Buruz buru
Buruz buru gaude egun
aldendu egingo ote garen
aukeran.
Elkarri gatozkio gaur,
goizak zer ekarriko ote digun
bildur izanik ere.
Alaien ikusten zaitut, maite,
ederrena baitzara irrifarrez.
Ikarak nago, ostera,
hemen, bazter ilun honetan
negarrez,
dardarez.
Elkartu gara biok arrosa kolorezko
gela huts honetan.
Banuen pentsaturik pintura, koadro edo eskultura izeneko
hainbat irudiz
zure etorrerak janztea.
Zenbat aldiz asmatu dudan nik zure ederrezko
forma enkantagarri, gogoa
neuregandik joanik.
Agian,
gogoramen-paradisuaren ur-doinu jarioak mozkorturik;
beharbada,
ahanzkaitzetik ihes egin ezinik;
edo,
akaso zer ote dakit nik...
Zenbat aldiz ihardun dudan, hemendik
zeren bidez irtenbiderik bilatu nahirik.
Bero eta hotz.
Dagoenean bon-bon:
dagizula on!
Ez dagoenean, hor konpon:
jarraitu han berton!
Hona hemen bizitzaren bitasuna,
hara non desioaren hots.
Paret hertsi, bukaezin hauezaz
bestealdean
non izkutatu zaren
deika nagokizu, egon.
Eta, xurrumurrua... emeki-emeki,
ia nerau konturatu egiteke,
jaun eta jabe dateke,
amets edankorrean barrena
naizelarik joaki.
Egia erranen nizuke
isilduko banintz.
Nola, ordea,
lehortu iturria,
Urik ezik
ipar izarrak arnasa bialtzen badit?
Bisitan etortzen zarenotan
leihoa, argizuloren bat bila dezazun
nahi nuke nik,
ikusi gura baitut,
bai,
zeruertz gorrituaren begirada;
entzun gura baitut,
bai,
ume negartien balada;
ikutu gura baitut,
bai,
haize geldituaren hegala;
musukatu gura baitut,
bai,
goiz argituaren xurrumurru makala;
besarkatu gura baitut,
hamaika aldiz... bai!,
bizitzaren hatsa.
Zeu nirekin ez bazina
nork sinestaraziko lidake
giza gezur hau,
nork adituko luke
ilunpeko nere oihu ito hau;
nork ez luke ukatuko...
behin betirako egunsentian
joan beharko nukeenik?