Norakoak?
a)
Beldurrez
konposatzen zaidan irudiak
egunero ohi dakarkit
diruz
eraikitako paisaje mutua;
ametsetan dudan gogoak
ezin du sendatu
indarrez isildutako hitz mindua.
Gauez gero
negar egindako goizak
busti egiten dit
desesperantzazko basamortu zuria;
egunsentiko argian, aldiz,
maskaratu egiten zait,
barrez,
begi nekatuon begirada kaskarrau...,
lanez
sorturiko ideia leialek
erantzun gisa jasan behar dituztelarik
hotzez
jantziriko hots zaharrak;
zergaitik honen bizimodu zatarra?
zergaitik lotsatu ni,
nagusia nagusi den kontrako alboradan?
b)
bizitzaren burrukan
negarra dario gaur
atzoko esperantzari:
hiri estuaren hormetan
denboraren seinaleak
bihotzaren baitan finkatzen baitira,
noraezeko ibilaldian
galtzen naizelarik.
Zimenduzko erraldoi baten artean
lan isilduaren historia agortua,
izengabeko ibiltarien bizimodu sakrifikatua,
ke tarteko arnas estua.
Jokabide latza,
sasoi mingotsa.
c)
Kitarra jole gaztearen
nota gosebera plazaratu berriek,
azken hatsa izkutatzen didaten
paret lodi, astun hauen artean,
topo egiten dute
gorren zorabioa;
lau haizeetara botatako
mezu hegalariak,
bortxaz isildutako
mutuen ahoan,
bilatzen du
sekulako pasadizoa.
d)
Kaleetan zehar noa,
bakarrean,
bidean zeruertzea ikusiko ote dudan
esperantzan.
Baina,
pixkat geroxeago,
ohean neketsu, arrenkuratsu
logaizkatu ala,
neure buruari itaunduko diot:
«Non ote dira behar pertsona libreengan mugarriak?»
e)
Askatasuna!
joana zara,
zure zimarkuak niregan iraun nahi du baina;
luze egiten zait
zure hemengoaren eza.
Areago sartzen zait,
baitan,
denboraren igaropen ahituaren ezpata.
f)
Hil-dantzaren jauzi musikatuak
gorputza daroa hara-hona
txistuaz mozkorturik,
denboratasuna ihesi zaidala gauean,
lurrun bihurturik.
Nork lerrake, ni ikustean,
zuregana joan nahi dudala?
Nork labur lezake
pausoon gose kexkatiaren antsia?
Soinu ritmikoa,
mugimendu konpasatua,
barruan loratzen diren
nota femeninoak,
begien desio izkutua.
Hauxek dauzkat
kontrolatu ezin ditudan sentimenduak.
Bizitzak amaiera pairatzen duela
ez dut orain sinestu nahi.
Nire gogoeta eroak
ezin ditut une honetan nirekiko
gorde...
eta zuengana,
beso, hanka, oin eta gerri
su-bihotzak eraginik,
hilaren azken hatsa
biziro moteltzen den bitartean,
infernuko dantzari pekatariek ere
lagunduta, estuka
dizuet zuzentzen
oraingoxe taupadaren boza.
Bizimodu zibilizatuaren zeregina,
ezezagunen betebehar bakartia,
denok sufritu izan dugun
erantzunik gabeko deihadar basatia;
Oizen sua,
txalapartaren deia,
elkartu behar dugun seinalea.
Betiko egiaren aurrean
zai zaudekidala,
utopia zapalduen irrintzi izuorrak
eztarri librean bilatu nahi du
askazioa.
g)
Askatasuna!
dantzari agoniatsua.
Gure tartean
zaila duzu topatzen
hilobia.
Akerbeltzaren udaberriko ritoetan,
kobazuloen iluntasunaren babespean
bota behar duzu mandatari fededunen garizuma usteldua
Noiz arte izkutua?
Noiz arte isildua?
Noiztik itsutua?
h)
Marginatuen jaia bukatuz doa,
hilargibetearen solas inprobisatua
askatasunezko errautsak,
gauzaleen zelai, belardi gosatien
orlegi reibindikatuan, lasai, leunki,
pitin-pitinka zabaltzen dituen batera.
Dantza debekatuaren pizkundea,
behinolako saltoen eraso agindua,
egunsentiko ihes nekatuaren adioa,
herioak dakarkidan atsedenaldi maitatua,
paketsua.
Zuregan nago, azkenik,
egun berriaren
argipean itsuerazirik.
Zurekin, halaber,
igerika nago,
ahaltsuek mugatzen duten
libertatearen itsas ur erotikoetan
erabat txunditurik
murgilduta.