Nik neuk, Vladimir Ilich Ulianov,
goizaldeko bost'erdietan termometroko
merkurioak zeropeko hamalaugarren
marra inguruan balalaika jotzen
ari delarik, zera adierazten dut:
Primeran nagoela hemen, zaindariokin
solasean, oso gustora, urrundik ere
ez naizela partidu sozialdemokrataren
partaide, bai zera, ez dudala nik
langileen artean propagandarik hedatu,
beste zeregiterik ez daukat eta,
etxean ageritako panfletoak egibitartekoak
biltzeko baino ez ditudala erabili.
Bota zaizkidan beste galderetaz, zera,
nik ez dakidala nor kristo den Zaparotetz
famatu hori, eta nahiago nukeela oro har
asuntu ilun hau ahantzea, eta hor konpon,
Mari Anton. Baita ni ez naizela ni
naizena ere, bera dena baino, eta etxe
bedeinkatu honetan, Jaungoikoak gorde
beza, inork ez didala eskua gorputz
gainean jarri, alafedea.
ULIANOVen DEKLARAZIOA
Polizia zaristak atxilotua izan zelarik, Leninek egin izan zezakeen deklarazio xelebrea.