Gauerakoan
Gauerakoan
1984, poesia
64 orrialde
84-398-1079-2
Kepa Fernandez de Larrinoa
1958, Bilbo
 
 

 

Agurtzera natorkizu

 

Agurtzera natorkizu gau beltzean,

topatzen nauzun

izkina izkutatu eta ixil honetan

zure zain nagokizun

bitartean.

 

Eguna.

Segundu, minutu eta ordu guztien

bilera geraezina,

iraganaldi sufrituaren oraina,

bizitzaren ordaina.

 

Laguna.

Neskato begi-ilunduna,

egunsentiarekin etorria,

hilargiarekin ihes egina.

Zergaitik

hain berandu niregana ailegatu?

Zergaitik, ordez,

hain errez ni abandonatu?

 

Badakit

noruntz abiaturik zaren jadanik.

Badakit

aspaldi honetan

elkarrengandik aldendurik

—jakin ere—

gaudela ordudanik.

 

Gau beltz honetan ere

hautsari hots egitera naiz zuzentzen

atzoko bazter ikusezinetik,

zure alegiazko jantzi deskoloratuen

aitzinean.

 

Nongo lurpean

betiko atsedenaldia

atsegin duzun

aitortuko banizu,

aldamenean sortzen zaizkizun

brioleten usai berritsuaren bidez

ulertuko zenuke

zergaitik diraudan negarrez.

 

Eternitatearen etenean,

denborarik gabeko harri-zulo hotz honetan

guragabetsu dihardudala,

amaibako ixiltasunak tristatu egiten du

munduari bidaltzen diodan

zuri kantatutako poema bizitu hau.