seme-alabak Euzkadin eta erbestean.

        «Ez dute gure Aberria indarkeriarekin desegingo. Zenbat eta bortxatuago, are gogorragoa izango da gure erantzunerako joera. Jakin dezala munduak, 1938ko Aberri egun honetan. Inoiz baino piztuago eusten dio Euzkadik bere protestari, inoiz baino garaiago du bere zuzenbidea, tirabira handienean bere borondatea.

        «Erbesteko eta munduko Euzkotarrok, aldarrika ezazue Ideala, eta goretsi ezazue zeuen portaerarekin.

        «Espetxeetako aberkideok, zuen esklabotza distiratsuaren egun bakoitza, Aberri Egun garbi, ernalkor eta etorkizun handiko egun bat da.

        «Jel-eko hilok! Lor ezazue Euzkadirentzat Jaungoikoaren bedeinkapena 1938ko Aberri Egun mingarri honetan».

        Esklabotasun distiratsu hartan —«Vuestra lumninosa esclavitud»darabil orijinalak erdara hutsean—, kartzela haietan, alegia, 25 watteko bonbillak zeuden, eta ez zen luminosidade makala izango, preso larrituen bihotzetakoarekin alderatuta.

        Baina Aberri egunak eta agiri handiak gorabehera presoek barruan jarraitu zuten. 1939ko apirilaren lehenean, Espainiako errepublika errenditu zenean, 100.292 prisionero zeuden. Hilabete gutxi egin zuen kopurua bikoiztu zedin, eta luzaroan jarraitu zuten mardul gatibutzaren zerrendek.