Bost axola dio
a)
Odol gorriz galduriko ikurrinean
oihu bihurtu zen
herriaren grina.
Zeru griska euritsuan
lanbro fina azaldu zen
zotinka.
Udazkeneko azken egonaldi eztitsuan
bazihoan
uso zuria arinka.
b)
Gazte, zahar nahiz ume,
bata bestearen ondotik
urrundu egiten gara
elkarrengandik.
Milaka bialtzen gaituzte,
Handiki zikinok!
ondoegi konprenitzen ez dugun
mundu honetatik nora goazen ere
jakin ezinik...
hantxe bertan
denok berdin garenik
sinestu izan nahi gaberik.
Bortizki bialtzen gaituzte.
Elkarrengandik urruti,
bakarrean,
beldurraren isilpean...
bizitzari eskatu nahian
poemattoren bat.
c)
Hemen betiko ezaren eza,
ihesa ez baitugu erreza.
Hemen mugadura,
atalaia honetatik dakusadan
kateaturik dirauen hegadura.
Itsaso eta mendia.
Biak beldurrez jantziak,
etsaien banderari josiak.
Zeinek hil du kabian uso txuria?
Altxatzen dut burua
baina ikusi ez argia.
Zergaitik jarraitu bizia
galduz gero esperantza guzia?
d)
Gor bihurtzen gaituzten oihu entzungaitzak
hezurmuinetarako sartzen zaizkigu,
gertakizun pentsaezinak iruditu ala.
Nora joan zaizkigu
aspaldi hartan modurik ederrenean,
jira-biraka, libreki aidean, zamagabe,
inguratu gintuzten ilusio neurgaitzak?
Hara gu gizakiok,
ausartzen naiz ni galdegiten
auskalo zerk sorturiko bizidun herio ekarle madarikatuok,
non gordeko ditugun begi odoltuxeak
albokoen hautsa gurean erantsiz gero.
Baina bost axola dio.