Gauerakoan
Gauerakoan
1984, poesia
64 orrialde
84-398-1079-2
Kepa Fernandez de Larrinoa
1958, Bilbo
 
 

 

Apirilaren lau egun

 

Lau egun izan dira,

zein baino zein sinpleagoa.

Lau egun izan dira

zein baino zein arinagoa.

 

Laurok ederrak izan dira.

Laurok niregan betirako finkatu dira.

Lau egun izan dira,

eta izena dute Apirila.

 

Gau bakoitzean

oinak busti izan ditut itsasertzean.

Gau bakoitzean

oinak estali ditut

uhin nahastuaren hondakin ernaiez.

Lau gauotan,

sentitu dut soinean

libre bizitzearen hunkipen izutua.

 

Lau egun izan dira,

eta laurok baitan geratu dira.

Lau egun izan dira

eta lauotan sentitu naiz mutila.

 

Lau egun joan dira

eta laurok gogoan errotu dira.

Lau egun besterik ez dira

eta barruan daramat beraien desira.

 

Lau egun loratu dira...

eta izena dute Apirila.