Gauerakoan
Gauerakoan
1984, poesia
64 orrialde
84-398-1079-2
Kepa Fernandez de Larrinoa
1958, Bilbo
 
 

 

Ni nor naizen ez dakidan honi

 

Bat, bi...

hona etorri,

hara joan.

 

Hiru, lau...

izerdia atera

eta ekin gogor.

 

Hau badago

beste horri falta zaio.

Zertan habil?

 

Klin klin klin...

betiko zarata,

metalezko hots.

 

Gaua.

Hire gose asegabea,

nire atsekabea.

 

Kra kra kra...

karru madarikatua,

noiz isilduko ote haiz?

 

Hemengo hau

hara eraman,

horko hori

honuntzago ekarri,

hango hura

ez da egoki;

oraingo berriak kontatu behar,

baina komeni zaigun haina.

«arin, arin

motel,

astirik ez diagu eta» .

Gaueko abotsa,

nagusien adimen hotza,

egundaino gelditu ez den

erlojuaren orratz zorrotza.

 

Buelta bat, beste bat.

Hirugarrena,

laugarrena.

Azkenekoa.

Odola atera orduko,

nora joan behar?

 

Kra kra kra...

karru madarikatua,

noiz isiluko ote haiz?

 

Harri puntalatuak.

Oztopo txikiak eta handiak,

ikusten ez ditugun

eragozpen traidoreak,

hor-han-hemenka dautzan

suge beltzak.

 

Beste aldetik

ni eta hi.

Biok bakarka.

 

Kra kra kra...

bidearen garrasia,

ilunpeko abesti mikatza.

 

Marmiten musika sakratua,

gaueroko burdinazko agurra,

partitura zuhurra,

joan-etorriaren ibilbide kaxkarra.

 

Karru zahar hori,

zergaitik nire atzetik?

 

Gauerdiko enparantzan,

egunsentiko esperantzan

gogoratzen diat nik

hire deihadar-hotsa.

 

Kantu garratz hori

ez dario edonori.

Soinu zahar hori

doakio bidean dagoenari.

 

Zurak, harriak eta burdina,

izarpeko ibilaldi urdina,

hilargiaren zuri kolore argia,

nire geroaren grina,

hire desatsegina;

alegiazko irudi nabarra,

udaberriko txio garbia,

hiregan dagoen marmara,

etorkizunaren habia.